Behategiak ‘Euskal hedabideen urtekaria 2020’ lana aurkeztu du

Erabiltzailearen aurpegia Behategia 2021ko uzt. 16a, 17:00

Igor Astibia Teiletxea (HEKIMEN euskal hedabideen elkarteko zuzendaria), Libe Mimenza Castillo (Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzailea) eta Edorta Arana Arrieta (EHUko irakaslea eta ikertzailea, NOR Ikerketa Taldea)

Euskal Hedabideen Behategiak 2020ko urtekaria aurkeztu du gaur Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Behategiko koordinatzailea den Libe Mimenza Castillo, Hekimeneko zuzendaria den Igor Astibia Teiletxea eta EHUko irakaslea den Edorta Arana Arrieta agertu dira prentsaren aurrean urtekariaren edukiaren berri emateko.

 

 

Hona hemen urtekariak biltzen dituen artikuluak eta haien egileen zerrenda:

Bi kronika irakur daitezke hasteko: HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendari den Igor Astibia Teiletxearen artikulua, «Pandemiak pandemia, euskal komunikabideak aurrera begira»; eta Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaile eta EHUko NOR ikerketa taldeko kide den Libe Mimenza Castillok idatzitako «2020ko nazioarteko ekosistema mediatikoaren letra-zopa».

Urtekariaren bigarren atala lau lanek osatzen dute: «Zientziaren komunikazioa sindemiaren aroan» izenburuko artikulua idatzi du Elhuyarreko zientzia-komunikatzaile den Ana Galarraga Aiestaranek. Jarraian dator 2020an lehen urratsak ematen hasi zen komunikazio-proiektu baten kontakizuna: «KLAK gazte ahotsa». Segidan, UKT marka berriaren zuzendari nagusi den Gorka Zabaleta Lopetegik idatzitako bateratzearen xehetasunak «UKT (Urolako Komunikazio Taldea) batzen gaituena gara» artikuluan. Azkenik, «Bizkaiko tokiko hedabideen proiektu komunikatiboak sendotu, berauen kudeaketa hobetuta» artikuluan bildu dute egindakoaren kontakizuna Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusi den Xabier Arauzo Uriartek, TOKIKOMeko kudeatzaile Alaitz Artolazabal Amilletak eta BFAko Euskara Zerbitzuko buru Nestor Atxikallende Bilbaok.

2020ko Urtekariaren hirugarren atalean bildu ditugu aurtengo bost azterlan luzeenak eta mamitsuenak. «Emakumeen presentzia euskal hedabideetan: GMMP monitorizazioaren 2020ko emaitzak Hego Euskal Herrian» izenburua duen artikuluan, Global Media Monitoring Project monitorizazioaren 2020ko Hego Euskal Herriko azterketa eta emaitzak landu dituzte. EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko irakasle eta ikertzaile diren Tania Arriaga Azkarate, Itxaso Fernandez Astobiza, Marian Gonzalez Abrisketa, Arantza Gutierrez Paz eta Andoni Iturbe Tolosaren lana da.

Hurrengo artikuluak, euskal Telebistaren azpidazketa planera garamatza: «ETB ingurune inklusiboa euskararentzat?» lana sinatu du EHUko NOR ikerketa taldeko Marijo Deogracias Horrillok.

«Gazteen artean ikus-entzunezko kontsumoa astindu zuen birusa» Applika+ eta Solidary ikerketa proiektuetako kide, eta tartean EHUko NOR ikerketa taldekoa ere baden Edorta Arana Arrietaz gain, honakoek sinatzen dute artikulua: Asier Amezaga Etxebarria, Maite Egia Gutierrez, Maialen Goirizelaia Altuna, Naia Laka Arrizubieta, Iraitz Madariaga Etxebarria, Blanca Miguelez Juan, Bea Narbaiza Amillategi eta Itziar Zorita Agirre.

CodeSyntax enpresako Josu Azpillaga Labakak idatzi du iazko fenomeno esanguratsuenetako bat hizpide duen artikulua: audientzia digitalak, edo euskarazko hedabideen audientzia digitalen hazkunde historikoa. «Hekimen elkarteko webguneak 2020. urtean» lanean irakur daitezke zenbaki borobilen atzean dauden xehetasunak.

EHUko NOR ikerketa taldeko Josu Amezaga Albizurena da «Aukera berriak Europatik euskal komunikabideentzat?» artikulua. 2020. urtearen amaieran, Europako Batzordeak komunikabideen politikan eragiteko plan berri bat onartu zuen, lehenbizikoz fokua informazioaren espazio eta egituretan jarrita.

Hamaika lan horiez gain, aurtengo bilduman azken atal berezi bat ere gehitu dugu: «Euskarazko komunikazioa eta COVID-19» izenburupean 2020ko udaberrian behategia.eus atarian argitaratu genituen azterlanen bilduma.

#BEHATEGIAurtekaria PDF: https://behategia.eus/eu/txostenak/urtekariak/

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!