Jolas moduan hartzen dugunak, ordea, baditu kontuan hartu beharreko alderdi batzuk: askotan gureak ez ditugun kulturak hautatzen ditugu mozorroak sortzeko, eta umorea zein festa jomuga izanagatik, baliteke mozorroak iraingarriak izatea kultura horietako kideentzat. Asmo onaren izenean ez dugu beti asmatzen; galde iezaiozue bestela mexikarren bati Emilia Perez filmari buruz zer iritzi duen, ea zenbateraino diren iraingarri pelikulak erreproduzitzen dituen klixe nekatuak.
Generoz aldatzea ere gauza ohikoa da inauterietan, askatasun-tarte labur-labur bat bada ere, gure identitatearekin jolasean hasten gara, eta esango dizuet, tristea dela egun horietara bakarrik mugatzea askatasun-apur hori. McKenzie Wark idazleak Maitasuna eta dirua. Sexua eta Heriotza. Memoria bat liburu gomendagarrian bere trantsizioan alboan izan zituenekin gutunak partekatzeaz gain, hausnartu egiten du gorputza eta iragana editatzeaz, funtsean, bizitza editatzeaz. Faxistek hedabideetan eta politikan aurpegi hanpatua indartsu erakusten duten honetan, zaila da irudikatzea gizarte-egitura hertsiak malgutuko dituen aukerarik; hala ere, inauteriek balio dezakete gizarte desberdin bat irudikatzeko.
Goza itzazue festak, mozorrotu zaitezte eta, guztiaren gainetik, izan zaitezke aske, urtean astebetez bada ere. Hala ere, herria —eta eskualdea— festa-giroko linbo batean murgildu aurretik, hemen uzten dizkizuet itxaronaldia goxatzeko proposamen batzuk:
SAHRIJAI: ZILIBITO RECORDS + MR. LUKEN
Otsailaren 7an, Villabonako Aljibean

Villabonako Sahrijaik ekartzen dizkigu eskualdera euskal musikaren eszenako proiektu interesgarrienak, eta txalotzekoa da sahrijaitarrek ematen diguten zerbitzua. Bejondeizuela!
Otsailean, Zilibito Records eta Mr. Luken izango dira Villabonako Aljibean.
Zilibito Records 2023ko Gaztea Maketa Lehiaketako irabazleek iaz argitaratu zuten bigarren diskoa, Deabruen Doinuak izenekoa, eta Patxi Errementariren ipuinaren moldaketa batekin ematen dio hasiera diskoari Oiartzungo kolektiboak. Hamaika dira deabruari eta infernuari buruzko erreferentziak; diskoaren azalaren estetikak eta abesti batzuen ekoizpenak Yung Beef-en eta haren La Vendicion Records zigiluko lanen estetika ekarri didate gogora.
Oiartzungo zilibitoek musika urbanoan pilatzen diren genero guztiak probatu dituzte: trapa, electropopa, pop punka, reggaetoia, eta beste hainbat. Hala ere, genero batzuek beste batzuek baino hobeto funtzionatzen dute: aipatzekoa da adibidez Malakiasekin batera egin duten Akhelare, zeinetan hardcore eta drumb’n’bass doinuak nahasten dituzten intxixuei aipamena eginez. Laburra izan arren, F**K (Interlude) ere asko gustatu zait, eta trap doinuekin hobeto moldatzen direla uste dut, Iluntasuninfarolabat horren adibide.
Villabonan egingo dute gaur bertan estreinakoz neguko biraren geldialdia; lagun izango dute Mr. Luken abeslaria, popa eta reggaetoia nahasten dituen artista gaztea. Bertan aurkeztuko du Back in Town diskoa.
NAXKER EP – MATXENIA II

