Izan ere, eta zenbaki borobil-borobila ez bada ere, aurten Tolsako gaztetxe honek 18 urte bete ditu. Pertsona bat balitz, adin nagusitasunera iritsiko litzateke 2015. urtea amaitu baino lehen. Zorionak Bonbero!
Aurten ere, etxearen espazio fisikoa egokitu eta hobetzeko norabidean, zenbait gunek aldaketak jasan dituzte. Berritu egin dira eguneraketa bat behar zutelako, baino baita ere noizean behin gure etxearen itxura aldatzea komenigarri delako. Azken finean, etxearen barneko zein kanpoko irudiak piromanoek sorkuntza esparruan daramaten erritmoaren isla dira. Etengabe martxan eta proiektu berriak abiarazten ari den kolektibo batean, eraikuntza bera eta honen ingurunea erritmo hauetara egokitzen dira. Horrela, aurten 1. solairuan kokatzen diren informazio bulegoa eta bideogelak itxuraldaketa sakona izan dute. Paretak berriz ere margotu eta kolorea aldatzeaz gain, altzairuak ere berritu egin dira, gela hauetako antolamendua aldatuz.
Baina etxearen itxura ez da barrutik bakarrik aldatu. Udaratik aurrera gurean izan denak badaki gaztetxeak larruazala aldatu duela, eta orain arte etxe osoko fatxadak apaintzen zituzten graffity-ak NEOR artista tolosarrak egindako berriengatik ordezkatu direla. Estilo berberean, graffity ezberdinak.
Urtero bezala, musika arloko sorkuntzak ez du etenik izan. 71 kontzertu gaztetxean, Bonberenea Txarangak urteroko kalejira mordoaz gain eskainitako bira berezia taula gainean (Tolosako Plaza Zaharrean eskainitako kontzertu berezia barne), soinu teknikari ikastaroak, antzerki taldearen entseguak, etab. Bestalde, denera zazpi dira Bonberenea Ekintzak zigilupean argitaratutako diskoak. Urtea Anestesia taldearen Zirkulutik Espiralera diskoarekin hasi zen eta honen segidan iritsi ziren Same Old gasteiztarren Cabeza Voladora, Glaukoma ta Bad Sound taldeen batuketak eragindako Sua zaintzen singlea, H.A.N. talde bizkaitarraren aurreneko lana, Bi bala-ren bigarrena Gure Eroyak izenarekin, Ze Esatek! Talde parranderoaren Inoiz egin dugun diskorik onena eta Anai Arrebak dantzagarrien azken lana. Orotara 16 disko grabatu dira aurten Bonbereneako estudioan.
Hala ere, 2015ean ere agertu dira piromanoen baitan ez dauden kanpo faktoreak eta etxe honen etorkizunean eragina izan dezaketenak. Aurtengo maiatzean esaterako, Udal hauteskundeak egon dira eta Tolosako Udala kolorez aldatu da. Honen harira burutu genuen ekainean II. Piromanoen Deialdia, aurreko lau urteen balantzea egin eta datozen lau urteetarako aldarrikapenak modu publiko batean gauzatzeko topaketa. Fermin Muguruza, Natalia Tolosa eta Jabier Arrezibita gonbidatuen parte hartzearekin, ekitaldi hartan burutu genituen aldarrikapenak esaldi batean laburbildu ditzakegu: Tolosako Udalari eta erakunde eskudunei eskatzen diegu amaierara eraman dezatela aurreko Udalak Bonberenea dagoen tokian eta dagoen egoeran mantentzeko martxan jarri zuen prozesua. Aurrekoek hasitakoa amaitu dezatela, alegia.
Besterik gabe, mundu guztia animatzen dugu parte hartzera eta gogoratu: IZAN PIROMANO ETA ZABALDU SUA!