Denboran pentsatzen jarrita, bada kontzeptu bitxia denborarena: guk geuk ingurunea neurtzeko eta, azken batean, kontrolatzeko sortutako kontzeptu berak kontrolatzen gaitu askotan. Denborak erabakitzen ditu gure hamaika erabaki, eta badu eragina gure aldartean, baldintzatu egiten gaitu, eta maiz gaizki sentiarazten. Ez al duzue etengabe presaka ibiltzearen sentsazio hori gorrotatzen?
Norbaiten edo zerbaiten ihesean korrika gabiltzala dirudi askotan, pertsekuzio-maniakoa sufritzen duen taldetzarra. Denbora eta dirua hertsiki lotzeak eragiten ditu gure presak, eta zenbat eta bizkorrago ibili denbora gehiago izango omen dugu hilabete amaiera/hasierako ordainagirientzako sosak aurkitzen. Lasterketa nekagarri horrek ez du tarterik uzten gertatzen ari dena behar bezala pentsatzeko, nahiko lan baitugu inguruko ezegonkortasuna nola edo hala surfeatzen, Orian bada ere.
Erritmo frenetiko horrek eragin handia du kulturan, nabarmenagoa azken hamarkadan sare sozialak finkatu ondoren, kultura-emanaldi oso batean arretari eusteko zailtasunak baititugu izan ere. Geroz eta bideotxo laburragoetan gure arreta bereganatu nahi dute sareek (enpresek), eta horrek eragotzi egiten digu aukera patxada nahiz hausnarketa sakonagoaz sortutako lanak jasotzeko. Eta nola ez du bada eragotziko? Egunero kontsumitzen dugun eduki-erauntsiak leher egiten gaitu, eta horren ondoren 2 orduko pelikula bat ikustea nahiz herriko aretora hurbiltzea odisea bat iruditzen zaigu.
Erlijioak gure egunerokoan eragin handirik ez badu ere (batzuentzat, behintzat) gure egutegian modu berberean oporretarako tartea izaten jarraitzen duenez, balio dezala Aste Santuko etentxo horrek oporretara joateko ez bada, patxada handiagoz kulturaz gozatzeko.
Hementxe dituzue apirilerako zenbait gomendio:
ITZULERA
04/06

Gustuko dituzue road movie-ak? Aspaldian ez dut batere ikusi, baina gogoratzen dut bat, asko gustatu zitzaidana, Nebraska izenekoa. Han, zuri-beltzeko herrialde zaharkitu batean egiten du bidaia agure despistatu batek, Nebraska helmuga.
Hala ere, gaur beste errepide-istorio batez hitz egin nahi dizuet: errepidea oholtzarekin ordeztu da hemen, eta Nebraska beharrean, Mexikora doaz konpainia bateko hiru kide. Antzezleak eurak, sormen-krisi batean murgilduta daude Etxepare Euskal Institutuaren diru laguntza jasotzen dutenean Mexikon dokumental bat grabatzeko. Baina dokumentalaz baino gehiago, bidaiaz arituko dira.
Zuzenean sortutako film baten antzera oholtzaratuko dute antzezlana aktoreek, hiru dira: Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala eta Urko Redondo, eta horiez gain, David Aguilar zinegilea izango dute oholtzalagun, zuzeneko irudiak sortuz eta horien errealizazioa eginez.
Kaosa, kolorea eta abentura uztartzen dituen antzezlana Villabonako Gurean izango da igande honetan. Ez galdu!
YES BASKETBALL
04/09

Normalean, gure galbahe xume honetan euskarazko sorkuntzari buruz idatzi ohi dut; hala ere, gaurkoan salbuespena izango dira Frantziako Yes Basketball hirukotea. Dibertigarria bezain interesgarria iruditu zait proposamena, hemen inguruan ez baititugu hip hopa, rocka eta psikodelia hirukotearen moldean nahasten, ez oraindik behinik behin. Erritmoak daude hip hop eta rocketik gertu, hitzak spoken word deituriko errezitaldi moduko bat dira, eta sentsazio orokorra psikodelikoa, koloretsua eta freskoa, udaberriari hasiera emateko ezin hobea.
Bigarren diskoa aurkeztera datoz, Medium Level izena jarri diote, eta ziur nago musikazale ugariri gustatuko zaigula beren zuzenekoa; rocka eta shoegaze-a maite dutenei; spoken word eta hip hop esperimentalaz gozatzen dutenei; irratian edo Spotifyko erreprodukzio-zerrenda ezagunetan agertzen ez diren doinuak deskubritu nahi dituztenei. Niri Run The Jewels, Aesop Rock eta Kae Tempest gogora ekarri dizkit diskoak, baina aldi berean, John Grant edo !!! (Chk Chk Chk) ere bai.
Taldeak bere burua aurkezteko erabiltzen dituen argazkietan erakutsi moduan, oholtzan ere menu bizia eta zaporetsua aurkeztuko digute, beraz gosetuta joan beharko dugu ikustera.
MAIZTER

