Aparkatuta. Atrakzioaren amaiera. Hala ere, alabaren aurpegiak harritu ninduen: «Hemen aparkatuko duzu? Ez dizu beldurrik ematen? Eta ZU bakarrik etorriko zara autoaren bila?».
Galdera horiek Shambalaren parean zeuden! Zergatik ez nuen NIK ba han aparkatuko? Ingurua behatu eta, alabaren begiekin, lekua baloratzen saiatu nintzen. Kale estu eta iluna, etxe zahar eta birgaitu gabeak, arropa balkoietatik zintzilik, espaloi zikina, kartelak euskaraz eta arabieraz, bachata musika zirrikituetatik eta eslaviar hizkuntzaren batean hitz goxoak atarian.
12 urteko alabaren aurreiritziekin topo egin nuen, aurrez aurre, ustekabean. Nire alaba pobrezia eta immigrazioa arriskuarekin edo indarkeriarekin lotzen ari zen. Orduan bai igo zitzaidala adrenalina! Non zeuden nire alabari, ustez, erakutsitako balore aurrerakoiak eta ezkertiarrak? Nire alabaren pentsamenduan diskurtso xenofoboak eta aporofoboak lotsarik gabe ate joka aritzeaz gain, ideia horiek bere askatasuna mugatzen eta erabakitzeko gaitasuna baldintzatzen ari zirenaz jabetzen ari nintzen.
Nire seme-alaben aitona-amonak etorkinak dira. Galsoro horiak, zeruertz urdina eta Gaztela zabalak aldatu zituzten gure herrietako galdategi beltz eta hermetikoengatik. Langileen auzoetan eta etxe xumeetan bizi ziren. Ez zuten hizkuntza ezagutzen. Aurreiritziei, lan-baldintza gogorrei eta klimari ere aurre egin zieten ausardiaz; seme-alabei beraiek izan ez zutena eskaini nahiak ematen dizun adoreaz.
«12 urteko alabaren aurreiritziekin topo egin nuen, aurrez aurre, ustekabean. Nire alaba pobrezia eta immigrazioa arriskuarekin edo indarkeriarekin lotzen ari zen. Orduan bai igo zitzaidala adrenalina!»
Ni izan nintzen aldaketaren belaunaldia nire familian: euskalduna, goi mailako ikasketak, independentea, etxe hobea eta bizitza ez hain gogorra. EUSKARARI eta HEZKUNTZAri aldaketaren, kulturaren eta duintasunaren boterea emateko ausardia izan zuten etxekoek.
Eta orain, ofizioz eta bokazioz, hezkuntza-sistemaren engranajearen parte naiz. Eta bihotzak eztanda egiten dit ikasle baten begietan aldaketaren belaunaldi berri bat topatzen dudan bakoitzean. Ez dugu guztiekin lortzen, baina ilusiorik, indarrik eta determinaziorik ez zaigu falta. Borrokarako indarrak agortzen zaizkidanean, Moha, Ali, Ivana, Judith, Minahil eta beste hainbatek laguntzen didate beti, baita nire guraso, aitona-amonen eta beraiek bezala herri-mina sentitzen duten etorkin guztiek, besteen aurreiritziak pairatzen duten guztiek.
Aparkatzeak beldurra eman dezakeen TolosaVentura Park honetan belaunaldiaren aldaketa izan daitezkeen ume asko daude. Jon Maiaren hitzetan, «munduan leku bat».