Hautu politiko bezain pertsonala da ama-hizkuntzan aritzea, nire kasuan behinik behin, eta etxean jaso duguna egunero freskatzeaz zein aberasteaz gain, betaurreko berezi batzuk ematen dizkit inguratzen gaituen mundu ezegonkor honi modu jakin batean begiratzeko. Hala eta guztiz ere, euskal mundu txikitik harago joan izan zait beti begirada: kanpora, atzerrira, ezezagunera… Lur arrotzetan egindakoak usain hobea izango balu bezala, neronek ere men egin diot askotan diglosiari, hots, hizkuntzen arteko botere-harremanen egoera desorekatuari, korporazio inperialista erraldoiek babestutako idolo prefabrikatuekin nire iruditeria
pertsonala eraiki bitartean.
Helduaroan geroz eta gehiago murgildu ahala nire uste asko deseraikitzen hasi naiz, gaur-gaurko kontzeptua: adibidez, gizon gisa irakurtzen nautenean ditudan pribilegioez ohartzeak ulertzen laguntzen dit zer leku hartzen dudan gizartean (eta zer egin dezakedan inguruko arazoen konponbide izateko); era berean sortzeko erabiltzen dudan hizkuntzak informazioa ematen dit kokapen pertsonal-unibertsal bati buruzkoa. Deseraikitze-prozesu horri lotuta, azken urteetan, etxera begira jartzeari esker seguruenik, behar bezala ulertu dut euskaraz sortzeak duen esanahiaz eta balioaz, hautu prekarioa izanagatik, zeinen boteretsua den gure kulturarentzat.
Horregatik, orain, ez dut beti kanpora begiratzen mundua ulertzeko, bai baitakit barnetik kanpora bizitzean dagoela koska.
Erabil dezagun Euskaraldiaren hilabetea euskaraz sortzen dutenei ere eskerrak emateko, gure barne-munduak zabaltzen laguntzeagatik. Hementxe dituzue maiatzean gozatzeko proposamen batzuk:
AMORANTE FRANTSESA
Miren Agur Meabe
Miren Agur Meabek narrazio poetikoa erabili du bere liburu berria atontzeko, helduentzako sortu duen bosgarren testua izango da gainera. Gaur egun, guztia sailkatzeko joera dugu, genero guztiek dute beren izena eta lekua liburutegian, eta horren aurka egitea beti izaten da buruhaustea joera hertsi horretatik kanpo bizi nahi duenarentzat. Meaberen hitzetan, «poesia erabiliz kontatutako nobela bat da» Amorante Frantsesa eta sailkapenak sailkapen, hiru asmorekin abiatu zuen idazleak lan hau: esperimentatzea, hausnartzea eta irakurlea errutinatik aterako zuen lan bat sortzea.
Agurtzane da istorio honetako protagonista, Bilboko institutu bateko atezaina, eta bere lantokiko ikasle bat hilik agertu ondoren, heriotza argitzeko ikerketa martxan jarriko du, detektibe amateur baten pare. Protagonista lau eremu fisikotan barrena ibiliko da, ikerketa horretan buru-belarri: tentsioa nabarmena izango da institutuaren nahiz etxearen, edo basoaren zein hiriaren artean, eta tartean amorante bat ere izango du bidelagun Agurtzanek.
Euskal letretan sari eta ospe handiak irabazitako idazleak beste behin erakutsi dizkigu sasoia eta jolasteko (esperimentatzeko) grina, oraingoan poesia fikzioaren zerbitzura jarrita.
SAGUXAR
Bonberenea. Maiatzak 23
Ane Segurola musikari eta ekoizle irundarrak iaz kaleratu zuen bere lehenengo diskoa, Sei mila urte, eta kritikaren arreta deitzea lortu du, esperimentazioaren bidez uztartzen baititu dream pop eta ambient doinuak. Estilo horiek ezagutzen ditugun arren, agian Saguxar izan da lehena bere belaunaldian esparru hori arakatzen; reverb efektuaren bidez (oihartzun edo sakontasun espazialaren sentsazioa eragiten duen efektua) geruzaz geruza sortzen ditu Segurolak abestiak, eta geruza-pilaketa horretan ahotsak funtzio berbera du, soinua gehitzea alegia, melodiaren mesedetan. Horregatik, asko jolasten du fonetikarekin hitzetan, hitzaren esanahia baino hitzaren soinua axola zaiolako.
Diskoaren azalean itsaspeko koral-herrixka bat agertzen zaigu, artistaren mundu pertsonalean murgilduko bagina moduan, nabarmena baita abestien jatorri emozionala. Elkarrizketaren batean aipatu du minak bultzatu zuela musika sortzera, bai eta min hori osatzeko grinak ere, eta iluntasunaz gain, argi-izpi biziak sentitzen dira lan osoan zehar. Elektronika esperimentala eta ambienta gustuko duenak badu zer entzun, eta aipagarria iruditzen zait lan osoa artistak berak autoekoitzi izana, ekinaren ondorioz lortutako emaitza handia.
