1976ko apirilaren 25ean ETA pm-ko komando bat muga zeharkatzen ari zen Sara eta Etxalar artean, Leizarreta izeneko inguruetan. Iñaki Hernández 18 urteko mugalaria eta Donostiara zihoazen hiru etakidek –Eugenio Talavera Tala, Gregorio Garitaonandia Borda eta Bernardo Bidaola Txirrita– osatzen zuten taldea. Etakideetako batek bihurri bat izan zuen orkatilan eta horrek martxa moteldu zuen. Kontua da Guardia Zibilak ikusi egin zituela eta tiroka hasi zela taldearen aurka. Gidari lanetan aurrean zihoan Hernandez zauritu zuten lehen tiroketa horretan. Beste hiru kideek ihesari eman zioten, baina beste bala batek Bidaolaren orkatila zeharkatu zuen atzetik aurrera sartuta.
Tala-k eta Borda-k ihes egitea lortu zuten eta goiz horretan bertan Donibane Lohizunera iritsi ziren. Hernández lurrean ikusi zuten etzanda eta Bidaolak “segi aurrera” esan zien. Kidea ikusi zuten azkenengo aldea izango zen. Komandoaren helburua Donostiako Martuteneko espetxean prest zegoen ihesari babesa ematea zen, baina ihesa ia prest zegoela, tunela egiteko materialarekin harrapatu zuten etakide bat kontrol batean eta bertan behera geratu zen.
Apirilaren 25eko goiz horretan bertan Guardia Zibilak gertakarien berri eman zion Hendaiako Aire eta Muga Poliziari, Hernández eta Bidaola zauritu zituztela esanez, baina azken honek ihes egitea lortu zuela. Honek ihes egin bazuen, aldiz, nola zekiten bere izena, are gehiago agiri faltsuak zeramatzanean? Txirrita-ren lagun eta ezagunek miaketa lan ugari egin zituzten desagertua azkenekoz ikusi zuten inguruetan, baina ez zuten arrastorik ikusi. Ordu batzuk geroago, guardia zibilak militantearen familiaren etxea miatu zuen Tolosan, familiari gertatutakoaren berri eman gabe.
Astebete beranduago ETA pm-k agiria argitaratu zuen, Bidaola Guardia Zibilak atxilotu zuela eta Iruñeko kuartel batera eraman zutela, legez kanpoko egoeran. Bigarrengo agiri batean zioenez, hainbat lekukok ikusi zuen, tartean CRS patruila batek, nola eramaten zituzten Land Rover batean atxilotuta bi zaurituak.
Maiatzaren 27an familiak Madrilen zigilatutako gutuna jaso zuen, irainez josia eta Bidaola mendekuz hil zutela esanez. Egun batzuk lehenago kalez jantzitako bi polizia desagertu ziren Hendaian, eta haiekiko mendekua zela zioen. Ustez, ETA pm-k hildako bi polizien gorpuak 1977an agertu ziren Angeluko hondartza bateko bunker baten azpian lurperatuak.
Dei bat gorpuaren berri emanez
Maiatzaren 28an, Ziburun egiten zen Askatasuna aldizkariak jasotako deia medio, pertsona batek jakinarazi zuen Bidaolaren gorpua zehazki non zegoen, Arondoa izeneko inguruan. Bederatzi pertsona gerturatu ziren esandako lekura, tartean senitartekoak, eta arbola baten ondoan “jarrita” eta deskonposizio seinale handirik gabe aurkitu zuten, nahiz eta hilabete zeramatzan desagertua; hamar bat metrora, beste arbola batean sostengatua, Remington markako eskopeta bat zegoen. Espainiako Gobernuaren arabera, militanteak bere buruaz beste egin zuen. Garai hartako Espainiako prentsan hainbat bertsio eman ziren, besteak beste bere kideek hil zutela “haren sufrimenduarekin amaitzeko”. Hainbat iturriren arabera, gorpuak hiru tiro zituen, bat buruan.
2016an, heriotzaren 40. urteurrenean, familiak eta lagunek ikerketa berria abiarazi zuten. Espainiako agintarien aldetik ez zuten egindako eskaeren erantzunik izan, baina Baionako prokuradoreak garai hartan Frantziako poliziak egindako txosten osoa jarri zuen beren eskuetan. Horrela ikusi zituzten gorpuaren argazkiak, polizi txostenak eta orduan egindako autopsia. Honen arabera, tiro bakarra zuen, orkatilean, hemorragiarik gabeko zulo garbia eragin ziona. Txostenak ez zuen zehazten heriotzaren arrazoia. 2018n Paco Etxeberriak beste autopsia bat egin zion eta zauri bakarra zuela berretsi zuen. Suizidio arrastorik ez.
Kasuak argitzeke jarraitzen du eta galdera nagusietakoa airean da: Bidaola Iruñean atxilotua izan zuten? 2015ean Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaritzak egindako biktimen txostenean ikerketa gehiago behar zuen auzien artean zerrendatu zuten.
Kontaera hau guzia Euskal Memoria fundazioko lehendakari Iñaki Egañak idatzi zuen joan den igandean Gara egunkarian eta auziari buruz gehiago jakin nahi duenak erreportaje hartan topatuko du informazio zehatzagoa.
Urko abeslariak (Jose Antonio Larrañaga) Bernardori abestia eskaini zion.