«Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira»

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2024ko abu. 13a, 16:00

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan mugitu duena bidaiatzea izan da.

Naturaren parte sentitu da beti, arriskuak pairatzeraino. Ikuspegi behatzaile hori margolaritzara ere eraman du eta bere arrastoa uzten dabil orain Euskal Herriko zenbait paretatan. Bere izaera abenturazaleak amesten jarraitzea bermatzen dio. Orbegozo entzutea, norberaren bizitza eskuetan hartzea bezalakoa da.

Nondik hasiko zinateke zure bidaia kontatzen?

Nik indiar-ijito bat daukat barruan, eguratsa behar duena, hortaz, naturara jo dut beti. 12 urterekin Tolosan zegoen Scout Nesken taldean hasi nintzen, horrek mundu bat ireki zidan. Enkofratzeko bost burdin ematen zizkiguten eta horrekin sukaldea egiten genuen, lurrean zulo bat tximinia gisa. Egurren bila joaten ginen sua ondo pizteko, egurra lortzen ez bagenuen makarroiak egin gabe geratzen ziren eta. Izorrai! Denda gaizki muntatuz gero, bustita. Gauza oso politak bizi izan genituen. Hainbeste gustatzen zitzaidan ezen nire seme-alabak ere kanpalekura joatea nahi nuen. Baina ezetz, ez zutela joan nahi eta, beraz, kanpalekua ekarri nuen etxera. Araitz bailara azpian bizi ginen, ehun bat biztanleko herri txiki batean. Seme-alabak kale-zuloan baino zertxobait basatiago hezi nahi nituen. Beraz, Scout kanpamentuen erreplika perfektua egin nuen: euskal kirolen eguna, piraten eguna, piragua eguna… Erreka dugu etxe ondoan eta han pasatzen genituen eguna eta gaua, etxera kaka egitera soilik sar zitekeen. Ibilbide bat ere egin genuen goiko herrira, eta bertako elizan lo egin. Kristoren eguraldi txarra egin zigun [barrez]. Ederra.

Horrela hasi zinen zure bizitzarekiko ikuspegia eraikitzen?

Asko daukat hortik bai. Ziurgabetasuna gustatzen zait, ziurgabetasuna eguratsean. Naturarekin kontaktua oso inportantea da niretzat. Beharrezkoa ikusten dut gitaneo pixka bat egotea guztion bizitzan, gazte zein heldu, eta eguratsean egotea gehiago. Hori bilatu izan dut eta hori ekarri didate egindako bidaiek ere.

Nondik datorkizu bidaiatzeko grina?

Okinen familiatik nator, igandea ere lan-eguna zen eta, beraz, gurasoekin ez dut sekula bidaiatu. Niretzako bidaiatzea garrantzitsua zen, leku gehiago ikusi nahi nituen. Izeba bat daukagu moja joan zena Ameriketara. Ingelesa ikastera iloba guztiak eramango zituela bururatu zitzaion. Beti izan dugu Amerika buruan, hemendik kanpo mundu zabalagoa zegoenaren kontu hori. 16 urterekin joan nintzen eta buruak 360 graduko buelta eman zidan. Francoren Euskadi sakonetik Amerikako Estatu Batuetara? Ikaragarria.

Kirolak ere zabaldu dizkizu munduratzeko ateak?

Bai. Gaztetan hasi nintzen, 12 urterekin. Oso mugitua nintzen eta nire amak ezin zuen nirekin. Nola nekatuko dut hau? Medikuak kirolen batean izena emateko aholkatu zion eta atletismoan apuntatu nintzen. 19 urte arte lehiatu nuen. Espainiako hiru domina dauzkat, errekorra ere egin nuen pisu eta xabalina jaurtiketan. Mendian asko ibiltzen nintzen, udan zein neguan, eta eskalatzen ere bai. Atletismoa utzitakoan bizikletan hasi nintzen. Garai hartan oso emakume gutxik egiten zuten kirola, Francoren garaitik gentozen. Batzuk ikusten genituen saskibaloian, igeriketan edo bizikletan, baina ezer gutxi. Orduan Orbeako emakume txirrindularien taldea sortu zen hemen. Ni euskara ikastera bizikletan joaten nintzen nire txoritxoa atzean nuela eta egunero ikusten nindutenez, taldean sartzea proposatu zidaten. Proposamena arraunean aritzea izan balitz arraunlari egingo ginateke ziurrenik. Espainiako aurreneko nesken taldea sortu genuen orduan. Txirrindulari ginela Triatloia sortu zen. Eta nor hasiko da, ba, hor ere? Lehenengoak izan ginen, beraz, Triatloian ere. Gero, mendiko txirrindularitzara pasa ginen.

