Autobideko ordainlekuz ordainleku jarraitzen dute Algeciraseraino, Gibraltarko Itsasertza zein Kultur Itsas-zabala zeharkatu arte. Etxera itzultzen dira, Komunitatera, Aberrira. Hori da bigarren belaunaldiei uzten dieten ondarea: herri bat, Herria.
Herri berde, gorri eta zuri honetara emigratu zutenenek bigarren (eta hirugarren) belaunaldia osatzen dugunoi ere herri bat utzi ziguten, Herria.
Ekainaren amaierara arte Herria oroimenean ezkutaturik geratzen zen, baztertutik, urtean behin gertatzen diren gauza horiek bezala, hala nola urtebetetzeak edo Gabonak. Baina ikasturtea amaitzear zegoela, opor-lekuen dantza hasten zen. Dantza gehienek mediterraneo usaina zuten. Gureek, ostera, Herri usaina zuten.
«Gure familiek ere maletak, kutxak eta poltsak ametsez betetzen zituzten. Muga mentalak zeharkatu eta bidesari emozionalak ordaintzen zituzten»
Gure familiek ere maletak, kutxak eta poltsak ametsez betetzen zituzten. Muga mentalak zeharkatu eta bidesari emozionalak ordaintzen zituzten. Haritzak olibondo bihurtzen ziren, mendiak landa hori, artoa gari eta lainoak eguzki distiratsu, itsugarri eta agorrezina.
Haurtzaroko inozentzia egun horiek bizikleta lasterketez, igerilekuz eta gaueko ordu txikiak arte irauten zuten jolasez betetzen ziren. Etxeko atean freskura hartzen ari ziren beltzezko andreek*, jakin-gosez, «zu norena zara?» itaun egiten zutenean, guk, barre-algara lotsagabez «nire amarena!» ihardesten genien. Mugak behaztopa franko eginez eta kolpe on batez ikasten genituen.
Udaro ezkontza eta hiletaren bat egokitzen ziren. Oso almodovarianoa dena. Oso dramatikoa. Erraietakoa. Bizikletetatik so egiten genuen, oin bat pedalean eta bestea lurrean. Begiak han, baina begirada hemen.
Hala ere, zerbait irrikaz espero bagenuen, Udako Ekaitza zen: lur lehorrak euriak bustitzen duenean botatzen duen usaina. Nahikoa da neurona sentsorialek behin bakarrik atzematea, memorian betiko gordeta gera dadin. Guretzako, bigarren (edo hirugarren) belaunaldia, hein batean beti izango garenak Herrikoak, petrikorra izango da betiko gure usaina.
Dena den, Herrian Besteak ginen beti; euskaldunak, valentziarrak, madrildarrak. Itsasartea zeharkatzen dutenak bezala: frantsesak, belgikarrak, alemaniarrak. Tolosakoa, Arrasatekoa. Batxillerrekoa, Rondillakoa. Bitxia da nola espazioak Bat edo Beste bihurtzen gaituen, milaka kilometrotakoa ala urruntasun-urrats gutxikoa izanda ere.
*Ez galdu Isabel Valdesen Las mujeres de negro (El País, 2023/03/20).