Nolako egurra, halako ezpala

Erabiltzailearen aurpegia Beatriz Rubio Perales 2023ko mar. 24a, 07:57

Garrantzia emozionaletik biologikotik baino gehiago duen arren, nire alabaren haurdunaldian, haren obuluak sortzen ziren bitartean, umetokian balizko biloba baten hazia izan nuela jakiteak indartu egin zuen ama-alabon arteko lotura berezi baten uste sendoa. Gorputz bakar baten barruan hiru emakume belaunaldi! Hori bai miraria eta ez Mariarena!

Aurkikuntza horri beste bat gehitu nion: gure gorputza osatzen duten zelulen atal bat, mitokondriak, amarengandik baino jasotzen ez direla jakitea. ADN-mitokondriala soilik geronek seme-alabei transmititzen diegu. Ama beraren seme-alaba guztiek dute ADN-mitokondrial berdina; beraz, DNA proba batekin gure amaren arbasoak nondik datozen jakin genezake, eta horri esker, haren aldeko familiaren historia pertsonala ezagutu.

Kultura edo garaia edozein dela ere, beti dago elkarren arteko lokarri ikusezin bat, bederatzi hilabetez bizitza bat sortzeak betikotzen duena: bi emakumeren arteko konplizitate harreman berezi eta, askotan, adierazezina. Historiaren urtekarietan murgilduz, ama-alaba aparten istorio apartak aurki ditzakegu.

Flora Tristan eta Aline Chazal alaba. Amak, sozialista eta feminista aitzindaria, emakumeak parien artean paria izendatu zituen eta gizonei berdintasunaren aldeko borrokara batzeko eskatu zien. Amarengandik jasotako ideologia eta ezagutza ondarea funtsezko zutabe bilakatu ziren. Pentsaera nahiz jakintza horiek ezinbestekoak izan ziren semeak, Paul Gauguin margolaria, bizitza eta artea kolore distiratsuz zipriztintzeko.

Mary Wollstonecraft eta Mary Shelley. Wollstonecraften Emakumeen eskubideen erreibindikazioa obra feminismoaren sorrerako testutzat hartzen dute askok. Erditzean hil egin zen. Amaren ibilbidearen itzal luzea bizkarrean zuela, alabak, Mary Shellyk, istorio unibertsal eta betierekoa idatzi zuen: Frankenstein. Shelleyren semeak erre egin zituen haren esku zeuden obra guztiak, amak eta amonak feminismoarekin zuten harremanagatik ahalketuta. Patriarkatuaren itsutasunak bi emakume paregaberen argirik gabe utzi gintuen.

Ama eta alaben arteko harremanari buruzko literatura asko dago: Vivian Gornick, Angelika Schrobsdorff, Elena Ferrante, Siri Hustvedt. Ama horiek guztiek arrastoa utzi zuten alabengan. Ama guztiok uzten dugu arrastoa alabengan: konplizitatea, jelosia, autoritatea, harrotasuna, itxaropenak, traizioak…

 

«Gorputz eta DNA komun batek eta historia partekatu batek bereizi eta bereziago bilakatzen gaituen arren, denboraren iragaiteak erakusten digu gutako bakoitza EME-KUME bakarra dela»



Nolanahi ere, gorputz eta DNA komun batek eta historia partekatu batek bereizi eta bereziago bilakatzen gaituen arren, denboraren iragaiteak erakusten digu gutako bakoitza EME-KUME bakarra dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!