Gutuna: Ana Leundari

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Irura 2015ko urr. 22a, 11:20

2015eko urriaren 8an TOLOSALDEKO ATARIAn argitaratutako elkarrizketan, Ana Leunda Irurako alkateak zion «edukiontzi bidezko zabor bilketa» jarriko duela PNVk, «hauteskundeetako emaitzak hor daudelako, eta orain hitz emandakoa betetzea dagokigulako».

Aurreko legealdian Bilduk 8 zinegotzi zituen Iruran eta PNVk bakarra, eta hala ere, legealdi osoa pasa dute inposizioa hitza errepikatuz, Bilduk udaletxean hartutako erabakiak kritikatzeko. Orain PNVk bost zinegotzi ditu, eta Bilduk lau, eta diskurtsoa erabat aldatu da, «gehiengo politikoak aldatu direnez», erabakiak PNVk hartuko dituelako. Nola da posible lehen inposizioa zena orain demokrazia izatea? Ez al da inkoherentzia eta kontraesan handia? Zergatik gauza bera Bilduk egiten duenean inposizioa bihurtzen da, eta PNVk egiten duenean demokrazia? Ez ote da izango inposizioaren kritika erabili zela Bilduri kontra egin, hauteskundeak irabazi eta erraustegia eta PNVren bestelako proiektuak inposatzeko?

Gardentasuna ere aipatzen zuen Ana Leundak elkarrizketa horretan eta noski, horren alde dago Irurako EH Bildu ere. Baina politikan, bizitzako beste edozein ataletan bezala, ekintzak hitzak baino inportanteagoak dira. Horregatik harrigarria iruditu zaigu ATARIA-ko elkarrizketan, Zarretxe taberna berritzeko proiektua «aztertzen ari direla» entzutea, dagoeneko udaletxeko Osoko Bilkuran onartua baitzuten aurretik proiektu hori ez dutela egingo. Eta ez hori bakarrik gainera: proiektua zehazteko aurreko legealdian herritarrek izandako parte-hartze prozesua bera ere zalantzan jarri zuten («proiektua zenbat herritarrek erabaki zuten 30, 40, 100 pertsonek?» zioten). Ez digutena adierazi da, proiektuari bizkarra emateko erabakia zenbaten artean hartu duten. Larritzat jotzen dugu, parte-hartze prozesu bat zalantzan jartzea, batez ere, herritar ezberdinen artean eginikoa delako. Hor ez dago talde politiko baten proiektua, irurarrena baizik. Herritarrek errespetua merezi dute, talde politikoen arteko liskarretatik harago kokatu beharreko errespetua.

Elkarrizketan, igaro berri ditugun jaietan pankarta eta kartelen inguruan izandako eztabaida ere aipatzen zen. Ana Leundak, oinarrizko giza eskubideen aldeko pankarta eta kartelak kentzeko agindua eman zuen, eta elkarrizketan esaten zuen festak eta aldarrikapenak nahastea ez duela gogoko. Gure ustez ordea, giza eskubideen defentsak ez du izan behar etenik, eta irurar guztion alkateak adierazpen askatasuna errespetatu behar du, jaietan ere.

Amaitzeko, Irurako EH Bilduk irurarren interesen aldeko bidean parte-hartzeko konpromisoari eutsiko diola adierazten du. Herritarren gehiengoak oposizioan kokatu gintuen, eta lan hori arduraz beteko dugu. Hauteskundeetan babesa eman zigutenei eta ez zigutenei ere zor diegulako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!