Oñatin sortua, Intzak kooperatiben munduan egin zuen bere ibilbide profesionalaren parte handi bat, Tolosaldeko industriako kooperatiba baten buru izateraino. Beranduago ekonomia alorrez erabat aldatuz, lehen sektorean aritu zen untxi haztegi bat kudeatu eta alor horretako koordinazioa ere animatuz. Politikan ezker abertzalearekin lerrokatua, Herri Batasunako zinegotzi izan zen Tolosan.
Intzaren beste pasioa erleak ziren. Bere erlategi propioa edukitzeaz gain, urte luzez egin zuen lan Gipuzkoako Erlezain Elkartearen barruan. Erleen eta erlezain ofizioaren maitale, Euskal Herrian aitzindarietako bat izan da erleek giza osasuna artatzeko dituzten balioak ezagutu, ikertu eta zabaltzen. Informazio eta harreman bila itsasoa zeharkatu zuen behin baino gehiagotan –beti Maritxu Lazkano emaztea aldean zuela– Argentinara bezala Kubara, eta harreman sarea antolatu Europan eta batez ere Latino Amerikan gai horretan erreferentziazkoak diren profesional ezagunekin. Intza bitarteko ibiliak dira Euskal Herritik Julio Cesar Diaz eta Hugo Agirre mediku argentinarrak, Kuban osasun sistemaren barruan erleen produktuen arduradunetakoa izan den Teresa Giral doktorea eta abar. Intzaren bidez lortu dituzte euskal herritar interesatu askok mundu osoko apiterapia adituekiko kontaktuak.
Azken urteotan lan handia egina zuen erle txikiaren inguruan; alegia, berriro erleak gizakiaren esku hartzerik gabe basatiak zireneko neurri txikiagora –4,9 milimetro ingurura, gaur azken mende eta erdiko manipulazioen ondorioz neurtzen dituzten 5,1-5,4 milimetroen ordez– itzularazteko ahaleginean, horrekin erlea sanoago eta indartsuago izango delakoan. Mundu osoan beste erlezain ezagun asko –Ed eta Dee Lusby, Michael Bush, Stephan Braun...– urratzen ari diren bide beretik duela dozena bat urte abiatu zen Intza beste erlezain gipuzkoar historiko batekin, Joxe Leunda Legazpiarrarekin. Hamabi urteotako beren ibilbidearen balantzea idatziz jartzeko lehen urratsak emanak zituzten berriki.
Iniziatiba handiko gizona izaki, historiako zenbait azterlanetan ere parte hartu zuen Intzak. Horren fruituetako bat izan zen Gipuzkoa zeharkatzen duen Norteko Trenbidearen eraikuntzaz berak eta Pello Joxe Aranburuk plazaratutako "Norteko Trenbidearen eraikuntza, ebaluaketa eta ondorioak", ARGIAn Urko Apaolazak luze-zabal komentatu zuena.
Albiste hau Argia-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ATARIAra.