Koronabirusa

Presoek bideo-deiak egiteko aukera izatea aldarrikatu du Etxeratek

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko api. 16a, 09:54

Euskal presoak dituzten Espainiako eta Frantziako 55 espetxeetatik 14tan soilik ari dira 10-15 minutuko bideo-deiak egiten. Presoak bisitarik eta jarduerarik gabe dauden honetan, inoiz baino beharrezkoago jo ditu bideo-deiak Etxeratek. Lehentasuna pekuliorik ez duten edo gaixo dauden presoek dutela azpimarratu du.

Espetxeetan pandemia kontrolatzeko Espainiako eta Frantziako estatuek hartu duten erabaki nagusia “ohiko eta ezohiko komunikazioak etetea” izan dela azaldu du Etxeratek. Presoek zein haien senideek emandako informazioa oinarri, “kontaktua” mantentzeko ezarri diren neurriak ez direla nahikoak ziurtatu du, alternatibak garatzea defendatuz.

Presoek bideo-deiak egiteko eskubidea dute Espainiako Estatuan, baina espetxeak ez dira informazio hori ematen ari “kasu gutxi batzuetan izan ezik”, eta senide eta lagunen bitartez ari dira eskubidearen berri izaten presoak. Hamalau espetxeetan ari dira WhatsApp bidezko 10-15 minutuko deiak egiten. Etxeratek horien zerrenda jakinarazi du: “Almería, Cáceres, Castelló emakumeak, Granada (ezohiko egoeretan: heriotzak, etab.), Herrera, Jaén, Logroño emakumeak (baimendua), Murcia I (orain hastear), Ocaña I, Puerto III, Villabona (gizonezkoak eta ezohiko egoeretan), Teruel, Villena eta Zaballa”. Frantziako estatuko kartzeletan presoek ez dute bideo-deirako eskubiderik.

Idatziz komunikatzeko zailtasunak handiak izaten ari dira ere, Etxeraten esanetan: “Ia 20 espetxetara ez dira gutunak iristen”. Ohiko komunikazio bideak etenik, telefono dei gehiago egiten ari dira presoak, dituzten gastuak areagotuz. Etxeratek deien prezioen murrizketa eskatu du.

Bideo-deien garrantzia

Bideo-deiak egitea borondate kontua da euskal preso politikoen senide eta lagunen elkartearen ustez. Gaixorik dauden presoak, senide edo lagun gaixoak dituztenak eta pekuliorik ez dutenak lehentasuna direla aldarrikatu du Etxeratek. Bisitak eta bisak debekatuta eta espetxe barruko jarduerak etenik, telefono bidezko dei arrunt bat edo bideo-dei bat zeharo ezberdinak direla azaldu du: “Batez ere adin txikiko seme edo alabei, adin nagusiko gurasoei, arazo psikologikoak dituzten pertsonei, animikoki gaizki dauden pertsonei edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei egin behar badizkiete”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!