Osakidetzak barne-protokolo batean onartzen du balitekeela Covid-19ren aurkako babes-ekipamendu seguruenak ezin eskuratu ahal izatea, eta hutsunea betetzeko alternatibak proposatzen ditu. Horrez gain, batak edo maskarak erabilera bakar batetik harago "irauteko" neurriak ere proposatzen ditu. "Funtsezkoa da langile guztiek norberaren babes-ekipamenduen erabilera arrazionala egitea, arrisku handieneko prozeduren kasuan nahikoa baliabide egon dadin bermatzeko".
Apirilaren 4ko data du ElDiario.es-ek eskuratu duen idatziak. Jesus Maria Goikoetxea Iribarrenek sinatu du, Arabako ESIko Lan Osasuneko arduraduna da. Kazetariaren hitztean, "idazki honek Arabako pandemiaren aurrean jarduteko prozedura aldatzen du, Osasun Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berriki egindako aldaketen ondorioz".
Maskaren auziari dagokionez, esan hiru motakoak direla, eskaintzen duten babesaren arabera sailkatuak: normala edo kirurgikoa, FFP2 eta FFP3. Azken horiek aerosolak sortzen dituzten prozeduretan erabiltzen dira, intubazioetan esaterako, eta erabilera bakarrekoak izan ohi dira. "Aerosol horiek neobirusa kutsatzeko arrisku handieneko unea direla ulertzen da", dio Riojak. Osasun Sailak onartu du FFP3 motako maskarak eskuratzerik ez balego, babes txikiagoa eskaintzen duten FFP2 maskara autofiltratzaileak erabili beharko liratekeela. Halaber, halakorik ere ez balego, "maskara kirurgikoak erabili litezke Sars-Cov-2k –koronabirusaren izen teknikoa– eragindako infekzio-kasuak artatzeko".