Txikitan ikasitako doinuen jatorrizko lurretara iritsita, 2016an ezagutu zuen Argentinan Silviak Juan gitarra-jotzailea, eta bat-bateko enkontruan, txunditurik begiratu zion abeslariak gizonari: gitarra besarkatzeko haren manera, zein libreki astintzen zituen espainiar gitarra zaharraren kordak… Istant batean aitaren irudia etorri zitzaion gogora.
Silviak gertu-gertutik jarraitu zuen harrezkero Juanen ibilbidea, eta ogibidearen ajeak tarteko, musikari misteriotsu harekin berriro topo noiz egingo ibili zen emakumea. Gizakiak beren artean konektatzeko sare sozialen ahalmen globalizatzaile unibertsala erabili nahi izan zuen Juanen sare fisikora gerturatzeko; hala ere, gizona garai analogikoetan jaiotakoa izaki, ez zituen ikusi Instagramen Silviak utzi zizkion laudorioak eta proposamenak.
Iritsi zen sei urte luzeren ondoren topo egiteko eguna, abeslariak bai baitzekien itxaroteak zuhaitzaren fruiturik gozoena dastatzeko aukera ematen zuela, eta, hala, Madrilgo Cafe Berlinen ikusi zuen bigarrenez gitarrari itsatsitako gizona; hari, berriz, nork edo nork aipatu zion Silvia Perez Cruz izeneko abeslari entzutetsu bat kontzertura etortzekoa zela, baina 40 urtetik gorako eskarmentua bizkarrean, milaka musikarirekin oholtza partekatu ondoren, ez zuen Argentinan izandako lehenengo hartu-emana gogoratzen. Hala eta guztiz ere, bere lantaldekoei kasu egin, eta emanaldiaren bisean oholtzara igotzeko esan zion emakumeari.
Gau hartatik hona urte asko igaro dira, eta Silviak estu eutsi dio Juan Falú musikariaren kordei: disko bat grabatu dute Lentamente izenekoa, eta bira bat egiteko aukera izan dute Argentina eta Brasilgo folklorea jendeari erakutsiz, neskatxak aitaren alboan kantatzen zuen Alfonsina y el Mar abestia berriro abestekoa. Donostiako Kursaalean izan zen bikotea orain dela gutxi, eta aukera izan genuen elkarlan magiko horren lekuko izateko.
Magikoa diot, bat-batean eta espero gabe topo egiteak oraindik ere baduelako ahalmena lotura esanguratsu bezain emankorrak sortzeko. Enkontruaren zioa zoriaren fruitu den ez dakigu, ez dut uste kasualitateak kasualitate direnik, baina Silviak Kursaalean kontatu zigun istoriotxo honek argi utzi zidan premia dugula elkarrengana hurbiltzeko, elkarrekin lan egiteko eta sortzeko, hori izango baita lubakiaren bestaldekoari aurre egiteko modu bakarra.
Jarraian dituzuen proposamenek ere asko dute elkarlanetik, eta ziur batzu-batzuk bat-bateko topaketak izango dituztela jatorri. Gozatu!
XAK

Euskaraz sortutako musikak utzi ditu hainbat perla aurten, eta oraindik zirraraz entzuten ditugu Xabier Badiolaren lehen diskoa, Maite Larbururen Maizter ederra edo Mahl Kobat ondarrutarraren abestiak. Beste harribitxi batez hitz egingo dugu gaur, Paxkal Irigoyen artista baxenafarraren proiektu berriaz, Xak izenekoa hain zuzen ere.
Sei abestiz osatutako lan honek Irigoyenen mundu pertsonala erakusten digu, haren ahotsa baita protagonista gitarrek jositako ingurunean. Sentsibilitate handiz egituratutako abestiak dira, eta hain gustuko dugun rockaren jantzian sartzen dira, esperimentaziorako unerik ere baden arren: horren adibide Usaiak, musikariak xilofonoak eta txaloak gehitu ditu, aldarte jostaria bezain intimoa sortuz.
Hamaika musika-taldetan aritu ondoren, Xak-ek poz handiak ekarriko dizkio Irigoyeni, haren eskarmentua eta talentuak ezin hobeto uztartu baitira kantu-sorta honetan.
MILLEDENIALS
IGANDEAN – BONBERENEAN

