KULTUR GALBAHEA

Kultur galbahea, martxoa

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Garmendia Mendizabal 2025eko martxoaren 14a

Sarreratxo hau idazten ari naiz Amaia Mirandaren musika entzuten dudan bitartean, atzo —edo hau idatzi nuen aurreko egunean— Donibane Lohizunen izan bainintzen Gorka Urbizuren kontzertuan, Tanka aretoan. Ez dakienarentzat, Mirandak gitarra jo eta koroak egiten ditu Urbizuren bandan, eta atzoko gauari buruz hiru gauza ditut esateko: batetik, Iparraldeko aretoez gauza bat edo bi ikasteke ditugula eta gure eskualdeak behar/merezi duela Tanka edo Atabal moduko areto bat.

Bestetik, berriz, lehendik ere gauza jakina izanagatik, Gorka Urbizuk merezimendu osoz zizelkatuta duela bere aurpegia euskal musika-izarren Rushmore mendian. Mendi-tontor horretan Laboa, Lete, Martikorena eta Lertxundiz gain, Estitxu, Lurdes Iriondo eta Amaia Zubiria ere parez pare daude, guztiak harro daude hor goian, eta guk behetik miresmenez txundituta begiratzen ditugu.

Atzokora itzuliz, hirugarren eta azken sorpresa Maider Cigarroa izan zen; senpertarrak izan zuen Urbizuren aurretik oholtza betetzeko erronka, eta Tankaren eremua lau bider betetzeko nahikoa ahotsa erakutsi zuen. Labrit abeslaria gogoan duenak ziur nago gustuko izango duela Maider, eta haren abestiak entzun nahi izanez gero, bilatu Biran den lasaia diskoa, hori aurkeztu baitzigun atzokoan. Haren ahots ederraz gain, nirekin jarraitzen du abestien artean, konfiantza osoan, Maiderrek kontatu zigunak: neska txikia zenean klaseko mutiko batek esan omen zion «bizkorra zara gero, neska izaiteko». Izan ere, aurreko egunean, egutegian, martxoaren 8a.

Emakumeak artearen historian zehar izan duten tratamendua ez da gehiegi aldendu gizarteko beste esparruetan izan dutenetik, itzalpetik, alegia. Leku ospel hori, zorionez, aspaldi utzi zuten atzean, eta haien lanak zein sormenak izugarrizko ahalmena du gizartea eraldatzeko. Mirandaren gitarraren soken bibrazio goxoarekin batera datozkit gure inguruan bidea egin duten eta egiten ari diren artista emakume eta disidenteak, hala nola Anari, Eider Rodriguez, Aner Peritz, Danele Sarriugarte, Belakoko Cris eta Lore, Verde Prato, MICE, Labar, Esanezin… Doako name dropping hau egiteaz aparte, erabaki dut hilabete honetako gomendioak emakumeen sormenari eskaintzea, cis-tema ezbaian jartzen duten eta jarriko duten artistei lekua egiteko nire omenaldi xumea izango da.

Gozatu!

 

Andragorako zinema ibiltaria. Lau herri, lau pelikula

Zinema da gure entretenimenduaren zutabeetako bat; zinearekin hazi gara, eta gure iruditeria pertsonal zein kolektiboa eraiki ditugu zeharkatu gaituzten pelikulen bitartez. Aitortu behar zaio zinemari baduela indar eraldatzailea, batzuetan ispilu eta beste batzuetan, berriz, mundu berrietara sartzeko atea izaten baita.

Andragorako zinema ibiltaria sortu berri dute eskualdean, eta eztabaida eta hausnarketa kolektiboa sustatzea helburu ditu zinema pizgarri gisa erabilita. Herri-mugimendu feministak sortutako ekimen honek lau pelikula proiektatuko ditu eskualdean zehar bidaiatzeko, eta emanaldiak egingo dituzte Tolosan, Villabonan, Berastegin eta Ikaztegietan. Lehena Tolosako saioa izango da, martxoaren 25ean, eta Liliana Torres zuzendariaren Mamífera emango dute.