Zuzenekoetan hasiberria izaki, aukera paregabea izango dugu Saguxarren unibertso intimoan murgiltzeko.
IKER MUNDUATE
Bonberenea. Maiatzak 23
Iker Munduate Thusberg multiinstrumentalista Donostian jaio zen, eta lotura estua du Finlandiako Mikkeli hiriarekin, jatorriz hangoa baita bere familiaren erdia. Bilbon Arte Ederretako ikasketak egin ondoren, soinua, arte bisuala eta diseinua ziren gehien interesatzen zitzaizkion diziplinak, eta horiek guztiak konbinatzen ditu bere ekoizpenetan, musika elektronikoa nahiz ambient doinuak. Aurten argitaratu du Argi Zantzuak izeneko lehenengo lan luzea, Hegoa diskak zigiluaren laguntzarekin.
Hainbat musika-talde nahiz eszenatan musika-tresna ugari joz parte hartu ondoren, dotore ekin dio bakarkako ibilbideari, lasai; hori baita Munduatek egiten duen musikaren ezaugarria, lasaitasuna. Giro bat sortzea du helburu, eta entzuleak hautatuko du entzuten duenari arreta emango dion edo hondoan uzten duen, ambient deituriko genero honek ez baitu erritmorik (ez elektronikaren bonbo dantzagarririk behinik behin) eta melodiak ere oso lausoak izaten dira.
Punkean hasi zen Munduate musikan, eta punkaren bat-batekotasuna alde batera utzi nahi izan du bakarkako ibilbidean, patxadaz entzuteko musika sortu baita, gizarteak ezartzen digun berehalakotasunari aurre eginez. Ziur asteko ajeak gainetik kendu eta asteburuari gogoz ekiteko lagungarri izango zaigu Munduateren kontzertua.
LANA
Leidor aretoa. Maiatzak 24
Osa+Mujika dantza-konpainiak sortutako obra berrian, izenburutik hasita, zuenean heltzen diote gaiari: besteen aurrean aurkezten garenean, gure nortasunaren zati handi bat balitz bezala galdetzen eta erantzuten dugu zertan aritzen garen, zer dugun ogibide. Hala ere, ez da erraza izaten askotan zer esan jakiten, sinesten baitugu lanak ematen digula lekua munduan, estatusa eta, ondorioz, duintasuna.
Jaiotz Osak eta Xabier Mujikak Lana aurkeztean aipatu dute beti gabiltzala lan egin ondoren etorriko den atsedenaren zain, eta bitartean gure osasun fisikoa nahiz emozionala geroz eta makalagoa bilakatzen da, iparra galtzeraino. Dantzariek askotan fantaseatu omen dute, egiten dutena utzi eta Correos-en sartzearekin, baina han ere tranpa berbera omen da.
Lanak gure bizitzan duen lekuari eta haren balioari tiraka sortu dute ordubeteko emanaldia: koloreekin zein jantziekin jolasten dute (dantza-konpainia honen indarguneetako bat, zalantzarik gabe), lan-unibertso berezi bat sortzen dute, eta dantzari bakoitzak jarrera jakin bat izango du, gure lan-kulturaren pareko: axolagabeak, nagusiak, obsesiboak, amarruz jokatzen dutenak…
Errealitateari estu-estu lotutako gaiari erantzuteko sortutako obra da Lana, eta egunerokotasuneko oroitzapen asko ekarriko dizkigu gogora oholtza gainean ikusitakoak.
ANABASA
Dena
Soinu zikina da Anabasa diskoaren ezaugarri handiena: garaje bateko argi-ilunetan sortutako abesti-sorta da Dena talde ondarrutarraren hirugarren lana. Garaje horretan, entseguez gain, aldarte bat sortzen da, amorratuta dagoenaren emaitza. Bulkada horretatik sortutako lanak hamar abesti ekarri dizkigu, amorruaren eta arnasa hartzearen arteko oreka zail horretan mugituz.
Erritmo aldaketak ezustekoak nahiz esperimentalak dira, eta abesti bakoitzak bide berezi bat egiten du, abesti bakoitza bidaia oso bat izango balitz bezala. Lehenengo entzunaldian beste edozein rock talderen antza hartuagatik, bigarren zein hirugarren entzunaldietan esperimentatzeko saiakeraz jabetzen hasten zara, eta barealdi eta oihuen arteko jokoan geroz eta gehiago murgiltzen.
Aipatzekoa iruditzen zait, Denak lan berri hau aurkeztearekin batera, fanzine bat prestatu duela, letrekin zein konposizioetan agertzen diren erreferentzia guztiekin, eta taldearen sorkuntza-prozesua gertuagotik ezagutzeko aukera ematen du.