Aizkora zorroztu daiteke, baina mingaina berez behar da zorrotza

Erabiltzailearen aurpegia Jon Martin 2018ko ots. 16a, 11:43

Joseba Otaegi. CONNY BEYRESTHER

Natural egiten du bertsotan Joseba Otaegik. Iturriari ura nola, halaxe dario bertsoa nola eta nondik jakin gabe. Egurra da, ez zura.

Eskolarteko txapelketatan nabarmendu zen haur bat baino ez zenean, baina bertsolaritza utzi zuen gaztetan. Gipuzkoako Herriarteko txapelketako finalean kantari entzun ahal izan dugu, bizitza guztia plazan daramanaren ziurtasunez. Aizkoran herriz herri ibiltzeak jendaurrerako tenplea eman dio, antza, eta silabak zehaztasunez ebakitzen jarraitzen du.

Zer zorrozten da aiseago mingaina edo aizkora?

Aizkora zorroztu daiteke, baina mingaina berez behar da zorrotza, zorroztea zaila da. Hemen inguruan errimatzen ez dakien jende asko dago mingaina aski zorrotza daukana. Askotan pentsatzen dut, horrek “talentu hori bertsotara errenditzen baleki…”.

Nolatan apuntatu zinen Herriarteko txapelketara?

Unai Mendizabalek aipatu zidan 2013an Herriarteko txapelketa antolatzeko asmotan zebiltzala. Akaso apuntatuko nintzela esan nien. Garai hartan oraindik asmo bat baino ez zen txapelketa hura, baina iaz, Iturriondon, afaltzen ari ginela, esan zidaten aurrera zihoala. Harituz bertso eskolen sareak antolatutako taldekako txapelketan parte hartua nintzen ordurako, eta pentsatu nuen “zergatik ez honetan ere?”.

Herriartekoan ez zaizkizue aurkari samurrak egokitu.

Bai, lehen multzoan Zarautz tokatu zitzaigun, eta oso zaila zen Nahikari Gabilondo, Felix Zubia eta Mantxi bezalako bertsolariak gainditzea. Hori jakin genuenean gure aurreikuspena bi saio egitea zen, baina aurrera egin genuen gure multzoan. Ondoren etorri ziren Ereñozu eta Azpeitia. Nire ustez Alegian egin genuen saiorik onena. Taldekako ariketa asko zeuden eta horrek ere balantza gure aldera mugitzen zuen. Nik uste gure arteko giro ona igerri egiten zela kopla kantari.

Ilusioa egingo zizun txapelketan aurrera egiteak, ezta?

Bai, baina pena punttu bat ere banuen… Ni lanpetuta nenbilen aizkora eta lanarekin, eta taldekideak ilusioz beteta sumatzen nituen. Pena ematen zidan nire irristada batengatik kanpora geratzeak.

Pena da hitza? Ez zuen gehiago beldurretik edo lotsatik?

Txapelketa honetan ez dut inoiz lotsarik sentitu, nik uste inork ez zidala exijitzen lotsa sentitzeko adina. Beldurra denik ere ez dut uste. Penatik gehiago zuen. Finalean, adibidez, ez nuen sentitzen pena hori. Azken finean, finalera iristeko ilusioa zuten taldekideek eta hura beteta zuten.

Jarraitu hemen irakurtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!