Estreinatu berri dugun urteko lehen egun hauetan, ohiturak aldatzeko promes xaloak egiten dizkiogu geure buruari, eta mugarri altuak jartzen, inoiz tontorrera iritsiko ez bagara ere. Frustrazioarekin topo egiten ez dugun bitartean, begira dezagun gora, ireki ditzagun guretzat eta ingurukoentzat aukerak, ateak, leihoak.
Kulturak ere izan ditzala aukerak urte berrian: proiektu berriak egi bilakatzeko, egi direnak izateari eusteko eta amaitu beharrean daudenak duintasunez amaitzeko. Euskarak jarrai dezala iristen trabarik gabe etxeetara eta entzun dadila kalean; irakurri, entzun eta ikus dezagula artea euskaraz. Espero dut hamaika aukera izatea kontzertuetara, antzerkira, museoetara eta zinemara joateko. Ohitura onei heldu behar diegu garai hauetan; kapitalismo basatia protagonista izan arren, izan dezagula gozatzeko tarterik behinik behin, elkarrekin lotzeko momenturik.
Hemen dituzue urteari gogoz ekiteko aukera batzuk:
ITOIZ UDAKO SESIOAK.
Urtarrilaren 30ean, Villabonako Gurea antzokian
Gabonak igaro berri diren honetan, otordu asko egin ditugu lagun, senide eta ezagunekin. Ziur naiz, asko izango zaretela iraganeko istorioekin atzera bidaiatu duzuenak, urtero-urtero pasadizo eta anekdota berberak errepikatuz jan-edan gehiegiz betetako mahaien inguruan. Urte hasierarekin batera, atzera begirako bidaia pertsonal bat, eta baita kolektiboa ere, aurkeztuko digu Juan Carlos Perezek; Itoizen zinta zahar batzuk aurkitu eta horiek aitzakia hartuta filma egin dute.
Euskal Herriko musika-talde garrantzitsuenetariko baten istorioa kontatuko digu, baina Perezen ikuspegitik, haren azaletik. Sarri entzuna dut azalak memoria duela, eta kasu honetan, badirudi Perezek bere azalean sufritutakoak pixka bat partekatzen dituela.
Lau teilatu nekatuaren enegarren bertsioa entzun dut ez aspaldi TikToken, baina ziur naiz, belaunaldi gazteagoek ezer gutxi gehiago jakingo dutela talde mitikoaz. Gabonetan entzundako batallita hainbati ez bezala, atzera begirako honi gogoz helduko diogu musikazaleok.
BORLA
Urtarrilaren 25ean, Bonberenean
Pil-pilean dabil Iruñea azken urteetako musika-eszena goitik behera iraultzen. Garai historiko jakinetan, lekua protagonista bilakatzen da mugimendu kulturalei izateko toki bat ematen baitie. Iruñea izan da horren adibide azkenaldian, eta ez da txikikeria hiri nafarrak izan duen uzta: Ibil Bedi (<3), Chill Mafia eta Tatxers izen nagusi bilakatu dira euskal musikaren esparru txikian.
Irakaskuntza-masterra ikastera joanak, Martin Ziriza, Timéo Dedieu eta Ander Redin inspirazio iruindar emankor horretaz blaituta-edo, lokalean entseatzen hasi ziren eta hala sortu zuten Borla. Haien deskribapenak argi dio egiten dutenaz: pop, pop eta pop. Gehixeago zehaztu nahi bagenu, abesti melodikoak, lokaleko usaina (soinua usaindu usaintzen baita hemen) eta dantzatzeko gogoak aipatuko genituzke. Erritmo biziko abestiak biltzen dituzte Kordoba bidea lehen lan luzean, eta Tatxersen ibilbideari jarraikiz, The Smiths edo Hertzainak gogora ekartzen dizkigu hirukoteak. Abestiek taldearen zuzenekoa irudikatzera garamatzate; badute bat-batekotasun hori, dantzan jarriko gaituzte, eta hori guztia eguneroko gaiez hitz eginda. Has dadila festa!
