KULTUR GALBAHEA

Kultur galbahea, abendua

Zaila da inspirazioak nola funtzionatzen duen ulertzea. Bitxia da bizitako (edo bizi gabeko) esperientziek gugan utzi duten arrastoa sorkuntza bilakatzea, eta bizipen pertsonal edo partekatu batzuek zer forma hartzen dituzten ikustea, entzutea edo sentitzea. Batzuentzat, maitasunaren gorabeherak izaten dira sormen-iturri, etenik gabeko jarioa. Beste batzuek, berriz, gai sozialei helduko diete; horiek abiapuntu hartuko dituzte sistemari kritika egiteko edo egunerokotasunean ditugun zalantzak ozen adierazteko. Ez dira gutxi izango erraiak askatzeko oholtza, papera, edo soinua erabiliko dutenak, emozioei eremu hori, intimoa —eta, aldi berean, publikoa—, esleituko dietenak.

Emozioak sorkuntza bilakatzeko prozesu hori bitxia izan arren, ahalmen izugarria du, gai baita aldarri politikoak bateratzeko, komunitate bateko kide sentiarazteko, ezagunak ez ditugunak ezagutzeko, eta baita aldartea minutu gutxitan aldatzeko ere.

Proposamen hauek asko dute erraietatik, beraz, egin lekua.

 

Esanezin

Abenduaren 27an, Villabonako Aljibean.

Ianire Aranzabe da Esanezin proiektuaren aurpegia, ahotsa eta arima. 2020ean hasi zuen ibilbidea, Esan Ezin eta Altzagarate abestiekin; zalantzarik gabe, barru-barruraino iristeko gaitasuna izan zuten, eta asko geratu ginen Esanezinen hurrengo urratsen esperoan. 2021ean iritsi zen lehenengo lan luzea, Aireratzen, eta iaz, Erretratu Bat. Bigarren diskoaren aurkezpen bira luzatzen ari zaiela esan izan du Aranzabek elkarrizketetan, gauzak ongi doazen seinale.

Zirrara tristetzat jo dute Esanezin; doinuak eta hitzak nostalgiaz beterik daude, iragazki gehiegirik gabe, «tristuratik sortzea bizitzak agintzen duen ariketa» omen da Aranzaberentzat. Pop doinuak, goxotasuna eta gertutasuna lortzen dutenak, giro zehatz bat sortzen dutenak. Ianire Aranzaberen ahotsak, efektu eta gehiegikeriarik gabe, harrapatzen zaitu, eta oholtza betetzen du, bakarka edo taldean. Joan aurretik abestiren bat entzun nahi baduzue, entzun Berriz (Zu), ez zaizue damutuko.

Sara Zozaya

Abenduaren 27an, Villabonako Aljibean.

Esanezinekin batera arituko da Villabonan Sara Zozaya, laukote formatuan. Artista donostiarrak lehen diskoa aurkeztuko du, Nara: kontzeptu beraren barnean murgiltzen diren hamar abesti, Zozayak orain arte bizitako esperientzien bilduma bat. Diskoaren azaleko eskailerak hori irudikatu nahi omen du; bizitako esperientziekin, onekin eta txarrekin, aurrera goazela, bidean loreak utzita (arantzaz beteak batzuetan).

Kontzertura bertaratzean, entzuleak musikariaren arima oso gordin sentituko du oholtza gainean, giro jakin bat sortzen iaioa baita, eta bere baitako munduari ateak irekitzen dizkio han sar dadin entzulea. Gordintasun horren adibide da Misty abestia, esperientzia txar baten ondorena eta ondorioa azaltzen dituena, larruazala aztoratzeko modukoa. Malenkoniarekin eta post rockez bustitako elektronikarekin egingo dugu topo, eta Sara Zozayaren ahotsak osorik inguratzen (besarkatzen) gaituela irudituko zaigu.

Beste proiektu batzuetan entzun izan dugu, hala nola Nerabe, The Roof edo azken urteetan hainbeste poz bildu dituen Merina Gris. Olaia Inziarte edo Olatz Salvador gustuko badituzu eta ez baduzu oraindik Sara Zozaya entzun, eman aukera bat.

-Gailu

Abenduaren 15ean, Tolosako Bonberenean.

90eko hamarkadatik euskal rock eszenan mugarri izan diren taldeetan aritutako musikariak biltzen dira -Gailu musika-taldean; Negu Gorriak, Bap!!, Anari edo Inoreneroni-n aritu ondoren sortu dute proiektu berria Mikelek, Okenek eta Drakek.