Emakumeek zuzendutako pelikulak aukeratu dituzte, eta proiekzioen ondoren, solasaldi bat ere egingo dute patxadaz hitz egiteko pelikulak ikusleengan sortu dituen erreakzioei buruz. Deialdi irekia izango da eta aukera izango dugu guztiok pelikula ikustera joateko; hala ere, tertulian emakumeek izango dute lehen hitza, pelikulek emakumeen bizipenei eta esperientziei buruzkoak baitira nagusiki.

Eskertzeko ekimena da, eskualdeko emakumeei ez zaielako eskaini, oro har, ikus-entzunezko eremuetan tokirik. Esanguratsua iruditzen zait gaur egun ere Tolosako Zine Forumeko pelikulak hautatzeko taldea osorik gizonezkoez osatutakoa izatea, eta horri aurre egin dio Andragorako taldeak proiektu honekin. Ekimen ibiltaria izatea ere erabaki pozgarria da, eskualdeko herri txikiagoei ere zor zaielako eskaintza kultural aberasgarria, eta pelikula hauek balioko dute ziur aski kolektiboak saretzen eta zabaltzen jarrai dezan.

 

Verde Prato - Bizitza eztia

Esaten digute deskonektatuta bizi garela, errealitatetik erabat isolatuta. Gorputzak buruari jarraitzen diola, besoaren muturrean, eskuan, ordenagailu txiki-handiari men eginda. Buruan bizi garela, bakoitza bere lau horma imajinarioetan estu eta larri.

Bizitza eztia euri-zaparrada fin batekin hasten da, udaberria usaina nabari du. Pixkanaka dator Ana Arsuagaren ahotsa gure arreta bereganatzera, eta disko berriaren ibilbideak iraun bitartean ez gaitu askatuko. Bidaia horretan aukera izango dugu une bat eskaintzeko gure zentzumenei, ahalmena baitu Verde Pratok horretara, gure baitara bildu eta lokabeak konektatzeko.

Beste proiektu batzuek gure artean euskal mitologia asko erabiliagatik, Verde Prato da gure mitologia garaikideko pertsonaia nagusietako bat, gure ninfa garaikidea. Donato Dozzy izan du ekoizpenean lagun, eta artistak oso une argitsua bizi duela nabarmena da diskoaren une gehienetan, horren adibide da Bihotz Iraultzaileak abestia, Michel Ducau eta Caroline Phillipsen 90eko lanak gogoratu dizkidana. Lanari izena ematen dion abestiak ere harritu nau, gitarra akustiko horrek artistaren alderdi gizatiarra gehiago erakusten baitigu, ederra da.

Disko berri honetan, jolaserako aukera izango dugu, dantzarako, atseden hartzeko, munduaz deskonektatzeko eta gure buruarekin konektatzeko. Maialen Lujanbiok —gure mitologia garaikidearen beste izaki garrantzitsu bat— bere bertso mitiko batzuetan kantatu zuen moduan, hemen ere «utz diezaiogun azalari hitz egiten» bizitza ezti hau entzutean. Ez zaizue damutuko.

Masustondoen patioa

Villabonako Gurea aretoak jasoko du Sandra Ferrusek idatzitako eta zuzendutako Masustondoen patioa antzezlana, eta bertan izango dira pantaila txikian hain etxeko sentitzen ditugun Olatz Beobide, Sara Cozar, Aizpea Goenaga, Martxelo Rubio eta Dorleta Urretabizkaia.

Hogei urteren ondoren, jaioterrira itzuli da Isabel ama zaintzera, eta xede horrekin iraganean utzitako bizitzara bueltatzen da protagonista, haurtzarora eta etxearen usain bereizgarrietara. Amparo ama Isabelen ahizparekin bizi da, Candirekin, baina egunerokotasuneko lanez lepo dabil, Isabel etorri zaie laguntza ematera.

