KULTUR GALBAHEA

Kultur galbahea, urria

Hilero gure inguruan hainbat ekimen izaten ditugu, baina zaila izaten zaigu sarritan gure errutinatik ateratzea eta zerbait berria egitea, nora jo erabakitzea kostatzen zaigu.

Lan horretan lagun izango gaituzu. Eñaut dut izena eta hainbat urtez kultur munduan lanean aritua naiz, batez ere musikaren industrian, ikusten ez diren zereginetan (kontzertuen ekoizpena, musika-banaketa digitala, komunikazioa…). Horretaz gain, testuak itzultzen eta idazten ere aritzen naiz. Hori gutxi balitz, aurten, hementxe topatuko nauzu atal honi forma ematen. Lagungarri egingo zaizulakoan, eskerrik asko!

Goazen harira, hauek dira urriko ekitaldi interesgarri batzuk:

Haira / Orbel

Urriaren 25ean, ostiralean, Bonberenean izango dira Haira eta Orbel, Iparraldetik datozen bi musika emanaldi interesgarri.

Hairaren atzean aurkituko dugu Peio Erramuzpe multiinstrumentalista lapurtarra. Saran jatorri duen musikariak Laupabortz Aire Ttipi lehen lana aurkeztuko digu UsoPop zigiluaren laguntzaz, oso lan berezia da. Azken urteetan bogan dagoen joerari jarraikiz, Hairak uztartu egiten ditu tradizioa eta modernitatea. Ekoizpen elektronikoa eta iragan galdu bateko hitzak nahasten ditu Erramuzpek eta hipnotikoa da sortzen duen atmosfera. Aire ttipi horiekin bidaia genezake edonora. Instrumentu desberdinekin lotsarik gabe esperimentatzen du eta pieza biribilak sortu ditu bidezidor berriak irekitzeko pultsu horretan. Artefaktu berezi honen lekuko izateak merezi du, ez baita maiz izaten zutik bidaiatzeko aukerarik gurean.

Orbel ere atmosferak sortzen iaioa da. Gau berean beste bidaia mota bat biziko dugu, iluntasunak presentzia handiagoa izango du ziurrenik horretan. Iparraldetik datorren laukoteak bi lan luze argitaratu ditu azken urteetan —Hegan eta Lur Hezea— eta iaz bigarren diskoaren remixen bilduma bat, horiek ere UsoPop zigiluaren pean. Orbelen kasuan ere nabarmena da zaharraren eta berriaren arteko borroka, noraezean utziko gaituzte elektronikaren eta gitarren norgehiagoka bizian. Erritu pagano batean murgilduko gaituzte, horretarako nahastuko dituztelarik erritmo errepikakorrak eta otoitz itxura hartzen duten hitzak. Tarta Relena edo Verde Prato proiektuak gogora ekartzen dizkigu ahotsak nahasteko hartutako erabakiak. Kostako zaigu lur hartzea bi proposamen hauen ostean!

 

El Columpio Asesino

Speeda eta errepidea lagun, maiz joan ginen Berlinera 2011n El Columpio Asesinok Toro argitaratu zuenean. Hango eta hemengo musika jaialdietan saltoka aritu ginen ereserki indie bilakatu zenarekin. Dakienak badaki. Indieak behera eta trapak eta urbanoek gora egin arren, Iruñeko musika taldeak indarrean jarraitu du gaur arte. Errepidera jo dute aurten, baina Berlinera joateko gonbita luzatu beharrean, agur esatera atera dira. 2003an abiatutako ibilbideari amaiera emateko azken bira honetan, Tolosan izango dira urriaren 26an, Bonberenean.

Toro ez da faltako, baina, mesedez, entzun Ballenas Muertas en San Sebastian eta Ataque Celeste diskoak ere joan aurretik, dantzatuko duzuenari itxura hartzeko bada ere. Kasualitatea-edo, zenbait musika taldek agur esateko erabakia hartu berri dute —azkenak Chill Mafia eta Gatibu izan dira— eta ziur nago batek baino gehiagok faltan botako duela El Columpio Asesinoren rock ilun eta erakargarria. Azkenekoa bada ere, dantza dezagun!

 

Dantza eta ondarea

Beste elementu batzuen artean, mugimendua gure tradizioaren parte da. Historian zehar gorputzak eta mugimenduak bat egitearen ondorio izan dira dantza eta kantu tradizionalak. Horiek ahoz aho eta belarriz belarri igaro dira gugana, bidean ere asko galdu izan diren arren. Gizartea eraikitzean ohitura-erritu horiek beti izan dute lekua eta, garaiak aldatu ahala, beste forma batzuk hartu dituzte.

Urriaren 18an Tolosako Leidorren izango da Donostiako Node dantza-konpainiaren Dantza eta ondarea emanaldia. Hausnarketa bat egin nahi da euskal identitatean eta gure ondarearen inguruan. Denboraren igarotzea landuko da, atzean utzitakoa, oraina eta etorkizuna hain zuzen, hori hiru piezen bitartez gorpuztuko dutelarik: Batu, Ama Badok eta Emakumeak. Oholtza gainean ikusi ahal izango ditugu Myriam Perez Cazabon, Jone Amezaga, Olaia Valle eta Iosu Yeregui antzezleak. Horiekin batera, etxean arituko da Borja Bordonabe dantzari eta aktorea, Myriam Perez Cazabonen koreografiak gorpuzten.

