LAB sindikatuak adierazi duenez, apirilaren 8an jaso zuten Jaurlaritzak egindako Jarduera abiatzeko plana dokumentua. Hau irizten dio sindikatuak planari: "Milaka langile eta beraien ingurukoen osasuna arriskuan ipiniko duen neurri baten aurrean egiten den plan baten kudeaketa ezin da hain modu arinean egin. Ez zaigu serioa iruditzen".
LABen ekarpenak: osasuna helburu eta langileen adostasuna derrigorrezko
LABek bere ekarpenak egin dizkio dokumentuari. Ekarpenen artean, bi ideia hauek azpimarratu ditu:
Batetik, LABen ustez "planaren helburua langileen osasuna izan behar da, hau da langileak beraien osasuna arriskuan ez egotea lanera bueltatzeagatik". Salatu duenez, "Jaurlaritzak bidalitako dokumentuaren helburua aktibitatea berriz martxan jartzea da kosta hala kosta, langileen osasuna bigarren mailako helburu moduan jarriz".
Bestalde, LABek azaldu duenez, Jaurlaritzaren dokumentuak esaten du enpresa bakoitzak bere "abiatzeko plana" egin behar duela eta plan hau langileen ordezkariekin adosten saiatu. Baina adostasunik ez badago, enpresak eginiko plana martxan jarriko da eta langileek salaketa jarri ahal izango dute. LABek zera seinalatu du: "Prozedura honek langileen osasuna arriskuan jartzen du". Horren ordez, proposatu du enpresak eginiko “Jarduera abiatzeko plana” derrigorrez langileekin adostua izan behar dela. Hau da, adostasunik ezean, enpresak ez aktibitateari berrekin ahal izatea eta gaia Osalan eta Lan Ikuskaritzaren esku geratzea planteatzen du, erakunde hauek izan daitezen erabakitzen dutenak "enpresak zer nolako abiatzeko plana behar duen langileen osasuna guztiz bermatzeko".
Enpresen zerrenda publiko egitea eta Osalan indartzea, beste ekarpenen artean
LABek planteatu duen beste puntu bat, prebentzio neurriak ez betetzeagatik zigortuak diren enpresen zerrenda publikoa izatea da: "Konfinamendua ez betetzeagatik zigortzen diren pertsonen zerrenda publikoa bada, enpresana zergatik ez?" galdetu du. Osalanen funtzioa indartuko lukeen hainbat neurri ere planteatu ditu: Lan ikuskaritza eta Osalanen plantillak indartzea, eta "Osalan osasun eta lan araudiaren betetzearen bermatzaile izatea eta ez aholkulari soila".
Langileei COVID-19a detektatzeko frogak egitea ere proposatu du sindikatuak, "oinarrizkoak diren aktibitateak hasita eta oinarrizkoak ez diren baina martxan daudenetik jarraituz".