Koronabirusa

EHUk garatutako testa erabiltzeko eskatu diote dozenaka unibertsitate irakaslek Jaurlaritzari

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko api. 27a, 12:20

Argazkia: eitb.eus

EHUko zientzialariek garatutako testa goraipatu eta Eusko Jaurlaritzaren “gutxiestea” eta “isiltze saiakera” kritikatu dute adierazpen batean. Herritarrei testak modu masiboan egitea zergatik ez den ari sustatzen azal dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

“Eusko Jaurlaritza, zergatik ez egin test masiboak?” du izenburutzat adierazpenak. EHUko hainbat eremutako hiru dozena irakasle eta katedradunen sinadurarekin eman dute ezagutzera (zerrenda osoa artikuluaren amaieran). Sustatzaileek sinadura bilketa jarri dute abian.

Adierazpenak COVID-19aren pandemiak mundu osoa gogor kolpatu duela dio, osasun arloan bezala maila ekonomikoan zein sozialean. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) krisiari aurre egiteko kutsatutako herritarrak identifikatzea ezinbesteko jo duela gogorarazi dute sinatzaileek, eta horretarako PCR motako testak direla egokiena, test azkar serologikoen aldean.

PCR test mota bat da, hain zuzen ere, EHUko zientzialari talde batek hainbat zientzia instituturekin elkarlanean garatu duena. Ekarpenaren garrantzia nabarmentzen du adierazpenak: “Ekarpen horri esker, euskal osasun sistemak diagnostikorako testen kopurua handitu ahal izango luke, OMEren gomendioekin bat etorrita. Euskal ikerlariek garatutako test hori Carlos III Osasun Institutuak oso arin balioztatu du, % 100eko berariazkotasuna eta % 92ko sentikortasuna duela ebatzita”. Eta oso kritikoki baloratzen du Eusko Jaurlaritzak agertu duen jarrera: “Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren erantzuna garrantzia kendu eta gutxiestea izan da, eta hedabideetan gaiari buruzko informazioak isiltzen ahalegintzea”.

Azalpenen beharra

EHUko irakasle taldearen ustetan, Eusko Jaurlaritzaren jarrerak osasuna “arriskuan” jartzen du, eta azalpenak eskatzen dizkio: “Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Pandemiaren Jarraipen Planean aplikatzen ari diren irizpideei buruzko azalpen publikoak eman ditzala, arrazoiak emanez test masiboak ez egiteko, helburu horretarako eskura dituen ekarpen berritzaile hau eta EAEko beste ikerketa-zentroak baliatuz”. Aldi berean, jazarpen instituzionalaren aurka azaldu dira sinatzaileak: “Salatu nahi dugu ekarpen zientifiko hau edo bere bultzatzaileak isilarazteko edo zentsuratzeko edozein saiakera aginte instituzionalen aldetik”.

Sinatzaileen zerrenda:

1. Koldo Callado, Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko irakaslea.

2. Blanca Gallo, Zientzia eta Teknologia Fakultateko katedraduna.

3. Iñaki Lasagabaster, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea eta katedraduna.

4. Carmen González Murua, Zientzia eta Teknologia Fakultateko katedraduna eta errektoreorde ohia.

5. Joseba Agirreazkuenaga, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea, Eusko Jaurlaritzaren 2019ko Ikerketa Sariduna.

6. Itziar San Martin Egia, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanordea.

7. Pello Salaburu, UPV/EHUko Errektore ohia.

8. Miren Onaindia, Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea.

9. Iñaki Antigüedad, Zientzia eta Teknologia Fakultateko katedraduna.

10. Jule Goikoetxea, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea.

11. Ramón Zallo, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko katedradun ohia.

12. Pili Aristizabal, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea.

13. Joxerramon Bengoetxea, Zuzenbide Fakultateko irakaslea.

14. Esteban Antxustegi, Zuzenbide Fakultateko irakaslea.

15. Estitxu Garai, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea.

16. Joxerra Aihartza, Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea.

17. Olatz Arregi, Informatika Fakultateko irakaslea.

18. Efrén Areskurrinaga, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea.

19. Mila Amurrio, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea.

20. Igor Ahedo, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko iraskalea.

21. Gema Lasarte, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea.

22. Patxi Azpillaga, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea.

23. Leire Uriguen, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikerlaria

24. Angel Bidaurrazaga, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea.

25. Ibone Ametzaga, Olatz Arregi, Informatika Fakultateko irakaslea.

26. Mikel Erkoreka, Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultateko irakaslea.

27. Carmen Hernández Gómez, Informatika Fakultateko irakaslea.

28. Aritz Ipiña Bidaurrazaga, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea.

29. Karmele López de Ipiña, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola

30. David Hoyos, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea.

31. Marimar Lledó, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko irakaslea.

32. Ekaitz Zulueta, Gasteizko Ingeniaritza Eskolako irakaslea.

33. Ixone Fernández de Labastida, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko irakaslea.

34. Inazio Garin, Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea.

35. Eneko Garmendia, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea.

36. Gorka Bueno, Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!