Beharrezkoa iruditzen zait dantza garaikidea eta kantua uztartuko dituen proposamena; Gaizki ulertutako eta gutxietsitako diziplina izan da askotan eta lan hauen bidez aurkakoa froga daiteke. Aukera ederra da gure tradizioari eta etorkizunari buruzko hausnarketa bat sortzeko.

 

Anari

Vesna Vulovicek 1972an 10.160 metroko erorketa sufritu zuen. Hegaldi zerbitzari lanetan ari zela, hegazkin hartan bonba lehertu zen eta Vulovic izan zen bizirik irten zen pertsona bakarra. Guiness errekorra du paraxut gabe egindako erorketa handiena egiteagatik, marka makabroa. Haren izena emanez, Vesna Vulovic, geure erorikoak eta estropezuak eta bidean aurrera egitea gai hartuta, abestitzarra sortu du Anarik disko berrian, Giza Zarata izenekoan.

Disko berria aurkezten dabil aurten, bandarekin zein bakarka, plazaren arabera. Eskualdean jada emanaldia ikusteko aukera izan genuen Tolosan, baina hura galdu zuenak aukera izango du igande honetan, urriaren 6an, Villabonako Gurea antzokian.

Artistak dio gustuko duela zuzenekoetan arriskua, presioa eta intentsitatea sentitzea, amildegi txiki baten aurrean bere burua jartzea. Vulovic hutsera erori bazen ere, Anarik badu estropezu eginda ere gora jasoko duen publikoa. Haren hitzak entzutean, hain dira gordinak, hain gogorrak, abestiak amaituta ere oihartzunak barnean jarraitu ohi duela. Edo niri hala gertatzen zait behintzat. Idazteko eta abesteko moduak badu gure barne-barnean dagoen horri —arimari-edo— eragiteko abilezia. Artista batentzat hori izan liteke erronkarik zailena agian eta Anarik lortzen du horra ailegatzea.

 

Galtzaundiren irakurle taldea: Lizar Begoñaren 'Mundu zitalaren kontra'

Galtzaundiren irakurle taldeak hilabete honetan Lizar Begoñaren lehenengo eleberria irakurriko du, XXV. Igartza sari ospetsua irabazi duen Mundu zitalaren kontra, hain zuzen. Hileroko bileran, idazlea bera gerturatuko da Tolosako kultur etxera irakurleekin eleberriaren nondik norakoak eztabaidatzeko eta liburuak sortutako erreakzioak entzuteko. Agian, iradokizunen bat ere jaso dezake idazleak.

Idazle bizkaitarrak bi poema liburu idatzi ditu —Aro beilegia eta Gepardo Japoniarrak— eta, aurten, bere lehenengo eleberria kaleratu du, Igartza saria jaso ostean. Benidormeko kiosko baten bueltan mugitzen diren bi pertsonaiaren inguruko istorioa eraiki du idazleak; bakardadeaz eta dekadentziaz hitz egiten du, egungo gizartearen erretratu zorrotza osatuz. Idazle gazteen harrobi den saria irabazita, interesgarria izango da Begoñaren sentsazioak bertatik bertara ezagutzea, ibilbidea hasi berri duen sortzailearen nondik norakoak gertutik begiratzea eta entzutea, eta, nahi izanez gero, harekin partekatzea irakurketak eragindako sentsazioak. Oso giro etxekoa sortzen da irakurle taldean, beraz, gerturatu beldurrik gabe.

 

'Zenbat lo' liburuaren aurkezpena

Iraitz Lizarraga zizurkildarra ez da geldik egoten dakien horietakoa. Hamaika arte diziplinetan aritua, ikusiko duzu zirkuan aire akrobazietan, aktore lanetan, aurkezle lanetan, irakasle gisa edota idazten ere bai. Diziplina eta jarduera guztiak beharrezko ditu Lizarragak bere sormenari bidea emateko. Sortzen zaizkion ideiek erabakitzen dute zer forma eta euskarri beharko duten egi bilakatzeko.

Gauzak horrela, argitaratu berri du Zenbat lo izeneko liburua, Txalapartarekin. Nekane
Txapartegi presoaren eta haren alabaren egoera oinarri hartuta poema liburua idatzi du
Lizarragak, Izaro Lizarraga lehengusinaren ilustrazioek lagunduta. Kartzela eta amatasuna batzen dituen liburua da, distantzia handira dauden ama eta alaba baten nahiak eta beldurrak
edertasunez islatzen dituen obra.

Villabonako Subijana etxean liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 15ean. Topaketa polita izango da istorioa gertuagotik ezagutzeko, egilearen bizipenak entzuteko eta sortze prozesuari buruzko xehetasunetan sakontzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!