Elkarrizketa apirilaren 15ean egina da. Ondoko orduetan sindikatuak jakinarazi du EAEn, egoitzen eta foru aldundien aurkako beste bost salaketa aurkeztu dituela, langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzeagatik. Era berean, Donostiako Lan Arloko Epaitegiak arrazoia eman dio ELAri Iurramendi (Tolosa) eta San Jose (Ordizia) zentroei buruzko bere demandan. Ezagutzera emandako bi autoen arabera, ZuetaBiok eta Eulen Servicios Sociosanitarios enpresei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari presaz eta berehala, pandemiak irauten duen bitartean, araudian onartutako neurri guztiak bete ditzaten eskatzen zaie.
Hiru demanda aurkeztu dituzue epaitegian. Zergatik?
Momentuz hiru jarri ditugu eta gehiago sartzeko asmoa daukagu. Ordiziako San Jose, Tolosako Iurreamendi eta Zumarragako Argixao egoitzak kudeatzen dituzten enpresei eta Foru Aldundiari jarri dizkiegu demandak. Hilabete baino gehiago da eskariak egiten hasi ginela, Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, baita Espainiako ordezkariari ere.
Materiala eskatu dugu, testak egiteko, eta langile gehiago. Neurriak ez dituztela hartu edo bitartekoak ez dituztela jarri kontuan hartuta, eta egoitzetan horrek ekarri duen egoera kritikoa ikusita, alegia, demandatutako hiru egoitzetan egoiliarrak hil dira, bada ulertzen dugu jarritako neurriak ez direla nahikoa izan. Hartutako neurriak ez dira nahikoa izan, protokoloak ez dituzte bete, testak ez dituzte egin, norbere babeserako ekipamenduak ez dituzte eman. Eskariak betetzeaz gain, egoera kritiko honetan Osakidetzak esku har dezan eskatzen dugu.
[Elkarrizketa egin eta egun batera Zumarragako Argixao egoitzako hainbat langilek gutuna idatzi dio ELA sindikatuari. Sindikatuak egoitzari jarritako salaketa dute hizpide eta diote ezin direla norberaren onurarako eta propaganda sindikalerako erabili langileak. Gutuna Zumarraga-Urretxuko Otamotz agerkariak argitaratu du lotura honetan.]
Hiru egoitzatan jarri duzue demanda. Ondorio gogorrenak horietan izan direlako ala bereziki toki horietan ez direlako bete protokoloak eta neurriak?
Batez ere ondorioengatik. Hasieratik tranpa egin dute, batik bat protokoloei dagokienez. Protokoloak egin ziren kontuan hartuta, batez ere, materiala falta zela. Protokoloak ez ziren prestatu pentsatuta langileen eta erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzea zela helburua. Hiru egoitzetan ikusi da egindako guztia ez dela nahikoa izan. Hilabete daramagu esaten neurriok ez zirela nahikoa eta hainbat tokitan neurriak hartzen ere ez zirela ari. Birusa sartu den tokietan egoerari neurria hartzeko gai ez dira izan. Guk salatu nahi duguna garbi ikusi da hiru egoitzetan gertatutakoan. Neurriek ez dute ezertarako balio izan, eta ondorioak oso larriak dira, dramatikoak, hildakoak daude.
Osakidetzak esku hartu behar duela diozu. Nola?
Osakidetzak, kasu honetan Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioak, eskumena dute zerbitzu hauetan nahi dutena egiteko eta desegiteko. Horretarako atera dituzte dekretu eta aginduak. Osakidetzak daukan esperientzia, gaitasuna eta langile bolumena kontuan izanda berandu baino lehen esku hartzea eskatzen dugu. Gipuzkoan koronabirusak hildakoen %70 egoitzetan hil da. Egoera kritikoa da.
Osasun zerbitzuak egoitzan bertan eskaini beharrean ez da logikoagoa gaixoak ospitalera eramatea, beste gaixoekin egiten den bezala? Egoiliar gaixoak ospitalera eraman izan balira ohe dezente gehiago hartuko zituzten. Ospitaleak arinago egoteko modu bat ote da zahar gaixoak egoitzan izatea?
