Bill Gates mundu mailako bigarren aberatsena behin baino gehiagotan entzun da koronabirusaren izurriteaz hitz egiten eta oraindik entzunen dugu, segur. Apirilaren 12an Le Monde egunkarian “COVID-19aren kontrako borrokarako ikuspegi globalaren beharraren deia” (Pour une approche globale de la lutte contre le Covid-19) iritzi artikulua argitaratzeko beharra ere sentitu zuen Microsoften sortzaileak. Hainbeste non eta konplotisten esfera batek Bill Gates kokatu duen birusaren oinarrian eta garapenean. Osasun krisi honetan Vandana Shiva ekofeminista indiarrak eskainiriko elkarrizketak irakurri behar dira miliardunaren kokapena ulertzeko, eta “%1, boterea berreskuratu aberatsen potentzia-osoaren aurrean” (1%, reprendre le pouvoir face à la toute-puissance des riches) bere azken liburuak ere merezi du zertan garen sesitzeko.
Filantropia kapitalismoaren ikuspegitik eta helburutik bideratzen dabilen filantrokapitalismoaz ari da Basta! komunikabideari eskaini elkarrizketan. Microsoften fundatzaileak sortu Fondation Bill & Melinda Gates fundazioa adibiderik onena dela dio. Ongi ezagutzen du Bill Gates, gizon horren diru gosearen bortizkeria pairatu beharra du bere egunerokoan. Hain zuzen, Monsanto/Bayer-ekin eskuz-esku transgenikoen bidez lehenik, baita osasun arloan ere, txertoen inposaketarekin edota diruaren numerizazioarekin orain, miliardunaren esku hartzea ikaragarria da Indian. “Aro modernoetako Christophe Colomb” izena jartzen dio. “Territorio berriak konkistatzen dabil. Berea ez da historian zehar betidanik kolektibitateari egin izan zaion emaitza soila. Errealitatean, inbertsio horiekin merkatuak eskuratzen dabil, menderatzaile kokatuz. Filantropiarekin, Bill Gatesek milioi batzuk ematen ditu, ondotik miliarrak balio dituzten instituzio edo sektoreen kontrola bereganatzeko”.
MOE kontrolatzeko bidea
Koronabirusaren izurriteari dagokionez, aholkuak, abisuak eta aterabideak plazaratzen dabilen MOE Munduko Osasun Erakundearekin Bill Gatesek duen lotura aztertuz ulertzen da filantrokapitalismoa. 2018-2019. urteen aurrekontuari begiratuz ohartzen gara Fondation Bill & Melinda Gates dela bigarren diruztatzaile nagusia, AEBen atzetik: 531 milioi dolarrez finantzatzen du Nazio Batuen Erakundearen egitura. AEBek apirilean MOE diruztatzea utzirik, fundazio hau da inbertitzaile nagusia! Laugarren postuan da GAVI-Alliance elkartea, txertoen bidezko immunizazioa bultzatzen dabilena –eta elkarte horren parte dugu berriz ere Fondation Bill & Melinda Gates–. MOEren diruztatzeak dakarren boterea kezkagarria bezain arriskutsua da. “Ehunka milioi herritarren osasunean eraginen duten politiketan duten esku hartzearen adibide adierazgarria dugu”, irakur daiteke Mediapart-en “MOE eta Bill Gates Fundazioa, COVIDak erakusten diguna” (OMS et Fondation Bill Gates, ce que le COVID révèle) artikuluan.
