Baina, nola abesten da Hutsa? Nola dantzatzen da Bakardadea? Anarik ahots urratuz egiten du: «Inoiz izan ez duzun zerbaiten ausentziak eragiten dizun zulo sakona, zeure burua ez ezagutzeraino».
Ez gara ausartzen minari aurrez aurre begiratzera, Hutsak eta Bakardadeak sortzen duten min horri. Gogor heltzen diogu aingurari, baina, ezinbestean, beti flotatzen amaitzen du. Gure beldurrek ito egiten gaituzte eta flotagailua janzten dugu babestuko gaituelakoan.
Bestearengan gure antzekoa ikusteko gaitasuna galdu dugu, alteritatea bereizgarri garaikide bihurtu dugu. Narcisok bezala, soilik gure irudia ikusten dugu uretan islatuta. Plazer sinple eta naturala bilatzen dugu, etengabe oinazetik urruntzen gara. Elkar ukitzen dugu, baina ez dugu elkar laztantzen; elkar desiratzen dugu, baina ez dugu elkar maite; elkar ikusten dugu, baina ez diogu elkarri begiratzen. Dena dela, kontuz! Ez bedi izan Narciso bezala gu ere itotzea geure irudia musukatzen saiatzean.
«Bestearengan gure antzekoa ikusteko gaitasuna galdu dugu, alteritatea bereizgarri garaikide bihurtu dugu. Narcisok bezala, soilik gure irudia ikusten dugu uretan islatuta»
Byung Chul Hanen nekearen gizarteaz, Baumanen maitasun likidoez edo Marina Garcesen niaren inflazioaz ordu txikiak arte jardun dezakegu: nahi ditugun teoria filosofiko edo ikerketa soziologiko guztietara jo dezakegu, gure arintasunaren aurkako txerto perfektua aurkitu arte. Nire erantzunak, aldiz, narrastiagoak, linbikoagoak dira: kolektibotasunak baino ez gaitu salbatuko deskontsolamendu eta deserrotzetik. Elkartasuna da gizarte gisa aurrera egiteko eta, ondorioz, Itxaropena abesteko eta Ametsak dantzatzeko daukagun armarik baketsuena, parekideena eta bidezkoena.
Barrenetan sentitu eta eztarria itxi arte hazten den min hori, fisikoa ez baina itogarria den mina; min hori jasatea da gizaki egiten gaituena, hots, enpatikoak bihurtzen gaituena. Eta enpatia hori partekatua eta kolektiboa denean, aldaketaren, iraultzaren eta borrokaren eragile da: lagun bat besarkatu, gaixoa zaindu, agureari eskua eman, etorkina hartu, disidenteari ahotsa eman, emakumeari beloa kendu. Sustraietara jo. Bada garaia, beraz, ustezko «harr-otasuna» «eme-tasun» haziz ereiteko.