Irakurketa sakonagoa izan daiteke. Birusa etorri baino lehen ere esaten genuen: tamalez zahar egoitzetan dauden pertsonen bizitzek, bizimoduak, eta etorkizunak ez dute gainerako jendartearenak bezainbesteko balioa. Tamalez, instituzioek eta enpresek onartzen dute horrelako egoera batean hainbat hildako egon daitezkeela egoitza batean eta hori onartzea oso larria da. Bat dator greban eta urte hauetan guztietan salatu dugunarekin: zergatik egoitzetan daudenen bizitzak ez du berdin balio? Zure hipotesia ildo beretik doa. Instituzioek eta enpresek, behintzat, normaltzat hartzen dute horrelako egoera batean egoitzetan batzuk hiltzea. Egoiliarrak azkenak dira eta nabaritzen da orain esaten ari garen gauza hauetan.
Ehunekoa ikaragarria da: %70. Badakigu zaharrak direla zaurgarrienak, baina egoitzetatik kanpo ere zahar asko dago.
Eta gainera seguru nago datu horiek ez daudela osatuta, ziurrenik hildakoak gehiago izango ziren. Horrek adierazten digu zein gaizki egin diren gauzak egoitzetan Gipuzkoan. Etengabe elkar ukitzen dute lan honetan eta badakigu egoiliarrak zein egoera ahulean egoten diren. Neurri guzti-guztiak ez hartuz gero, bagenekien horrela egongo ginela.Gainera, abantaila genuen, Gasteizko eta Madrilgo gertaerak ezagutu genituelako. Orduan Gipuzkoan ez zegoen positiborik egoitzetan. Hasieratik beharrezko neurriak hartu izan balira, ez ginateke egoera honetan egongo, hildakoak izango ziren, baina birusaren eragina txikiagoa izango zen.
Langileei testak egin al zaizkie?
Argi izan behar da ez digutela egia esan. Ez ziren gai osasuna eta segurtasuna bermatzeko materiala lortzeko. Beraz, sintomak zituztenei baino ez zizkieten testak egiten eta sintomarik gabe kutsatuta zeuden asko lanean aritu dira. Denbora tarte horretan egoitza osoa kutsatu da. Instituzioak eta enpresak beti atzetik joan dira, jakinda zer gerta zitekeen. Egoera oso larria den egoitzetan, orain, langile guztiei egin diete testa, baina egoiliar guztiei ez. Gipuzkoan, egoitza pilotan, langileen artean test bakar bat ere ez dute egin. Datozen hamar egunetan demanda jarri diegun hiru egoitzetan gertatu dena errepika daiteke, sintomarik gabeko gaixoak daudelako eta testak ez direlako egiten. Gaur langile eta egoiliar guztiei testak eginda egon behar zuten.
Testak aipatu ditugu. Norbera babesteko ekipamenduak jaso dituzte?
Lotsagarria eta penagarria izan da. Orain dela gutxi arte langileek beraiek egin dituzte telazko maskarak eta auzokoek ere egin dituzte langileentzat. Duela pare bat aste hasi dira maskarak banatzen egoitzetan. Bat ematen zioten eta hori bera zorroan gorde behar zuten eta hurrengo egunean berriz erabili. Etengabe ukitzen dituzte egoiliarrak. Egunean maskara bat ez, egoiliar bakoitzeko bat beharko lukete. Ordiziako egoitzan 68 langile dira eta 30 bajan daude, horietatik sei ospitalean. Horrek esan nahi du egunak eta egunak aritu direla kutsatuta zeuden pertsonekin lanean.
Traje osoak ez zeuden eta esaten zuten positiboak zeudenean egongo zirela, baina positiboak agertu ziren eta trajeak ez ziren iritsi. Larunbata honetan bertan ikusi dugu, Diputazioak zuzenean kudeatzen dituen egoitzatara zabor poltsekin egindako trajeak bidali dituzte. Nola ez ditugu eskatuko babeserako ekipamenduak, eskatzen hasi eta hilabete pasata oraindik zabor poltsekin baldin badabiltza?
Zori kontua izan da. Birusa sartu den egoitzetan sarraskia gertatu da eta beste batzuetan ez da agertu birusa. Neurriak antzekoak dira batean eta bestean, ez dute balio izan.
Langile batzuk egoiliarrekin batera itxi dira egoitzan. Borondatez hartutako neurri horiek dira irtenbidea?
