Gutuna: Ezezkoaren arrazoiak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Irura 2016ko otsailaren 22a

EAJ-PNVko bost zinegotzien botoei esker onartu dira Iruran 2016ko aurrekontuak. EHBilduko lau zinegotziek aurrekontu hauen aurkako botoa eman genuen batez ere honako arrazoiengatik:

(1) Zarretxe taberna berritu eta berriz irekitzeko diru partidarik jarri ez dutelako. Herritarren (ez bakarrik Bildu bozkatzen dutenen) parte-hartze prozesu baten bidez zehaztuta zegoen proiektua dugu hau. Orain zenbaten artean hartu dute ba proiektua geratzeko erabakia? Hau baldin bada parte-hartzeari buruz duten jarrera…

Udaleko teknikari baten azterketan oinarrituta egin da proiektua, dagoeneko diru kopuru bat gastatua dago (proiektua diseinatzen, lehen prestaketak egiten), eta Bilduk 2015ko aurrekontuetan diru partida bat onartuta zeukan jada lan hauetarako.

Gure ustez plaza da kasu gehienetan herriko erdigunea, bihotza, espazio publiko nagusia. Baita Iruran ere. Taberna itxita dagoenetik, plazako giroa itzaliago dagoela gauza nabaria da. Eta horregatik Zarretxea irekitzea beharrezkoa ikusten dugu, plaza eta herri bizi bat nahi ditugulako.

(2) Etxezarreta kaleko parkea estaltzeko 90.000 euro aurreikusten direlako, gure ustez parkeren bat estaltzekotan plazakoak izan beharko lukeenean lehentasuna, jende gehiena bertan ibiltzen delako. Plazan haurtzaindegia eta ikastola ere badaude, eta horregatik bertako parkean goizetik iluntzera jendea ibiltzen da.

(3) Sarreren atalean “etxe hutsen errekargua” kendu dutelako, eta konpentsatzeko ibilgailuen zerga igo delako. Iruran 70 etxek ordaintzen zuten zerga hau, horietako batzuk banketxeenak edo eraikuntza enpresa handienak direlarik. Berriro ere ahalmen handiena dutenen alde jartzen dira, Gipuzkoa mailan aberatsen zerga kendu zenean bezala.
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!