Justizia Auzitegi Nagusiak Osakidetzari eskatu dio osasun langileei babes materiala berehala emateko

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko api. 6a, 09:06

ELA sindikatuak apirilaren 2an sartu zuen eskaera EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta apirilaren 3an iritsi da auzitegiaren Autoa, errekurritu ezin dena. Autoan adierazten du osasun-krisiak ezin dituela eten bizitzeko, osasunerako eta lan-arriskuen prebentziorako oinarrizko eskubideak.

ELAk oinarrizko eskubideak babesteko eskaera aurkeztu zuen apirilaren 2an EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Osakidetzak langileei babes-materiala berehala emateko eskatuz: FFP2 eta FFP3 maskarak, txabusina iragazgaitzak, maskara kirurgikoak, kanabera luzeko eskularruak eta eskularruak, begi-babeseko betaurrekoak, gel hidroalkoholikoa; baita banantzeko manparak ere, pazientearen arretarako administrazioko langileentzat.

Apirilaren 3an eman du Auzitegi Nagusiak Autoa, eta honen aurka ezin da errekurtsorik jarri, ELAk adierazi duenez. Auto horretan auzitegiak baietsi egiten ditu eskatutako kautela-neurriak, eta Osakidetzari eskatzen dio, premiaz eta berehala, plantillari aipatutako materiala eman diezaiola.
"Osasunak jardun profesionalarekin bateragarria izan behar du"

ELA sindikatuak hala adierazi du: "Ezin dugu kutsatzea normalizatu, ezta langileak beren lanpostura joatera kondenatu ere beren osasunerako edo bizitzarako arrisku jakin batekin. Hain zuzen ere, Auzitegiak bere Autoan adierazten du osasun-krisiak ezin dituela eten bizitzeko, osasunerako eta lan-arriskuen prebentziorako oinarrizko eskubideak". Autoaren arabera, osasun-arloko langileek, beren lana osasuna arriskuan jartzen ez duten segurtasun-baldintzetan egiteko eskubidea dute, eta hori horrela dela bermatzeko ardura Osakidetzarena berarena da.

Sindikatuak bukatu du gogoraraziz langileen osasuna zaintzea funtsezkoa dela osasun-zerbitzua eman ahal izateko, "bajek murriztutako plantilla batek arriskuan jartzen baitu herritarrei arreta ematea ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!