KULTUR GALBAHEA

Kultur galbahea, azaroa

Udazkenak aurrera egin ahala, argia galtzen dugu, ilunabarra goizago hasten da gauari tiraka. Iluntasunak leku gehiago hartzen du gure egunean, eta, horrekin batera, uzkurtu egiten gara. Tenperatura jaisteak ere badu zerikusia uzkurtze horretan. Udazkenean hasten gara pixkanaka-pixkanaka etxe barruko plan gehiago egiten: manta baten azpiko epelean pelikula bat ikusi, mahai- edo bideo-jokoetan aritu, edo bazkari eta afari ederrak prestatu familia eta lagunen artean.

Ez da zalantzarik testuinguru horretan kanpora ateratzeak sekulako galbana ematen digula; halere, kulturaren mundu ezegonkorrak behar du ikusletik eta entzuletik. Sasoi horretan ere, gogoan izan behar dugu ekitaldi pila antolatzen dituztela kultur programatzaileek gure inguruetan, eta onena dugu galbana etxean utzi eta joatea. Ekitaldi horietan aurkituko baitugu udazkenak lapurtu digun argia.

Hemen dituzue hilabete honetan kulturaz gozatzeko aukera batzuk:

Baginaren bakarrizketak

 

Eve Ensler antzerkigile eta aktibistak 200 emakumetik gora elkarrizketatu zituen 90eko hamarkadan, sexuaren, maitasun-harremanen eta etxean sufritzen zuten indarkeriaren inguruan. Elkarrizketa horietatik abiatuta, Baginaren bakarrizketak izeneko antzezlana osatu zuen, 1996an estreinatu zuena. Haren esanetan, inspirazio-iturri izan zituen mundu osoan zehar sexu-abusuak eta bortxaketak sufritutako emakumeak.

Sekulako arrakasta izan du antzezlanak estreinatu zenetik, eta beste herrialde eta hizkuntza batzuetara ere moldatu da. Gai mardula izaki, Euskal Herrira ere iritsi zen 2011n Begoña Bilbaoren gidaritzapean. Urteak igaro dira eta sexualitateari begiratzeko prisma ere ireki denez, zuzendari beraren aginduetara ari dira oraingoan Ainhoa Etxebarria, Intza Alkain eta Iraitz Lizarraga aktoreak, Baginaren Bakarrizketen bertsio berrituan. Emakumeez harago, baginadun pertsonek ere lekua izango dute emanaldian. Katarsia batzuentzat, umorez jantzitako sexualitate-tailerra beste batzuentzat. Azaroaren 8an, Orendainen eskainiko dute.

Kukai dantza taldearen 'Txalaparta'

 

Txalapartak badu paganotik eta erritutik, talde-lanetik, partekatzetik. Txalaparta sortzeko behar dira piezak, behar da eskulana eta behar da elkarrekin eraikitzeko nahia. Instrumentua osatuta, lau besok makilak zuzenduko dituzte soinua sortzeko, eta bi musikarien arteko norgehiagoka hasten da; norgehiagoka edo une intimo baten pizkundea. Inor ez da bestearengandik gailentzen, eta bestea behar soinuak jarraituko badu.

Kontzeptu filosofiko horien guztien bueltan, Kukaik Txalaparta izeneko ikuskizuna estreinatu du aurten, Jesus Rubio koreografoaren eskutik. Goian aipatutako txalapartaren esanahiak eta ikuspuntuak aurkitzea eta irudikatzea izan da dantza-emanaldiaren abiapuntua eta xedea.

Tradizioa oinarri hartuz, Kukairen emanaldi bakoitzak koxka bat gora egiten du beti, eta kasu honetan ere, gure kulturaren instrumentu fetitxeetako bat erabiliko dute urteen poderioz findutako teknika eta lan egiteko modua erakusteko. Azaroaren 22an, ostiralean, Leidorren ikusgai Kukairen Txalaparta ikuskizuna.

Nakar / Sal del coche

 

Epelkeriaren kontra EPa argitaratu du Nakar talde donostiarrak aurten, eta kritikaz jositako sei abesti aurkituko ditugu diskoan, bizi dugun gizarte-ereduari doi-doi prestatutako jantzia. Lehenengo abestia, Manifestu Antiepelista, da zirrara handiena sortzen duena lehenengo entzunaldian; ideia asko aurkezten dizkigute, eta zerrenda luze eta iradokitzailearen bitartez sortzen ditugun irudiek bizi dugun egunerokotasuna gogorarazten digute. Zenbait pertsonaia zehatz-mehatz deskribatzen dituzte ironiaz jositako piezan. Nakarrek Donostia hartzen du Epelkeriaren hiriburutzat.

