Jaurlaritzako Hezkuntza Saila hurrengo ikasturterako murrizketak egiten ari da

Erabiltzailearen aurpegia

"Ikastetxe publikoetako zuzendariek eta familiek argi dugu konfinamentuak sortutako beharrei erantzuteko baliabide berriak beharko direla ikastetxeetan datorren ikasturtean, eta hala eskatu diogu Hezkuntza sailari behin eta berriro azken hilabeteetan". Aldiz, Hezkuntza Sailak ikastetxeetara bidali duen hurrengo ikasturteko baliabide zerrendan murrizketak egin dituela salatu dute EHIGEk (gurasoen elkarteak) eta Heize-k (zuzendaritzen federazioak).

Baliabideak gehitzea "ezinbestekoa" dela argudiatu dute Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) eta Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioak (Heize), "hezkuntza komunitateak eta Hezkuntza sailak berak identifikatu dituen gaiei" erantzuteko: digitalizazioa, euskara eta atentzio emozionala.

Ikastetxeetan hasi dira jasotzen hurrengo ikasturtean izango dituzten baliabideen berri, eta bi erakunde hauek adierazi dute Hezkuntza sailak "murrizketa nabariak" ezarri dituela: "Jantokiko arduradunen lanaldia erdira murriztu nahi du. Murriztu egin nahi dira egoera sozio ekonomiko baxuko ikastetxeentzako baliabideak. Ez dago baliabiderik IKT arduraduna eta aholkulariaren figura indartzeko. Ez dago baliabiderik ratioak jaisteko geletan".

Murrizketarik ez egiteko eskatu diote Hezkuntza sailari eta idatzi bat zabaldu dute EAEko ikastetxeetara, Ordezkaritza Organo Gorenetan (hauetan biltzen dira ikastetxeko eragile guztien ordezkariak) idatzi hori adostu dezaten.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!