Urrutitik dator Milledenials boskotea, Indonesiatik alajaina. 2020an hasi zuten ibilbidea eta emoa, shoegazea eta popa nahasten dituzte, eta abeslaria emakume izateak eta ingelesez kantatzeak eragin du Paramore edo Avril Lavigne musikariekin antzekotasunak aurkitzea. Antzekotasunak alde batera utzita, Milledenialsek badu ahalmena entzulea beste garai batera lekualdatzeko milurtekoaren hasierara; nire belaunaldikoek talde asiarra entzutean My Chemical Romance, Incubus edo Linkin Park amerikarrak ere gogoratuko dituzte, gure nerabezaroko soinu-bandaren zati handi bat.
Bost EP argitaratu dituzte, eta azkenekoarekin It’s Terrifying and it’s a shame (Beldurgarria eta penagarria da euskaraz) aukera izan dute Europan aurkezteko: Danimarka, Alemania, Belgika eta Katalunia bisitatu dituzte, eta biraren azken geldialdia Tolosan egingo dute igandean, Bonberenean.
Aukera paregabea izango da urruneko taldea zuzenean deskubritzeko, eta ez zaizue damutuko noizbehinka nostalgiko jartzen zaretenoi.
ANDRAGORAKO
ZINEMA IBILTARIA 'KONPAINIA ONAK'
06/13 - IKAZTEGIETAN

Andragorako Zinema Ibiltariaren aurtengo azken emanaldia izango da Silvia Munt zinegilearen Konpainia onak filma, 2023an estreinatua Malagako Zine Jaialdian. Pelikulak Bearen ibilbidea aurkezten digu, Basaurin, 70eko hamarkadaren amaieran, gizarte-mugimenduak borborka. Istorioak aurrera egin ahala, feminismoaren barruan lehenengo bilkurak biziko ditu, eta abortuaren auziarekin egingo du topo aurrez aurre.
Film honen bitartez Basauriko 11ken kasua aurkezten digu Muntek, auzi penal aitzindaria, hark sustatu baitzuen Espainiako abortuaren gaineko lehenengo legea. Sufrimendua eta borroka izango ditugu nagusi pelikulan, eta emakumeen arteko lotura indibidualak zein kolektiboak erakusten dira, mugimendu feminista Euskal Herrian hauspotu zuten gertaerak.
Filmaren proiekzioa amaitzean, betiko moduan, behar-beharrezko tertulia txiki (handi) bat egingo da, pantailan ikusitakoak eta errealitatean bizitakoak taldean partekatzeko, orain arte isilean bizitakoak ikusgai egiteko. Eskerrak eman behar dizkiegu Andragorako kideei halako ekimen interesgarria antolatzeagatik, eta espero dut eskualdeak behar bezala erantzutea, ikus-entzunezkoak akuilu baitira gizarte-egiturak birpentsatzeko.
'PUNTOBOBO'
ALEGIAKO IRAKURLE TALDEA
06/19 - 18:00

Hamabi urte igaro dira Itxaso Martin kazetariak bere lehenengo Ni, Vera argitaratu zuenetik, eta tartean antropologiako tesi bat ere argitaratu du. Hala ere, Alegiako Irakurle Taldeak Martinen bigarren eleberria Puntobobo aukeratu du ekaineko irakurgai.
Puntua bizibidetzat eta salbaziotzat duten emakumeen istorioa sortu du idazle donostiarrak, hortxe liburuaren izenburuaren jatorria. Josteko puntu mota horren inguruan biltzen da familia-loturei eta komunikazioari buruzko ipuina, errealismo magikoaren printzak ere tarteko. Heteroarauaren errealitate gordina kontakizunaren azpian dagoenez (guztia blaitzen duelako), printza magiko horiek irudimena eta kolorea gehitzen diote agertoki erreal horri, eta osasun mentalari nahiz familia barneko tabuei buruz hitz egiteko samurtasuna gehitzen.
Maiz, gai gogorrak jorratzeko goxotasuna behar-beharrezkoa izaten da, zaurietan gatzak erre egiten baitu, eta horretaz jakitun, Itxaso Martinek estilo intimista eta soila erabili du etxe barruko dinamiketan murgiltzeko.
Alegiako Irakurle Taldean Puntobobo liburua landuko dute Nora Urbizuren gidaritzapean. Interesa duenak jakin-mina besterik ez du beharko saiora joateko, ez baita nahitaezkoa liburua irakurrita izatea.