Villabonako Aljibean egongo dira azaroaren 1ean, Sahrijairen eskutik, eta aukera izango dugu sasoiko dagoen taldea gertutik ikusteko. 80ko hamarkadako sintetizadoreak lagun dituzte poliziaren edo kapitalismoaren aurkako hitzak borobiltzeko. Sintetizadore eta ahotsen nahasketak New Young Pony Club gogorarazi dit (MBBDB abestian, batez ere), punk izaerako erritmo elektroniko bizkorrekin. Bizkortasun horretatik harago, abestien hitzak gogoratuko ditugu EPa entzun ostean, adibidez, azken abestia, Xamurtasun Erradikala: «Dena bortitza denean, bortizki naiz goxoa, amorruari amodioa, xamurtasun erradikala».

 

Azaroaren 1eko Aljibeko gauean joko duen beste taldea dugu Sal del Coche, Bilbotik. Proiektu jaioberria da; programazioa begiratzean taldearen berri jakin nuenean, Spotifyra sartu, eta han aurkitu nuen Donostiako DabaDaban emandako kontzertuan zuzenean grabatutako abesti bat, Año 2000 izenekoa. Harrituta utzi ninduen. Aspalditxo honetan sortu dira Euskal Herrian talde interesgarri asko, baina Sal del Coche kategorizatu ezin den eremuan mugitzen da, ez du balio lan horietan hasteak: bateria, gitarra, teklatu eta sinteak, eta saxofoia. Punka, rocka eta jazza? Bada konbinazio kuriosoa, konbinazio potentea. Bat egingo dute amorruak, sarkasmoak, elegantziak eta gozamenak.

Humo Internacional zigiluarekin kaleratuko dute hilaren 22an lehenengo lana, Ciudad de Polvo izenekoa. Villabonakoa gogoratuko dugula uste dut.

Keia / Kaskezur

 

Bigarren diskoa besapean, Keiak Zamalanak lan berria aurkeztuko du Tolosako Bonberenean, azaroaren 29an. Ane Arruti abeslariaren ingurura biltzen dira Potempkin, Sharon Stoner, Sorkun, Zingira, Lenao edo Amonal proiektuetan aritutako Olalde, Ibarrondo eta Martinez musikariak. Zarautz eta Oñati batzen dituen proiektuan rocka da nagusi, euskal eszenan inoiz falta ez den estiloan gainera: riff sendo berehalakoak eta Arrutiren ahots boteretsua. Euskal emakume potenteen historian bere ekarpena egitera dator Arruti, Aiora Renteria, Sorkun edo Lide Hernandoren bidetik.

2022an martxan jarritako proiektuaren bigarren diskoa Haritz Harreguyren gidaritzapean grabatu dute, Usurbilen. Ekoizpen borobila eta zaindua da, rock klasikoaren adibide ederra.

Zea Mays, Liher edo Izaki Gardenak gustuko duenak gozatuko du Keiaren proposamenaz.

 

Baztan bailara miretsia eta misteriotsua da; mitologiak eta fantasiak inguratzen du, fikziozko liburu eta pelikula sonatuak ere sortu dira berezitasun horien bueltan. Iraganeko pagano izate hori folklore bilakatu nahi izan dela dirudi, asmo komertzialak eta turismoa erakartzeko xedeaz.

Inguru haietatik dator Kaskezur, rock alternatiboa lantzen duen laukotea. Kaskezurrek badu Baztango parajeen misterioa, eta iaioak dira giroak sortzen: gitarren melodia finak, errepikakorrak, distortsioa eta ekoizpenean gehitutako geruza guztiak. Melodiak eta geruzak nahasteko darabilten moduak badirudi Real State eta Sonic Youth erreferentzia izan dituztela, batez ere, Kim Gordon eta Thurston Mooren taldea.

Azaroan bertan aurkeztuko dute laugarren diskoa, Deus izenekoa, eta hura iritsi bitartean, Egia Begira abestiaz goza dezakegu. Lehen entzunaldian 2019ko Ihesi Doaz Animaliak diskoaren jarraipen naturala dela suma dezakegu, eta lan horretan Usopop zigiluaren laguntza izan dute. Distortsioz eta melodiez jositako gaua izango da.

Aipamen bereziak

Eskualdetik kanpo izanagatik, eskualdeko artista batzuek etxetik gertu samar joko dute azaroan. Izan itzazue kontuan, eskualdetik atera, eta plan desberdin bat egiteko aukera izango baitira ziur:

    • Verde Prato Sarako Santa Katalinan izango da azaroaren 3ko arratsean, Tarta Relena kataluniarrekin batera.

    •  
    • Peachy Joke eta Ander Zubillaga Donostiako Tabakaleran arituko dira azaroaren 30ean, Kutxa Fundazioa Klubean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!