Plazida Otañoren bertsoak antzeztuta

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre 2018ko urr. 15a, 13:36

Urriaren 13an emakume baserritarrei ohore egin zieten Zizurkilen. Unai Mendizabal herriko bertsolariak aurkeztu zuen emanaldia, eta Tomax Lizardik gitarraz lagundu.

“Baserritarra zen Plazida Otaño. Baserritarra, eta bertsolaria” hitzekin abiatu zuten emanaldia.

Haritz Zubillagak eta Janire Sansebastianek antzeztu zituzten Plazida Otañoren bertsoetatik gaur arte iritsi diren bat-bateko bi aleak. Bi bertsoak ere, garaiko bi bertsolari handiei erantzunaz kantatutakoak dira. Bideo hauetan ikusentzun daitezke, bakoitza bere testuinguruan.

Txirritari erantzunez

Plazida Otaño soroan lanean ari zela Txirritak kantatutako bertso pikantea, arropa gutxirekin zebilelakoan, eta Plazidaren erantzun kolpea:

Hemen Txirrita eta Plazidaren arteko bertsoak, irakurtzeko:

Gauz bat esango dizut

modu ondraduan,

noski ez naiz hasiko

hemen endreduan.

Nonbait egongo zara

aldarte beruan,

gaur horla zabiltzanean

udako beruan,

ez da atsegin izango

zure inguruan.

Plazida Otañok erantzun hau eman zion:

Arrazoi horrek badu

bere parezera,

konprenituko dezu

mutila bazera.

Udarako beroaz

kexatzen al zera?

Lana hortan badezu

egiten atzera,

fraide sartu zintezke

komentu batera.

Jose Bernardo Otañori (bere aitari) erantzunez

Beste bertso hauek, berriz, etxean kantatu zituzten, bazkalostean, aita-alabek: Jose Bernardo Otaño eta Plazida bertsolariek. Alabak ezkontzeko asmoa zuela bota zion lehenagotik, eta aitak gazteegia zela erantzun. Plazidaren errematea ederra:

Ezkondu behar dunala,

hoi den balorea!

Hamazortzi urte den

hire edadea.

Pikara, gaizki hazi,

lotsarik gabea,

hik aberastuko naun

lehen banaiz pobrea.

Plazidak aitari ostera:

Aita, zahartu ta gero

garai hobea ezta,

neska gazteak ere

badu bere kezka;

ilea zuriturik,

nobiorik ez-ta,

orduan alferrik da

soinua ta festa.

Albiste hau Argia.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!