Udal gobernuak 2018ko aurrekontuetan udaletxeko eraikina eraberritzeko proiektua sartu nahi du, eta proposatu den bezala, proiektu honek 1.740.000 euroko gastua suposatuko lioke Irurako Udalari -urteko aurrekontu orokor baten adinakoa da hori- eta 2017koarekin konparatuz %50ean igoarazi luke aurtengo aurrekontuaren zenbatekoa. Dudarik gabe, Udalaren ibilbidean, proiektu bakar batean eta kolpetik inoiz egin den gasturik potoloena suposatzen du honek eta, larriena dena, orain arte zorrik gabeko herria zorpetuko duena.
Datuak esanguratsuak bezain larriak dira: 1.600.000 euro kostatuko litzakeen obra hau ordaintzeko, 1.200.000 euroko kreditua eskatu nahi dute, eta horrela, Irurako herriak urtero 132.000 euro ordaindu beharko lizkieke gutxienez bankuei (interesekin proiektuaren gastua bi milioi eurotara igotzen delarik aurkeztu dituzten datu ofizialen arabera). Normalean, gastu finkoak kenduta, urtean 300.000 euro geratzen zaizkio Udalari inbertsioetarako, eta proiektu hau onartuko balitz, hurrengo 11 urteetan 300.000 euro horietatik 132.000 kreditu hau ordaintzera joango lirateke. Bestelako proiektuetarako margenik gabe utziko lukete, beraz, herria hamarkada batez.
Eta hau guztia herritarron iritzia kontuan hartu gabe egingo dute gainera. Izan ere, udal gobernuak dioenez, azken hilabeteetan 100 herritarrei galdetu diete telefonoz, eta horietatik 64 ados agertu omen dira udaletxea berritzearekin. Baina EH BILDUtik “inkesta” bera nola egin den zalantzan jartzen dugu, pertsona horiek nola, nork eta zer irizpide jarraituta aukeratu diren ez baitakigu, eta behin baino gehiagotan eskatu arren, ez baitugu jaso oraingoz behintzat, inkestaren diseinua eta emaitzei buruzko inongo txostenik. Gainera, galdera ere tranpatia iruditzen zaigu -“nahi al duzu udaletxeko eraikina berritzea?” galdetu omen zuten-, gure ustez galderak honakoa izan beharko lukeenean: “Nahi al duzu Udalak 1.740.000 euro gastatu eta 11 urterako zorpetzea udaletxea eraberritzeko?”. Eta batez ere, eskatzen duguna da horrelako tamainako proiektu batean herritar guztiek eduki beharko luketeela iritzia emateko aukera.
Azken urteetan udalak Iruran egin dituen proiektu guztiak batera jarrita ere ez ginateke iritsiko diru kopuru horretara: trinketea, frontoia, kultur etxea, haurtzaindegia, zahar egoitza... Eta garrantzitsuena dena, hauek guztiak zorpetu gabe eraman dira aurrera. Orain arte, zentzuz eta zuhurtziaz jokatu izan da kudeaketan. Zergatik hartu du Udalak kontrako bidea oraingoan? Inoiz Udal honek egin duen gasturik handienak, zorpetzea ekarriko duenak eta Irura urteetan hipotekatuko duenak ez al du merezi herritar guztion iritzia jasotzea? EH Bildu Irurak argi du baietz. Horregatik, erabakia atzeratu eta eztabaidarako bidea irekitzeko exijitzen diogu Udalari. EAJk 2015eko hauteskunde programaren laugarren puntuan zioen “Proiektuen informazio osoa ematearen alde” egingo zutela eta “herritarren partaidetza zabala eta eztabaida bilatuko” zituela. Bada, bere hitza bete dezala eta herritarron hitza entzun dezala eskatzen diogu.
EH BILDUk proiektu hau geratzea eta herritarrekin kontsultatzea proposatzen du beraz, eta horretarako ekimen ezberdinak jarriko dira martxan. Horien artean, gaiaren inguruko sinadura bilketa bat ere bai. Eman zure iritzia, herria guztion artean eraikitzeko eta erabakiak guztion artean hartzeko! Digitalki sinatu nahi dutenek,aukera edukiko dute irura.ehubildu.eus web orrian, facebook.com/bilduirura edo twitter.com/BilduIrura helbideetan eta herriko WhatsApp taldeetan ere zabalduko da. Paperean nahiago dutenek, udaletxeko ateko buzoiean utzi dezakete.
Osoko bilkura martxoaren 13an izango da, 19:30ean.