Zelan sortu zen Socorro Rosa Cordoba taldea?
2012. urtean izan zen. Campaña Nacional por el Derecho al Aborto Legal Seguro y Gratuito (Abortu Legal, Seguru eta Doakoaren Eskubidearen aldeko Kanpaina Nazionala) ekimenaren bilera batean. Abortuaren aldeko legea lortzeko, 700 erakunde sozial, politiko, feminista, akademiko eta giza eskubideen aldekoek hartzen dute parte bertan. Batek baino gehiagok, lege horren alde zeudela jakinda, emakumeek laguntza eskatu ohi zietela kontatu zuten eta legea lortu bitartean zer egin zitekeen pentsatzen hasi ziren. Helburu horrekin eta egoera horretan sortu zen Socorro Rosa Cordoba taldea. Nik duela bost urte parte hartzen dut bertan.
Hamabost lagun gara gaur egun eta urtero 500 pertsona inguru laguntzen ditugu Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gomendatzen duen tratamenduaren inguruko informazioa emanez. Argentinan lortu daiteke abortu segurua egiteko gomendatzen den medikamentua. Misoprostol izena du eta beste tratamendu batzuetarako ere balio duenez, farmazietan saltzen da.
Abortatu beharra duten pertsonek gure telefono zenbakira deitzen dute eta beraiekin elkartzeko zita adosten dugu. Bilerak leku publikoetan izaten dira eta lau bat emakumerekin elkartzen gara aldiro. Bertan gure taldearen nondik norakoak kontatu eta pastillak nola erabili behar diren adierazten diegu. Behin bakarrik aurkitzen gara aurrez aurre, baina telefonoz jarraipena egiten dugu abortatzen duten bitartean, edo zalantzaren bat dutenean, dena ondo atera dela frogatzen duen kontrola egiten duten arte.
Jarraitu irakurtzen Argia-n