Elementu hori esku artean, miliardunak Le Monde-n idatziriko iritzi artikuluaren lerroen artekoa deszifratu daiteke errazkiago. Ikuspegi kolektibo bat bideratu eta izurriteari aurre egiteko herri pobreekilako elkartasunaren mezu ederra irakurri daiteke, hori bai. Baina interesgarriena –Bill Gatesentzat baita sistemaren maltzurkeria ulertu nahian dabilenarentzat– ondotik dator: “Herri garatuetako eta garapen bidean diren herrietako agintariek MOE eta bere kideekin lan egin behar lukete, hauen ofizializatzeko. Herri hauek guztiek publikoki onartu behar lituzkete arauak, ondotik errespetatzera behartuak izateko gisan. Akordio horiek garrantzia handia ukanen lukete COVID-19aren kontrako txertoa atzeman ondoan, guztiak immunizatuz dugulako soilik lortuko pandemiaren bukaera. Ondoko kontseilua ematera bideratzen nau horrek: txertoa esku artera ekarriko diguten ikerketa eta garapenera dirua bideratzea ezinbestekoa zaigu”. Mundua are gehiago kontrolatzeko estrategia argiki ageri da adierazpen horretan: MOE eta bere kideen –ulertu Bill Gatesen– menpe jarri estatuak, bai ala bai hauen erabakiak gauzatzera behartzeko gisan –ulertu, Bill Gatesi miliarrak ekarriko dizkion txertoaren orokortzea–. Miliardunaren fundazioa ikerturik, “Eskuzabaltasun faltsuaren artea, Fondation Bill & Melinda Gates” (L’art de la fausse générosité, Fondation Bill & Melinda Gates) liburua argiratu zuen iaz Lionel Astruc kazetariak. “Hainbat estatu baino botere eta aurrekontu handiagoak ditu fundazio horrek eta, pseudo-eskuzabaltasun hori botere bihurtzeko abilezia handia du Bill Gatesek; azken finean, piramidearen gailurrean kokatzen duen sistema elikatzeko gisan”.
Sos gehiago zergetatik ihes
Miliardunak bideratu jukutrien artean, bi goraipatzen ditu kazetariak. Batetik, zerga ihesarena: “Besteen diruarekin, hau da, zerga ihesaren bidez Estatuari kenduriko baliabideen bidez eskuzabal izatea ez da eskuzabal izatea”. Fundazioak bideratu milioiak baino gehiago ditu Microsoftek zerga paradisuetan gorderik. Elisabeth Warren AEBetako presidentetzarako hautagai demokratak aberastasun handiak zergapetzeko desirak kezka piztu zion ekainean Gatesi: “20 miliar dolar pagatzeko prest naiz. Baina erraten badidazu 100 miliar dolar pagatu beharko ditudala, kalkulatu beharko dut zenbat gelditzen zaizkidan”. Forbes ekonomia alorreko komunikabidearen arabera, 96,5 miliar dolarreko aberastasuna du –54 miliar zituen 2011n–.
Bestetik, fundazioak eskuz-esku duen trust edo inbertsio fondoan ikusten du kapitalismoaren itzala –filantropiarena erabat estaltzen duena–: “Trust horrek akzioak zertan inbertitzen dituen problematikoa da: fondo horrek elikatzen ditu justuki fundazioak borrokatzen dituen gaitzak: armagintza (BAE Systems), malbouffe jan txarra (McDonald’s, Coca-Cola,...), meatze-erauzketak, transgenikoak (Monsanto/Bayer), petrolioa (Total, BP,...),... Interes orokorraz oso urrun gaude”.
Koronabirusa agertu aitzin idatzitakoa da liburua. Alta, Fondation Bill & Melinda Gates-ek hastapenetik txertoaren industriarekin duen harremanaz ari da ere kazetaria. Funtsean, 2005eko Mundu mailako Osasun Batzarrean Gatesek egindako diskurtsoak balio du erreportajea borobiltzeko: “Batzuek diote pobreziaren desagerpenak ekarriko lukeela osasunaren hobetzea. Noski, helburu garrantzitsua da pobreziaren desagerpena, baina ez da beharrezkoa baztanga desagerrarazteko eta paludismoa ahultzeko. Egin beharrekoa da txertoak ekoiztu”. Txertoa beraz, sistema bidegabea bere horretan mantenduz, 2005ean bezala 2020an ere.