Gertu sentitzen dugun istorioa da, ezagutzen baititugu antzeko kasuak, antzezlan honen abiapuntuaren ezaugarri asko betetzen dituztenak. Antzezlana nostalgia ariketa bat izango da, haurtzaroko bizipenak, objektuak eta harremanak gogora ekarriko dituena herri txiki ezezagun bateko familia xume baten ahotsean.

Vaiven Produkzioa arduratu da zaintzari, familiari eta iraganari buruzko antzezlan hau oholtzarako prestatzen, eta, istorioko pertsonaien antzera tratatu dute gaia, goxotasunez. Hala ere, istorio honek beste behin agerian uzten du emakumeei esleitzen zaizkiela zaintza-lanak, horrek dakarren zama guztiarekin. Masustondoen patioa ere izango da gure helduen zaintzari buruz hausnartzeko aukera.

Heitxi

 

Trikitixa euskal pop mundura indartsu itzuli dela ezin du inork ukatu, horren adibide baitira, besteak beste, Süne edo Maixarekin batera Miruak kaleratutako azken abestia, Salda badago, eta sinesten ez duenak galde biezaio inauterietan parrandan ibili den edonori. Heitxi izena du Eider Etxeandia zornotzarraren musika-proiektuak, eta bere lehenengo diskoa Berreraikitze aroa aurkeztuko du Zizurkilgo Atxulondon.

Aipatu bezala, trikitixa eta panderoa entzuten dira, eta elektronika ere bai; hori ere ezinbesteko elementu bilakatu baita azken urteetan euskarazko ekoizpen berri gehienetan. Heitxik bidaia emozional bat aurkezten dio entzuleari, eta astindu egin nahi omen du haren gogoa, hausnarketarako eta konexiorako esparru bat ireki nahi baitu. Esparru horrek zubi bat izan nahi du, antzinakoa eta modernoa lotuko dituena, ez da makala erronka. Musikari gaztea izanagatik, lortu du Belerekin eta Ines Osinagarekin abesti bana grabatzea, eta seguru irratian entzuten amaituko ditugula Lema eta lekukoa edo Aro barri bat. Gertutik jarraituko dugu, bada, Heitxiren bidaia.

'Politeismo bastarta' liburua

 

Ez du nolanahikoa izan behar Angela Davis filosofo eta politikari feministarekin lau egun igarotzea. Ez du nolanahikoa izan behar halaber hark Bartzelonan emango dituen elkarrizketetan nahiz jasoko dituen izendapenen zeremonietan lekuko —edo bizkartzain— izatea. Bada Jule Goikoetxeak iaz aukera paregabea izan zuen feminista marxista eta antirrazista ikonikoaren alboan izateko, Bartzelonako kaleetan, Fira Literal liburu erradikalen azokan, kalamu elkarte batean nahiz hiria zeharkatzeko batera hartu zituzten taxietan, Goikoetxea biodraminaz itsututa.

Lau egun igaro zituen Goikoetxeak Bartzelonan, eta pentsamendua astintzeko aukera izan zuen Davisekin batera, baina ez harekin bakarrik; azokan eta handik kanpo lagun, pentsalari, eta jainkosa ugari topatu eta agertu baitzitzaizkion filosofo euskaldunari bidaia emankor zein laburrean.

Kronika filosofiko baten antzera definitu daitekeen arren, zaila da genero literario bakar batean sartzea; kazetaritza kronikatik gertu sentitzen baitira pasarte batzuk, adibidez, elkarrizketak eta hitzaldi-zatiak, baina saiakera teoriko-politikoak ere pasarte asko hartzen ditu, eta baita fantasiak ere, mitologia propio bat eraikitzen baitu Goikoetxeak. Liburu sakona eta burutsua izanagatik, argitasun eta umore askoko kontakizuna da, narratzaileak zuzen eta gertuko tonuan kontatzen baititu jazotakoak eta bururatutakoak.

Liburuaren aurkezpena eta solasaldia atzo izan ziren Tolosako kultur etxean, Jule Goikoetxearen eskutik, Lizardik antolatuta. Bertaratzeko aukera izan ez zutenei, liburua irakurtzeko gomendioa da honakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!