«Euskaldunon kontrako jazarpenak ez dauka limiterik, ez denboran ez espazioan»

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre

Urriaren 4an Argentinara joan zen Nekane Txapartegi, emakume eta sexu disidenteen Topaketa Plurinazionalean parte hartzeko. Buenos Airesko aireportura iritsitakoan, herrialdera sartzea ukatu zioten eta deportatu egin zuten. 'Argia' astekarian kontatu du.

Suitzako Lora irratiko hainbat kide Argentinara joan ziren urriaren 4an, Emakume, Lesbiana, Trabesti, Trans, Bisexual, Intersexual eta Ez Bitarren 39. Topaketa Plurinazionalean parte hartzeko. Nekane Txapartegik honela azaldu du: «Izugarria izaten da topaketa hori, 100.000 emakume baino gehiago biltzen ditu, tartean maputxeak, aimarak eta beste jatorrizko herrietakoak. Gure asmoa zen bertan parte hartzea eta emakumeak eta genero disidentziak faxismoari aurre egiteko ze estrategia, ze borroka mota antolatzen ari diren ezagutzea. Gainera, Suitzan 2027rako zaintza greba feminista antolatzen ari dira eta kazetaritza feministaren ikuspuntutik, hango protagonisten hitzak ekarri nahi genituen, Suitzan Latinamerikako borrokak ez direlako erreferentzia».

Azalpenik eman gabe deportatua, edo "beroan itzulia"

Buenos Airesko Ezeiza aireportura 22:00tan iritsi ziren Lora irratiko kideak. Migrazioko leihatilatik pasatzerakoan, Nekane Txapartegik bere pasaportea aurkeztu zuenean, argi gorriren bat piztu zela nabaritu zuen kazetari euskaldun feministak. Pasaportea kendu zioten eta Migrazioen bulegora bideratu zuten Txapartegi. «Galdetegi informal bat egin zidaten. Esan nien banekiela zergatik ninduten han, baina eurengandik jakin nahi nuela». Txapartegiri ez zioten azalpenik eman, eta bitartean, bulegotik kanpora zeuden Lora irratiko kideei esan zieten Txapartegi deportatu egingo zutela.

Lora irratiko kideek adierazpen hauek egin zizkioten Latinta hedabideari: «Uste dugu han AEBetako zerrendak erabiltzen dituztela eta zerrenda horretan dagoela Txapartegi. Migrazioen Zuzendaritzako funtzionarioek egin zituzten komentarioen arabera, erabakia lotuta zegoen Txapartegiren ibilbide politikoaren eta borroka ibilbidearekin». Elkarrizketa honetan jasoa du Argiak Txapartegik bere ibilbidean jasan izan duen errepresioa.

Txapartegik funtzionarioei eskatu zien idatziz emateko erabakiaren berri, abokatuarekin harremanetan jarri zedin, baina ez zioten halakorik eman. Hegazkin konpainiako langile bat etorri zitzaion esatera maleta ekarriko ziola eta Migrazio saileko paper bat erakutsi zion, zeinetan jartzen zuen Txapartegi deportatu egingo zutela. «Hegazkineko langile batek eman zidan deportazioaren berri!», salatu du Txapartegik. Berriz ere funtzionarioari eskatu zion idatziz ematea deportazioaren berri, eta funtzionarioak erantzun zion idatziz jasotzekotan, gau bat atxilotuta pasatu beharko zuela bertan.

23:30ean itzulerako hegazkina hartu zuen Txapartegik. Beraz, 17 orduko joaneko bidaiari, itzulerako beste hainbestekoa pilatu zitzaion. «Fisikoki sekulako jipoia», Txapartegik salatu duenez. Parisera iritsitakoan, poliziak pasaportea itzuli zion, eta Txapartegik galdetu zien ea deportazioari buruzko idatzizko jakinarazpenik ba al zeukaten. «Ez, ez, gurekin ez du zerikusirik honek baina egiteko esan digute», erantzun zioten poliziek. Txapartegik erantzun zien: «Hemen inork ez daki ezer, baina denek egin egiten duzue».