Maite Larburu musikariak maizter kontzeptuaren inguruan sortu du bere bakarkako hirugarren lana, izen berekoa; espazioen maizter garela, gure gorputzean zein mundu honetan gure bizitza bizitzen dugula maizter izanik, eta kontzeptua ongi ulertu badut behinik behin, bizitzaren aldeko kantu bat da diskoa, elementu natural gizatiar bezain organikoez josita baitago. Larburuk, gitarra klasikoaz eta biolinaz gain, erreka, txoriak zein bestelako naturako soinu-hotsak gehitu ditu sentikortasun eta edertasun handiko lan honetan.
Soinu-bandak eta antzerkirako musika sortzen aritu ondoren, bakarrik proiektu bat sortzeko grinak eraman du lan hau ekoiztera, eta Badok-ek egin dion elkarrizketan onartu du «besoen artean kulunkatzeko» disko bat egin nahi zuela, horren adibide onena agian Erreka altzo abestia da, 70eko kantautore kutsu horrekin. Hamar abestiz osatutako diskoa bakarkako proiektu gisa aurkeztuagatik, baditu luxuzko gonbidatuak: Trobairitz abestian abesten dute Elena Setien, Miren Narbaiza, Olatz Salvador eta Uxue Alberdik, emakumezko trobadorearen ideiari buruz gogoeta egiteko.
Diskoa kaskoekin entzuteko gomendioa ematen digu Larburuk; izan ere, abestiek soinu binauralen tratamendua jaso dute Koldo Corellaren eskutik, beraz egin proba. Udaberri estreinatu berriarekin batean naturarekin konektatzeko disko borobila dela iruditzen zait, eta gozatu ederra izango dute euskal abeslari klasikoak nahiz Silvia Perez Cruzen antzerako musikariak gustuko dituztenek.
PUTAREN BAKARRIZKETA EROETXEAN
04/12

Franca Rame eta Dario Fo dramagile italiarrek 70eko hamarkadaren amaieran idatzi zuten Monologo della puttana in manicomi izeneko antzezlana, eta iaz, euskaraz taularatu zen, Xabi Martinez de Lezeak testua itzuli ondoren. Eroetxean sartu duten prostituta bat agertuko zaigu oholtzara, eta publikoak ikusten ez duen mediku bati ariko zaio hizketan.
Hizketan arituko dena, eta obra honetako izarra, Laura Penagos aktore kolonbiarra da; jarrera politikoagatik euskaraz antzezten duen aktorea bakarrik agertuko da oholtzan, interpretazio gordina aurkeztuko du antzezlanean, eta gidari izan du Ainara Gurrutxaga zuzendaria (arestian Itzulera lanaz aritu garenean aipatu dugun berbera). Euskarazko antzezpenaren egileek esan duten moduan, prostituzioa gai korapilatsua da gizartean eta, bereziki, feminismoan, arrakalak sortzeko ahalmena baitu.
Horrela, prostituzioaz, osasun mentalaz, klasismoaz, sexualitateaz eta feminismoaz ariko dira hilaren 12an Zizurkilen, Antzerkialdiaren III. edizioaren barnean. Ziur nago Penagosen ibilbidean mugarri izango dela antzezlana, eta balioko diola euskal antzerkiaren munduan errespetua zein onespena lortzeko.
ETXE BAT NORBERARENA
04/30

Gela bat ez da nahikoa Yolanda Arrietarentzat, eta entsegu poetiko honekin etxe bat aldarrikatzen du idazle emakumearentzat, Virginia Woolfen gelatxoaz harago. Liburua bere bizimoduaz hitz egiteko erabiliagatik, emakume sortzaileen kolektiboari zubi bat eskaini nahi dio gu-tasun handiago batez hitz egiteko, ez baita erraza garai honetan sortzaile izatea.
Bizimodu intermitentea, gorabeheratsua eta burutsua da sortzailearena, eta denbora lanabesetako bat da ideiak osatzeko zein ehuntzeko, eta fisiko bilakatuko den obra bat gorpuzteko. Hala ere, arestian aipatu moduan, zaila da gaur egungo erritmoan patxada eta sosegua aurkitzea, eta zeresanik ez sortzailearentzat, erritmoari ezin baitio jarraitu. Berria-k iaz argitaratu zuen Gure musika fauna dokumentalean Miren Narbaiza musikariak (Mice izenez ere ezaguna) salatzen zuen Hego Euskal Herriko sortzaileak egoera penagarria bizi dutela, ezin dutela atsedenik hartu, bizimodua sormenaren bitartez aurrera eramateko babesik gabe daudela.
Arrietak Etxe Bat Norberarena liburuan hiru kategoriaren bidez —emakumea, idazlea eta 60 urteren bueltakoa izatea— errealitate zehatz horren beharrez zein erronkez ari zaigu, zahartzaroaren haurtzaroan murgiltzera doan idazleaz, hain zuzen ere.
Galtzaundiko irakurle-taldeak Arrietaren bisita izango du apirilaren 30ean, beraz, animatu irakurtzera eta tertuliara.