Ekotaloak eta garagardo artisaua ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Beertoki 2018ko abenduaren 27a

Gabonetako plan alternatibo hau tradizio berri bat bilakatzeko bidean doa. Abenduak 28an, ostirala, 18:00etan, Berdura plazan izango da.

Neguko hotzari aurre egiteko eta Gabonak herri giroan ospatzeko asmoz, iaz bezala, talo ekologikoak eta garagardo artisauak eskainiko dituzte Beertokiko gazteek. Zita datorren abenduaren 28an izango da Villabonako Berdura plazan. Familia guztiarentzat antolatutako Gabonetako plan alternatibo hau tradizio berri bat bilakatzeko bidean doa. Gainera, aurten, berrikuntza modura gaztaina erreak ere eskainiko dira.

Alkizako Julen Altzelai Agerre talogilea da EkoTaloak proiektuaren sortzailea. Agerre eta bere kideek, arto-irin ekologikoa erabiltzen dute taloak egiteko eta hau betetzen duten produktuak ere bertakoak eta ekologikoak izaten dira. Zapore ezberdinetako taloak egiten dituzte. Iaz, bakailao, onddo nahaskia edota talo beganoa izan genituen aukeran, betiko txistorra, hirugiharra, gazta eta txokolateaz gain. Eta noski, aurten ere talo bereziak dastatu ahal izango ditugu.

Gaztaina eta taloez gain, Beertokik antolatzen dituen ekimen guztietan bezala, Euskal herriko garagardo artisaua egongo da. Beraz ez izan zalantzarik eta gerturatu Berdura plazara hilaren 28an, familia edo lagunekin urtea ongi amaitu eta arratsalde polit bat pasatzera.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!