«Trumpek erabakiko du nor mugitu ahal den eta nor ez»

«Euskaldunon kontrako jazarpenak ez dauka mugarik, ez denboran ez espazioan. Gauden lekuan gaudela, gure aurkako errepresioak konplizeak ditu. Errepresioa ez da iraganeko kontua, hara zenbat urte eta gero gertatu zaidan hau, eta badakit beste askori ere gertatu zaiela. Ez dezagun utzi harritzeaz eta amorru hori antolatzeaz», hausnartu du Txapartegik.

Txapartegiren izena AEBek haien herrialdera sartzea galarazten dien zerrenda beltzean dago, eta bere susmoa da horregatik piztu zela argi gorria bere pasaportea erakutsi zuenean. «Euskal gatazkan hau ere naturalizatu egin dugu. Badirudi norbait espetxean egon baldin bada, edo espetxera bisitan joan baldin bada, horrelakoak gertatzea arrunta dela. Horrelako gertakariei erantzun bat eman behar zaie, aldiro». Eskertuta agertu da Argentinako Topaketak antolatu dituen mugimendu feministarekin, «haiek salatu dutelako hau ezin dela normala izan. Faxismoaren funtzionamendua da aktibistak eta pentsamendu kritikoa kriminalizatzea eta herrialdean sartzen ez uztea». Txapartegik ohartarazi du 40tik gora aktibistari debekatu dietela sartzea aurten Argentinan, Gazarekiko elkartasunerako flotillako kideei, besteak beste.

AEBen zerrenda beltza gero eta herrialde gehiagotara zabaltzeko arriskuaz ohartarazi du: «Ikusita Latinamerikan herrialdeak norantz doazen, ez dakit beste herrialde batzuetara ere sartzerik izango ote dudan. Euskaldun pila bat gaude Irailak 11 hartatik zerrenda beltz horretan. Baina inork ez dakigu zerrenda beltz hori nork egiten duen. Argentinak Trumpekin duen kolaborazioaren ondorioa da eta hori da arriskutsuena, Trumpek erabakiko duela nor mugitu ahal den eta nor ez».

Lora irratiak eta hedabide herrikoi eta alternatiboen sareak deportazioa salatu dute

Lora irratiak salatu du Txapartegiri Argentinarako sarbidea ukatu zaiola «euskal preso eta iheslaria izateagatik, borroka espazioetan jarraitzeagatik eta kazetaritza feminista egiteagatik». Eta zera gehitu du: «Mileiren gobernuak publikoki aldarrikatzen ditu migrazio kontrolerako eta sarbidea mugatzeko gero eta neurri gogorragoak eta horrek eragina izan du aktibista eta pertsona kritiko askorengan. Bitartean, Lora irratitik jazarpen poliziala eta patriarkala salatzeko eta horretaz informatzeko dugun eskubidea eta betebeharra aldarrikatzen eta egikaritzen dugu. Faxismoari feminismo gehiagorekin erantzuten diogu».

Nekane Txapartegi 2022an erbestetik itzuli zenean, Argiari emaniko elkarrizketan. Dani Blanco / Argia (CC BY-SA)

RedContactoSur sareak babesa adierazi dio Txapartegiri eta deportazioa salatu du. Lora irratia sarearen zati dela eta beraz, deportazioak sarea bera kolpatzen duela adierazi du. 

Medio herrikoi eta alternatiboen nazioarteko sare honek berretsi du jarraituko duela prentsa askatasunaren defentsan, informatzeko eskubidearen defentsan eta komunikazioan aritzen direnek jarduera publikoetan libreki parte hartzearen defentsan. «Prentsa askatasunak, informatzeko eskubideak eta adierazpen askatasunak ez dute mugarik», gehitu du. Eta agintari arduradunei eta giza eskubideen nazioarteko erakundeei dei egin die, Nazio Batuen Erakundea barne, Txapartegiren eta kazetaritza egiten dutenen eskubideak errespetatu daitezen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!