2021ean eman zioten hasiera ibilbideari, eta ordutik bi disko argitaratu dituzte; azkena iaz, Autosuntsipena Hasia Da 3, 2, 1… Znort! Bizi dugun sistema kapitalistari aurre egiten dioten hitzak gogor kritikatzen dute ekoizpen-sistema, boterea, zaintza, eta hori guztia, iturri desberdinetatik edanez. Erabiltzen dituzten erritmoek eta ekoizpen-hautuek LCD Sounsystem, Talking Heads edo Kraftwerk gogora ekartzen dizkigute, eta baxu edo bateria organikoak autotune eta urbanotik gertuago dauden ekoizpenekin nahasten dituzte, maisuki.

Eskarmentua eta esperimentazioaren arteko nahasketa aparta.

Amorante

Abenduaren 15ean, Tolosako Bonberenean.

Iban Urizarrek Amorante proiektuan iraultzen ditu bere jakintza eta esperimentazio guztia; jasotako ondare musikala eta hezkuntza garaikidea uztartuta, esperimentazio-lan bikaina da Amorantek ekarri diguna. Hainbat instrumentu baliatzen ditu euskal kantautore klasikoetatik zein esperimentatzaile bikainenetatik gertu jartzeko bere burua. Euskal musikaren inguruko hausnarketa praktiko batean laburtzen da Amorante.

Gaur arte bi disko kaleratu ditu; azkena, iaz, Harri Herri Har, zeinetan, besteak beste kolaborazioak egin dituen Ødei, Los Sara Fontan, Amaia Miranda, Hatxe eta Xabier Zeberiorekin. Argi dago unibertso desberdinetako sateliteak lotzen saiatu dela Urizar.

Soinu-diseinu zaindua du, gure arbasoen unibertsoa eraikitzen laguntzen duena, baina haiei baino, etorkizuneko ortzi-mugari begira jartzen du ikuspuntua. Euskal Herrian azken urteetan sortu den proiektu interesgarrienetako bat izango da ziurrenik, batez ere, erakusten duen ausardiagatik. Musikariak hainbat proiektutan eta musikarirekin kolaboratu duen arren, Amoranten bera bakarrik aurkezten da oholtza gainean. Esperientzia sentsorial bati ateak irekiko dizkiogu, erreinu sonoro berri/zahar bati ongietorria emateko.

Irantzu Varelaren 'Manólogo'

Abenduaren 18an, Tolosako Topic-en.

Irantzu Varela kazetari, idazle eta aktibista feminista oso ezaguna izan da azken urteetan El Tornillo mikroespazio feministaren aurkezle izateagatik eta Pikara Magazinen egindako ekarpenengatik. Tamalez, irudi publiko bilakatzearekin batera, eraso andana sufritu ditu, eta bide desberdinak erabili dituzte erasotzaileek Varela isilarazteko, eraso fisikoak barne. Bizitakoa kontatzen jarraitu du kazetariak, ez da isildu, eta ez-isiltze horrek erreferente bilakatu du gaur egungo sare feministetan, erakutsitako ausardiagatik eta egindako lanagatik.

Diskurtso zorrotzeko eta zuzeneko emakumea da, ez dizkio gehiegizko iragazkiak ezartzen esanari, eta horren lekuko dugu Lo que quede errelato-bilduma, aurten argitaratu dena. Sormen handiko garaia bizi du Varelak eta abenduaren 18an aurkeztuko du Tolosako Topic-en Manólogo izeneko bakarrizketa. Haren helburua izango da emakumeek jasaten dituzten erasoei isiltasunarekin erantzuteari uztea; heteroaraua eta sistema patriarkala salatzea, eta emakumeek bizi duten egoeran esaten ez direnak ozen esatea, umorez jositako saioan.

Balio dezala sare transfeminista indartsu bat eraikitzen jarraitzeko.

'Miñan' antzezlana

Abenduaren 15ean, Villabonako Gurean.

Ibrahim Balde ginearrak bere barrenak norbaitekin husteko beharretik jaiotako kontakizunak gaitasuna izan du munduan zehar luze eta zabal bidaiatzeko; Amets Arzallusi ahoz kontatutakoa gai izan da migratzaileen errealitateari argi-fokua jartzeko eta pertsona horien prozesua humanizatzeko. Gure begietatik zein, gaur egun, Ibrahimen aldetik, urrun ikusten dugun/duen mundu bat erakusten digu kontakizunak, Arzallusek artez jaso zuena Miñan izeneko lehenengo nobelan.

Ahozko kontakizuna liburu bilakatu eta argitaratu ondoren, sei hizkuntzetara itzuli da, eta nabarmena da istorioak izan duen hedadura, Aita Santuak ere irakurtzeko aukera izan baitu.

Ahozkotik idatzira igaro zen, eta, orain, oholtzara igo da kontakizuna. Artedrama antzerki-konpainiak egin du istorioaren egokitzapena, eta Ander Lupus izan du zuzendari. Erronka ez da makala: ospetsu egin den liburua taularatzea eta Ibrahimen kontatzeko moduari, hariari, eustea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!