HIUZZ
Urtarrilaren 25ean, Bonberenean
Hiuzzek ere Iruñean du entsegu-lokala, Borla baino pixka bat lehenago iritsi ziren Cordovillako industriagunera, Melenas-eko (beste musika-talde iruindar gomendagarri bat) kideen bitartez. Kuadrillako hiru lagun, Josu Arizaleta, Markel Flores eta Julen Izkue, betidanik musika-talde bat sortzeko gogoz hasi ziren, kraut eta psikodeliako talde bat osatu nahian, baina, trebatzen hasita, beste «zeozer» atera zitzaien. Etengabe aldatzen ari den soinua aipatzen dute Hiuzzen soinua definitzerakoan, trebatze horren bilakaeraren ondorioa. Hori nabarmen entzun daiteke argitaratu dituzten bi lanetan; lehenbizikoa EPEA zikina, bizkorra eta bat-batekoa da, eta bigarrena, berriz, Esperoan arima berdinarekin baina ekoizpen landuagoarekin.
Garajeko rock etiketa itsu hori erabil daiteke taldearen soinua sailkatzeko, gitarra zikinak eta erritmo bizkorrak. Ideia eta melodia atseginak lantzen dituzte, hain berezko dugun buru-astinduak (gure dantza-mugimendu nagusia) eragingo dizkiguna. Abestiren bat aipatzekotan, Deia aipatuko nuke; 80ko hamarkadako talde ingeles baten hit bat izan liteke baxu horrekin.
BARKAMENA EXISTITUKO BALITZ BEZALA – MARIANA TRAVACIO
Urtarrilaren 29an, Tolosako Galtzaundiren tertulia literarioa
Mariana Travacio idazle eta psikologo argentinarrak begiak paper gainean jarri eta eszenak irudikatzen ditu bere liburuetan. Fernando Reyk euskaratu du Travacioren Barkamena existituko balitz bezala eleberria Erein argitaletxearen bidez, eta mendekuak errotzen du istorioa: Manoelen ikuspegitik galera baten aurka prestatutako mendekuaren bidea kontatzen zaigu, Argentina iparraldean kokatuta. Ingurune lehor horretan western itxura hartzen du istorioak eta han nahastuko dira gorrotoa, biolentzia, salbazioa eta, nola ez, barkamena.
Liburuaren formatua oso berezia da, aurrez aipatu bezala, eszena trinkoez osatzen baita; 62 kapitulu laburren bitartez, 141 orriko istorioa bizkor irakurtzen da eta esango nuke erraztu egiten duela testuinguru idor horretan murgiltzen, bidaia erabatekoan. Paisaia pertsonaia garrantzitsua da eta oso ederrak dira deskribapenak: «…lurrak ez du hegan egiten, lurrari itsatsia gelditzen da; ez dago lurra altxarazten duen haizerik. Ez zait ahazten lur busti usain hura…».
MAHL KOBAT
ZELAN APURTU PERTSONA BAT
Ondarruko musikaria da Beñat Bidegain, talde txikietan aritutakoa eta ari dena. Hala ere, aste batzuk badira bakarkako bideari ekin ziola Mahl Kobat izeneko proiektuan Zelan apurtu pertsona bat lan luzea argitaratuta. Bidegainek bere gitarrarekin bat eginda aurkezten du proiektua, eta soinu ezin ederrago batzuk lortzen ditu. Besarkada goxo-goxo bat da, Leihoak ispiluekin egitearena horren adibide da.
Inspirazio-iturri izan ditu melodia eta obra
ederrak sortzen bikainak diren artista batzuk, hala nola Sufjan Stevens, John Frusciante edo Madison Cunningham. Inspirazio-iturri horiei jarraituz, goxotasuna, esperimentazioa eta
melodiak uztartzen ditu Mahl Kobatek. Horiez gain, bada euskal kantautoreen usainik diskoan, Xabier Badiolaren antzera (bakarka urte pare bat daraman beste artista euskaldun bat). Euskaraz abesten duten kantautoreen belaunaldi berri baten aurrean ote gaude?
Aipatu behar dut argitalpen hau Betepaeta kolektiboaren bitartez editatu duela Bidegainek. Kolektiboak 2024ko neguan hartu zuen forma eta ikuspegi feminista eta kolektiboaren indarra dituzte abiapuntu eta erdigune. Diskoetxe komertzialetatik kanpo eta autogestioaren bidea hartuta, musika-taldeak aurrera atera daitezkeela frogatu nahi dute. Gertutik jarraituko ditugu Bidegainen eta Betepaetaren hurrengo urratsak eta argitalpenak.