Irurako EAJ, Tolosakoaren txotxongilo

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Irura 2016ko urt. 27a, 09:57

Hondakinen bilketa sistema aldaketa dela eta, urtarrilak 15ean Irurako PNVrekin bilera bat eduki genuen, guk eskatua, honako eskema aurkezteko:

-EH Bildu bezala, onartzen dugu PNV dagoela orain Irurako udalean gobernatzen, eta hondakin bilketari dagokionez, edukiontzietan oinarritutakoa dela bere aukera.
-Baina kontrolik gabeko edukiontzi edo kontainerretan oinarritutako sistemak kasurik onenetan (Zarautz, Urnieta eta Beasain) hondakinen %45 bildu duenez gaika, eta gu orain %73an gaudela kontutan izanik, proposatzen duguna da erdibideko sistema bat, edukiontzi edo kontainer kontrolatuetan oinarritutakoa (organiko eta errefusarentzat). “Mistoak” ere deitu izan diren sistema hauetako asko daude, eta horietako batzuk PNVk onartu ditu (Mutriku eta Azkoitian).
-Gure proposamena negoziatzea da beraz, beste herri batzuetan PNVk egin duen bezala (Villabonan adibidez), Iruran ahalik eta gaikako bilketa tasa handienak mantendu ditzagun.

Pentsatuko zutela erantzun ziguten, eta ostegunean (urtarrilak 21), astelehenerako (urtarrilak 25) bilera batera deitu gintuzten. Eta hara non ikusten dugun, bitartean, ostiralean (urtarrilak 22), guk ezer jakin gabe, prentsaurreko bat ematen dutela sistema berria aurkezteko (kontrolik gabeko bost edukiontzi). Ze errespetu gutxi! Nonbait politikan edozer gauzak balio duela pentsatzen duten horietakoak dira Irurako PNVkoak.

Aipatzeko iruditzen zaigu baita ere prentsaurreko horretan Tolosako PNVko zinegotzi den Patxi Amantegi egotea eta hitza hartzea. Prentsaurrekoko testua bera ere non idatzi zen pentsa dezakegu. Lehen ere bagenuen susmoa Irurako PNV Tolosakoaren sukurtsal edo auzo bezala funtzionatzen ari zela (Atez Atekoaren galdeketa Olatz Peon eta Patxi Amantegik antolatu zuten), eta berriro ere baieztatu egin zaigu hipotesia. Asteleheneko bileran (urtarrilak 25) ere berak hitz egin zuen PNVren izenean, eta gaia aipatu genionean eman zuen azalpena izan zen, Irurako alkateak laguntza eta babesa eskatu diela, herriko egoera ez delako normala. Nonbait Bilduk bere oposizio lana egitea (galderak egitea, gobernu taldea kontrolatzea, gaizki egindakoak salatzea) ez zaie normala iruditzen PNVko ordezkariei. Eta honi guztiari gehitu behar zaio nonbait Tolosa prest dagoela Iruraren hondakin bilketa gastuaren zati bat ordaintzeko. Egoera honek agerian uzten duena da Irurako gobernuaren gaitasun falta larria eta PNVren herriekiko errespetu eza noraino iristen den. Penagarria da gure ustez Irurako zinegotziak Tolosako txotxongilo bezala funtzionatzen ikustea.

Edukiei buruz hizketan hasita, zer esan? Gure  ustez, kontrolik gabeko bost edukiontzien sistema aukeratzearekin ilusio bat saldu nahi dute: Atez Ateko sistema ezarri aurreko egoerara bueltatuko garela. Baina PNVk ere badaki dagoeneko hondakinak gaika ahalik eta gehien sailkatzea ez dela borondatezko zerbait, betebehar bat baizik.

Gogoratu Pasaian, Atez Ateko bilketa sistematik bost edukiontzi libreetara pasatu direla, eta ekainean Atez Atekoarekin 88 tona errefusa bildu ziren bitartean, abenduan, edukiontziekin, 171 tona bildu direla.
Kuriosoa da baita ere orain PNVk Irurako herriari eskatzea “ezinbestekoa den laguntza”, hiru urte pasa dituztenean Bilduk proposatutako sistema boikotatzen.

Sistema berrira aldatzeko PNVren arrazoiak? Erortzen joan dira estetika eta inposizioa (zeren bestela nola esplikatu Bilduko zortzi zinegotzien erabakiak inposizioa zirela baina PNVko bost zinegotzien erabakiak demokratikoak direla). Zein geratzen ziren ostiraleko prentsaurrekoan? (1) Sistema berria garbiagoa izango dela: komentariorik behar ez duena, herri guziak baitaki nor eta zertarako aritu den nahita zabor poltsak lurrean uzten. (2) Sistema berria merkeagoa izango dela: mankomunitatearen txosten ekonomikoak gezurtatu du hau, 2015ean 62.000 euro ordaindu baitzituen Irurak hondakinak biltzeko, eta 2016an sistema berriarekin 65.744 ordainduko baititu. Eta gainera beste 30.000 euro ordaindu beharko zaizkio bilketaz arduratzen den enpresari, aurreko zirkuituaren gastu batzuk mantendu egiten direlako. Gezurrak hanka motzak dituela… Patxi Amantegiren justifikazio antologikoa: “Gehiago ordainduko duzue, baina merkeagoa da”. (3) Zer geratzen zaigu? Erosotasuna, horrelako gai serio batean labainkorra dirudien argudioa. Imajinatzen duzue osasuna eta ekologia tartean dauden beste gaietan agintariek erosotasuna erabiltzea irizpide bezala erabakiak hartzeko garaian?

Politikaren aurpegi zikinena erakutsi digu gai honek. Baina sistema berriak ere ahalik eta gaikako bilketa datu hoberenak ematea nahiko genuke, eztabaida honetan Bilduren helburua errauste planta ekiditea delako. Eta frogatu dugu egin daitekeela, hondakinen %30 gaika biltzetik %70tik gorako tasetara igoaz. Eztabaida hau Gipuzkoako agenda politikoaren erdian kokatu dugu, eta urte hauetan sentsibilizazio lan izugarria egin da. Atez Atekoarekin jende askok hondakinak gaika banatzeko ohitura hartu dugu, eta horri esker orain tasak mantentzea espero dugu. PNVren helburua ordea ez ote da erraustegia beharrezkoa dela frogatzea?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!