Ez. Erabat errespetatzen dugu langileek hartutako erabakia, baina sindikatu garen neurrian uste dugu hori ez dela irtenbidea. Txalogarria izan daiteke, baina arriskutsua da bide hori hartzea batez ere sektore soziosanitarioan edo sanitarioan. Jendartearekin zuzenean lana egiten duten sektoreetan sistemak beti baliatu izan du langile horiek duten borondatezko lanaren kutsua, zaintzen dituzten pertsonekiko duten betebeharra. Ezaugarri horrek, beste arrazoi batzuekin batera, eragin du lan baldintza hain kaskarrak izatea sektore honetan. Sektore honetako langileek asko maite dute beren lana, baina profesionalak dira. Ez da ahaztu behar enpresek eta erakundeek ardura dutela egoitzengan. Bat batean ardura desagertzen da eta langileek, ekintza heroikoen bidez, hartu behar ez lituzketen ardurak hartzen dituzte. Errespetatzen dugu erabakia, baina guk eskatzen dugunarekin kontrajarrian dago.
Kutsatuen datuak fidagarriak al dira, kontuan izanda test asko dagoela egiteko?
Erakusten digutena baino larriagoa da egoera eta sektorean ari garenok badakigu. Sektorearen kontrolik ez daukagu. Langile guztiei testak egindakoan [5.000 inguru] jakingo dugu benetako dimentsioa.
Datuak nork nori eman behar lizkioke?
Diputazioak egoiliarren positiboak eta hildakoak esaten ditu. Adibidez, langileen positiboak ez dituzte esaten. Ezin dut ofizialki esan halakorik, baina Eider Mendozari [Foru Aldundiko bozeramailea] egindako galdera baten harira badakigu erantzun zuela langileen positibo kopurua ez zekitela, ez zutela kontuan hartzen datu hori langileak enpresaren ardurapekoak direlako. Egoitza guztietako datuak bildu beharko lirateke, egoiliarren eta langileen positiboak eta hildakoak, eta datuak publiko egin baino lehen sindikatuei, senideei eta enpresei helarazi. Gero publiko egin. Gure sindikatua martxoaren 13an saiatu zen lehen aldiz harremanetan jartzen Aldundikoekin eta ez dugu lortu. Ez daukagu harremanik eta ez digute jaramonik egin. Bitxikeria baino ez da, baina twitter kontutik kendu gaituzte egoera salatzen ari ginelako. Ez daukagu informaziorik, ez dakigu zein pauso ematen ari diren. Esango nuke desagertuta daudela. Eider Mendoza agertzen da bozeramaile, baina non dago Maite Peña? Non dago Markel Olano? Dena ondo egiten ari direla esaten dute. Sufrikarioa da senide eta langileentzat harreman eza, informazio falta.
Langileen datuak zuek biltzen dituzue?
Ordezkarien bidez jasotzen ditugu. Ez dira datu ofizialak, zeren sindikatua ez dago egoitza guztietan. 200 langile positibo baino gehiago zenbatu ditugu, kontuan hartu gabe testa egin gabe dauden asintomatikoak eta sintomak izanda etxean daudenak baina testa egin gabe.
Osasun krisia lehertu zenean 243 greba egun zeramatzaten langileek. Orduan aldarrikatu eta salatutako guztia gainazalera atera al da orain?
Sektorea antolatzen duen sistema muga-mugan zegoen eta koronabirusa muga hausteko azken ukitua izan da. Hainbeste urtean salatzen aritu garena agerian gelditu da. Esaten ari ginen nahikoa langile ez zegoela egoitzetan, lan kargak handiegiak zirela; esaten ari ginen bitartekoak ez zirela egokiak; horrelako egoera baterako ez geundela prestatuta, zeren ez da lehenengo aldia halako egoera batean gaudela, jendartean ez dute halako eraginik izan, baina egoitzetan birusak lehen ere izan ditugu.
Espero dugu jendarteari, elite politikoari eta enpresei txipa aldatzea. Honen guztiaren atzean dagoen sistema ekonomikoak eta zaintza sistemak ez dute lehentasun bizitza zaintzea, ezta zaintzaileek lan baldintza duinak izatea ere. Bizitzaren zaintza erdigunean jarri behar da eta hori lortzeko sistema erabat aldatu behar dugu. Sektorea publifikatu eta funts putreen eskuetatik atera behar da. Ea behingoz inbertsio potentea egiten den sektore honetan eta ea jaiotzen garenetik hiltzen garen arte gure bizitzaren balioa berdina den.