Zeharkatzen nauen hori

Erabiltzailearen aurpegia Beatriz Rubio Perales 2023ko mai. 21a, 07:58

Irakasleek niri galdetzearen beldur naiz. Nire bularrak ez ote diren behar adina haziko edo gehiegi haziko diren beldur naiz. Akneak beldurra ematen dit. Gorantz ez erortzeak beldurra ematen dit. Whatsapp taldean ez egoteak beldurra sortzen dit. Barre egin diezadatela Instagramen. Lehen musuak beldurra ematen dit, lehen musua ez iristeak ere bai.

Beldurra ematen dit mozkortzeak. Eta drogek. Neure oskoletik ez ateratzean beldurra eragiten dit. Etxera bakarrik itzultzeko beldur naiz. Beldurrak kolpatzen nau bakarrik nagoenean mutilek oihu egiten didatenean. Sustraidun eta era berean hegodun zuhaitza izatearen beldur naiz. Beldurra ematen dit aukeratuko ditudan ikasketek ez asetzeak. Beldur diot nire fitxa aurrekari penalez ez betetzeari. Bakardadeak beldurra ematen dit.

Emakume izateagatik ez ote nauten kontratatuko edo gutxiago kobratuko ote dudan beldur naiz. Prekaritateak. Beldur diot kristalezko sabaiari. Gurasoen etxetik joateko dirurik ez izatearen beldur naiz. Bakarrik bizitzeak beldurra ematen dit. Neure aukeren gainetik amets ez egiteak beldurra sortzen dit. Maitemindu ez ote naizen beldur naiz. Beldurrak airean uzten nau Tinderren erakusleihoak. Beldurra ematen dit ama izateak. Ama txarra izateak. Beldurra eragiten dit zu ez den beste batekin amets egiteak, errutinatik ihesi. Amets berriei ez eustearen beldur naiz. Beldurra ematen dit hutsera salto egiteak. Beldur diot Euriborraren igoerari. Gurasoak nire mende egotearen beldur naiz. Seme-alabek euren bidea ez aurkitzeak beldurra eragiten dit. Bakardadeak beldurra ematen dit.

Beldurra sortzen dit nor zaindu ez izateak. Alzheimerrari beldur diot. Minbiziari. Zimurrek beldurra ematen didate. Nekeak eta minak beldurra eragiten didate. Denbora libreak beldurra. Ezin irakurtzeak beldurra. Poesia ahaztea. Besteen mende egoteak beldurra eragiten dit. Aurrezkiak bukatuko ote zaizkidan beldur naiz. Nitaz ahaztuko diren beldur naiz. Entzungo ez didaten beldur naiz, hitza emango ez didaten beldur. Nigatik erabakiko duten beldur naiz. Agurren beldur naiz. Malenkonia kalean biziko naizen beldur naiz. Heriotzaren beldur naiz. Beldur diot patuari errua botatzeari, aitzakia koldarrena. Bakardadeak beldurra ematen dit.

 

«Bizitza laztandu, musukatu eta besarkatu egiten dugu. Erditu eta zaindu. Bizitza emakumeok gara. Emakumeok bizitza gara»

 

Beldurra jaio, hazi eta hil egiten da. Beldurra piztu eta itzali egiten da. Beldurrak itsutu egiten gaitu. Mututu. Beldurrak geldiarazi egiten gaitu. Baina, bizitzak bultzatu egiten gaitu. Bizitza abestu eta dantzatu egiten dugu. Usaindu egiten dugu, xurgatu. Erein, ureztatu eta jaso. Bizitza laztandu, musukatu eta besarkatu egiten dugu. Erditu eta zaindu. Bizitza emakumeok gara. Emakumeok bizitza gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!