Espainiako Osasun sailak mugikorreko aplikazioaren bidez jakin ahalko du herritar bakoitza adierazi duen tokian al dagoen

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre 2020ko api. 6a, 09:11

Espainiako Osasun sailaren mugikorretarako aplikazioak erabiltzaileen geolokalizazioaren berri emango du. Osasun sailaren arabera, "soilik frogatzeko berak aitortutako autonomia erkidegoan dagoela". Baina datu horiek gurutzatuz mugikortasun ikerketa egingo dute, aztertzeko zer mugimendu egin zituzten "konfinamenduaren aurreko egunetan eta konfinamenduak iraun bitartean".

Espainiako Osasun ministroak, Salvador Illa Rocak, enkargua egin dio Adimen Aritifizialeko eta Digitalizazioko Estatu Idazkaritzari "berehala garatu dezan aplikazio informatiko bat COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzen lagunduko duena". Agindu hau martxoaren 28ko Espainiako Buletin Ofizialean (BOE) dago publiko egina.

Geolokalizazioaren informazioa emango dio estatuari mugikortasun ikerketa egiteko

BOEko Aginduaren arabera, "aplikazio honek aukera emango du erabiltzaileak geolokalizatzeko, soilik frogatzeko berak aitortutako autonomia erkidegoan dagoela". Baina ondoren eskatzen dio berriz ere Adimen Aritifizialeko eta Digitalizazioko Estatu Idazkaritzari, mugikorren datuak gurutzatuz mugikortasun ikerketa egin dezala, aztertzeko pertsonek egin zituzten mugimenduak "konfinamenduaren aurreko egunetan eta konfinamenduak iraun bitartean". BOEko dokumentuak dio mugikorretako datu hauek "anonimo bihurtuta" egingo direla.

Aplikazioa garatzen ariko dira eta auzitegietan errekurtsoa jartzeko aukera dago

Aginduak dio berau BOEn argitaratu orduko sartzen dela indarrean, beraz, martxoaren 28tik ariko da Adimen Aritifizialeko eta Digitalizazioko Estatu Idazkaritza geolokalizazioa kontrolatzeko aukera ematen duen mugikorren aplikazioa garatzen. Agindu honen aurka bi hilabeteko epean errekurtsoa jarri daitekem Auzitegi Goreneko gai administratiboetarako salan.

Mezu pertsonalizatuentzat atea zabalik?

Whatsapp bidez elkarrizketak izateko garapena ere egitea eskatu du Osasun sailak, "herritarren galderei informazio ofizialarekin erantzuteko". Eta baita ere dio BOEn argitaratutako aginduak, "aplikazioak izan ditzakeela bere edukien artean hirugarrenek kudeatutako webguneetara loturak, horrela dauden zerbitzuetara sarbidea izan dezaten erabiltzaileek".

Webgune indartsuenek beren informazioa erabiltzaileaz dituzten datuen arabera moldatzeko gaitasuna dutela jakinik, herritarrari galdera sortzen zaio geolokalizazioak emandako informazioaren arabera mezu pertsonalizatuak jasoko dituen bai Osasun sailetik, bai hirugarrenek kudeatutako webguneetatik ere.

Aplikazioaren erabilgarritasuna herritarrengan: ez du ordezkatuko medikua

Aplikazio honek herritarrei ekarriko dizkien onurak zerrendatuz hasten da Agindua: erabiltzaileari autoebaluazioa egiten lagunduko dio berak adierazten dituen sintomen gainean, eta adieraziko dio zein probabilitate duen COVID-19ak kutsatuta egoteko. Koronabirusari buruzko informazioa emango dio eta aholku praktikoak emango dizkio, egindako ebaluazioaren arabera gehien komeni zaizkionenak.

Argi dio Aginduak, ordea: "Aplikazioa ez da berez diagnostiko mediku bat, ez urgentziazko arreta eskaintzen duena, ez botika tratamenduak errezetatu ditzakeena. Aplikazioa erabiltzeak ez du ordezkatuko inongo kasuetan kualifikatutako osasun profesionalaren kontsulta".

Herritarrari sortzen zaion galdera da dagoeneko erakunde publikoen webguneetan eskura dauden informazioez gain aparteko zer beste aukera ematen ote dion aplikazio honek. Ez ote duen jauzirik handiena mugikortasun ikerketa horretan ekartzen, erabiltzaileen zerbitzuari egiten dion ekarpenean baino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!