Iazko irailean kaleratu zuen Naxkerrek lehenengo Ep-a, Matxenia II izenekoa, eta orduz geroztik Atarrabiako taldearen izena batetik bestera ibili da, guztion belarrietara iritsi arte. Sei abestiz osatutako lanak Naxker nortasun handiko taldea dela erakusten du, konplexurik gabea. Rock musika egiten dute, eta euskal musikan zein atzerrian azken urteetan entzundako hainbat proiektu gogora ekartzen dituzte: Tatxers, Olaia Inziarte, Belako edo Hinds, besteak beste.
«Gizartearen legea ez da zertan gurea» diote Bidelagun abestian, eta ez du azalpen gehiegi behar, bizitza beren modura eta aske bizitzeko eskubideari abesten baitiote, gaztetasunaren erakusle. Badituzte pare bat abesti ingelesez, baina euskaraz abestutakoek indar handiagoa dute, entzuleok errazago konektatzen dugulako hitzekin eta uste dut horiek ereserki txiki-handi bilakatzeko ahalmena dutela. Lan labur hau gosegarri ederra izan da, gertutik jarraitu beharko ditugu Naxkerreko kideak.
QUERER

30 urtez ezkonduta, bi seme eta luxu guztiko etxebizitza batean bizi da Miren, Querer telesaileko protagonista. Nagore Aranburuk gorpuzten duen pertsonaiak urte luzetan isilpean arrastatu du tratu txarren kondena, sexu-abusuarena hain zuzen ere. Bere amaren heriotzaren ondoren, jarauntsi duen etxera joan nahi du bizitzera, amesgaizto luzeegiari amaiera jartzera, eta bide batez, senarra salatuko du.
Premisa horrekin sortzen da Querer, Movistar Plus plataformak Alauda Ruiz de Azua bizkaitarraren zuzendaritzapean iaz estreinatu zuen telesail laburra; lau kapitulu nahikoak ditu bortxaketak sufritzeagatik Mirenek senarra salatzen duenetik epaiketara bitartean bizitakoak kontatzeko. Gizonaren manipulazioari, semeen zalantzei eta familia politikoaren isiltasun eta mespretxuari aurre egin beharko dizkie Mirenek, eta beldurra izanagatik, osorik egingo du aurrera.
Arratsalde-gau bakarrean ikustekoan, Nagore Aranbururen interpretazioa ezin hobea da, eta horren seinale da jaso dituen laudorio eta sariak; azkena, aktore onenaren Feroz saria. Hainbat eta hainbat emakumek beren errealitatetik gertu dagoen esperientzia ikusiko dute pantailan, eta belaunaldi desberdinetako gizonek ere auzi honetan agertzen diren jokamolde asko ezagunak izango dituzte. Balio dezala indarkeriaren aurrean isiltzeari eta beste alde batera begiratzeari uzteko.
COCA-COLA BAT ZUREKIN

Beñat Sarasolaren bigarren nobela da Coca-cola bat zurekin, eta patchwork literario honetan maisuki eraiki du arteaz eta kultura-politikaz diharduen nobela. 60ko hamarkadan kokatuta, Frank O’hara poeta eta New Yorkeko MoMa-ko (arte modernoaren museoa) komisarioaren bitartez museo hartan egin zen erakusketa batean kokatzen da trama nagusia: garai hartako Espainiako margolari eta eskultore abstraktuekin osatu zen. Frankismoak arte abstraktua erabili nahi izan zuen erregimena zuritzeko, artista gazte horiek arte-bienaleetan lortzen ari ziren sona probestuz. Erakusketa horretan izan ziren Chillida eta Oteizaren lanak, besteak beste.
Beste hainbaten artean, Jorge Oteiza bigarren mailako pertsonaia bat da liburuan, eta irakurtzen ari nintzela, iruditu zait goxotasun handiarekin tratatzen duela Sarasolak haren artea eta irudia; testigantzen bitartez, idazleak Oteizaren nortasuna eta ideiak zehaztasun eta maitasun handiz azaltzen ditu.
Horrez gain, aipatzekoa da testuaren formatua; trama nagusia —O’hararen egunerokotasuna, erakusketaren antolaketa eta bere maitasun istorioa Vicent Warren dantzariarekin— bigarren pertsonan idatzitako testigantzekin, eguneroko bateko zatiekin eta garaiko dokumentu errealekin tartekatzen da. Hautu interesgarria iruditu zait irakurlea giroan sartzeko eta halaber memoria historikoko ariketa fin bat egiteko. Artea eta politika uztartzen dituen liburua da, eta Sarasolaren ibilbidean ziurrenik mugarri bilakatuko da.