Aitzindaria zara emakumeen kirolean.

Kuriosoa da. Elkarrizketak egiten zizkigutenean eta nola egiten genuen galdetzen zigutenean, ez genekien erantzuten. Nola egingo dugu ba? Haiek (gizonak) bezala. Guk ez genuen inoiz pentsatu desberdintasunean, ez genuen hori bizi. Haiek ahal badute inoiz ez zitzaigun bururatu guk ezetz. Ezta bururatu ere. Kuadrilla hartan ez zegoen genero desberdintasunik, dena zen berdina: arropa berdina, neke berdina, gose berdina, susto berdina. Naturak ez du desberdintasunik egiten. Orain ari naiz konturatzen bide bat zabaldu genuela. Aurreko batean omenaldi bat egin ziguten, aitzindari izateagatik. Inongo asmorik gabe izan gara, ordea, inoiz pentsatu gabe. Kanpokoak konturatu dira eta gu harrituta geratu gara. Guri omenaldia? Garai hartan arraroak ginen, desberdin egiten zuten horiek.

Ez zenuten jarraitzen gainontzekoon bizitza eredua.

Dina Bilbaori galdetzen zioten: ez duzu seme-alabarik izango? Eta hark “37 urterekin” erantzuten zuen. Eta etxe bat erosi? 37rekin. Eta lan finko bat? 37rekin. Dena 37 urterekin egingo zuela esaten zuen gure bizitza gure erara egiten utz ziezaguten.

Deskubritzeko zirrara zen zuen bizitzaren ardatza?

Bizikletak ate pila bat ireki dizkigu: lagunak egiteko eta kirolean ikasteko aukera eman digu, besteak beste. Baina, batez ere, mundua ezagutzeko aukera handitu zidan. Kanadan munduko txapelketa baldin bageneukan, bide batez bizikletak eraman eta han geratzen ginen. Hala ere, niri ez zait inoiz lehiatzea gustatu, bidaiak ziren nire interesik handiena. Lortu nuen errekorra ere bidaiatzen jarraitzeko nahiak ekarri zuen. Baina bidaia guztietara joateko eta lekua erreserbatzeko asko entrenatu behar zen. Nik ez nuen hori nahi. Orduan masajista izateko bi urteko goi-mailako ikastaro bat egitea bururatu zitzaidan eta horrela Orbeako zein Espainiako Selekzioko lehenengo emakume masajista gisa bidaiatzen hasi nintzen. Beti joaten nintzen.

Turista eta bidaiaria ez da gauza bera.

Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira. Batzuetan helmuga finkoa da, baina beste askotan furgonetarekin hasi eta leku batetik bestera mugitu gara. Dena planeatua badaramazu ez diozu uzten lekurik sorpresari. Nairobitarren bidaiatzeko moduak hasieratik harrapatu ninduen. Bidaia zirraragarriak bururatzen zitzaizkien, furgonetan edo bestela. Dina Bilbao, Amaia Elosegi, Josune Gorostidi eta Nekane Urkia ere ondoan nituen eta lagun kuadrilla polit bat bildu ginen. Bakoitza berean baina, abentura, kirola eta bidaien zirrara konpartitzen. Autokarabana ez zen orduan existitzen ia eta autobus handi bat eramaten genuen piraguekin. Land Rover batean nire lehen bidaia Marokora izan zen. Andaman uhartedira joan ginen gero, piraguako trabesia egiteko asmoz. Kuba zeharkatu dugu bizikletan, Ipar Lurmuturra eskian eta bizikletan... Garai hartan ez zegoen baliabiderik, ez genekien ziur zer gertatuko zen. Ertzean ere jarri gara batzuetan, arriskuan; gosea, gaixotasuna, nekea edo sustoren bat edo beste. Hortik ateratzeko lagunen arteko konplizitate handia behar da, eta tresnak bereganatu. Zortea izan genuen Nairobitarrak ondoan izatearekin, nik bakarrik ez nituzke halakoak biziko. Nire burua ondo ezagutzeko ere balio izan dit, mugak non ditudan jakiteko. Horrela ikasten da, kirol lehiaketetan baino gehiago.

Jarraitu irakurtzen Argia.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!