Martxan dira Mikologia Jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Casino Tolosa 2013ko urriaren 17a

"Kontuz perretxikoekin!" hitzaldiak eman zion atzo hasiera aurtengo edizioari.

Jesus Avilés Amat,  Donostia Unibertsitate Hospitaleko larrialdi zerbitzuetako arduradun eta perretxikoek eragindako intoxikazioetan aditua denak,  hitzaldi interesgarria eskeini zuen atzo Casino Elkarteko lehenengo solairuko aretoan. Bertara hurbildu zirenek, larritasunaren arabera zer intoxikazio mota, zer perretxikok eragiten duten eta osasun arloko profesionalek zer protokolo jarraitzen duten ezagutzeko aukera izan zuten. Ez ziren falta izan, noski, intoxikazioak saiesteko edo noizbait horrelekorik suertatuz gero jarraitu beharreko aholkuak. Hitzaldiaren amaieran adituak zera zioen: "Ez ahaztu perretxiko guztiak jan daitezkela, baina batzuk, tamalez, behin bakarrik jango ditugu. Beraz, kontuz perretxikoekin!"

Eta gaurkoan, Zerkausian eta arratsaldeko zortzietatik aurrera,  Enrique Fleischmann, Bidegoiango Iriarte jauregi-hotelean kokatzen den "Bailara" jatetxeko sukaldariak, bere ikutu pertsonala duten perretxikoekin prestatutako platerrak  nola egin azalduko du. Berarekin batera, eta anfitrio lanetan, "Frontón" jatetxeko Roberto Ruiz arituko da. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!