Dena posible zen garaietara itzuli ziren

Erabiltzailearen aurpegia Bonberenea 2015eko ekainaren 8a

"Inor ez da profeta herrian" dio esapideak. Baina Bonberenea Txarangak, tradizio eta moldeekin egin bezala, esapideak ere apurtu ditu.

Tolosako haurrek Bonberenea Txarangako kide izan nahi dute handitzen direnean. Helduek, berriz, haurren aitzakian gozatzen dute taldearen emanaldi bakoitza (edo aitzakiarik gabe ere bai).

Jende artean eta kaleko zalapartan entzutera ohituak gaudena oholtzara pasatzean, iritzi eta erreakzio zenbait aldatu egiten dira, baina Bihar ez da gaur diskoak eskatu egiten du tranpaldoari begira egoteko aulki bat.

Larunbatean, aulkiak erretiratu behar izan zituzten Plaza Zaharretik, gure herri honek duen eguraldi zoroak hala behartuta. Aterki lotsatiak pixkana hurbildu ziren, ordea, ezezagun samarra zaigun testuinguru bati begiratzeko. Plazak bazuen xarma, eta baita argiek ere. Bonberenea Txarangak lehen hiru piezak eskaini eta lehen iruzkinak entzun ziren, ordea, jendartean: "A ze soinua duen!".

Eta soinuaren indarraz, euria atertzen joan zen heinean berotu zen publikoa. Abesti abstraktu edo teknikoenekin ere dantza eginez. Finean, musika bere bizitzan ezinbesteko duen edonork gozatzeko moduko emanaldia izan zen eta, Natalia Garmendiak abestu zuen bezala, etengabe karrika jolasean, dena posible zen garaietara itzuli ziren ikusi-entzuleak.

Testua: Itzea Urkizu
Argazkiak: Josetxo Perez (Bonberenea)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!