Zavalak Pello Errotari buruzko mahai-inguruan esango zuenez (Bertsolari aldizkariko 17. zenbakian Laxaro Altunek 26. orrian jasoa), liburu hori ez zen erdia ere izango Mikaela Elizegigatik ez balitz. Baina Mikaela Elizegiri zor diogu, baita ere, jakitea bere ahizpa Joxepa Inaxi bertsolaria zela.
Joxepa Inaxi 1864an jaio zen, eta hau dio Mikaela Elizegik bere ahizpaz Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburuan: “Gure ahizpa Joxepa Inaxi senideetan bigarrena genduan, eta bertsotan zekiana zan. Garai hartan Astiasuko plazan bi sagardotegi ere baziran. Sagardorik ez genduan etxean, errotan, eta kaletik eramaten genduan. Ta gure ahizpa hori sagardo eske joango zan, da han bi mutilzahar bertsotan ari omen ziran. Aitaren gainean-edo ariko ziran, da orduan gure ahizpa horrek bertso hau bota zien”:
Bertsotan ari dira
bi galtza-jario,
bat ……………
bestia Antonio,
jendia emen dago
hoik diala merio,
aita guriarentzat
ez dute balio.
Joxepa Iñaxiren bat-bateko bi bertso iritsi dira gaurdaino: biak sagardotegian kantatu zituenak, eta biak Mikaela Elizegik gogoan hartu eta Antonio Zavalaren liburuetan bukatu zutenak. Hona bigarrena, Mikaelak kontatuta: “Behin batean, gure ahizpa Joxepa Inaxi, sagardotegian toriatu egin zuten, bertsotan hasteko alegia, eta gure ahizpa horrek horrela kantatu zien:
Gogorikan ez daukat,
lotsa bestetikan,
horra emakumea
naizen partetikan;
toriatzen banazue
aldamenetikan,
ederrak aditzeko
zaute nigandikan.
Eta hori esanda alde egin zuan handik, gehiago ez kantatzeagatik».
Bi bertso dira, baina oso garrantzitsuak: izan litezke sagardotegian bat-batean emakumeek kantatuta ezagutzen diren bertso zaharrenak, eta bakarrak. Norbaitek besteren batzuen ezaguerarik badu, esan edo pasa.
Bi ahizpa elkarri bertsoak gutun bidez bidaliz
Mikaelak kontatzen du bere ahizpa Joxepa Iñaxi bertsolaria 20 urte ingururekin Argentinara joan zela. Mikaelak xehetasun bat eman zuen kontakizunean, emakumeen migrazioarekiko dugun iruditegiarekin bat ez datorrena: “Orduan neskatxa kuadrillak joaten ziren, eta gure ahizpa ere bere neskatxa lagunekin joan zen”. Joxepa Inaxik nahi zuen bere ahizpa Mikaela Argentinara joatea, eta honek ezetz esaten zion. Kartaz elkarri bertso bana jarri zioten gai horren inguruan, eta Mikaelak gorde zituelako dugu hauen berri:
Joxepa Inaxi:
Nere ahizpa Mikela
nik abixaturik,
ez duela etorri nahi
bidean bakarrik,
ez det nahi eukitzea
etxean negarrik,
hor gelditzen bazera
zeretzat alferrik.
Mikaela:
Ahizpa, bidaltzen dizut
horren errespuesta,
oraindik ni juatea
segurua ezta,
horrenbeste enpeñoz
gelditzea gaitz-ta,
akaso joango naiz
mudakorra naiz-ta.
Bertso hauek eta beste asko entzungai gaur Zizurkilen
“Emakumeak ondarea aletzen” bertso-hitzaldi musikatua egingo da gaur Zizurkilen, bertako udalak eta Harituz Bertsozale Taldeak antolatuta. 19:00etan Iriarte Kultur Etxean izango da. Bertan kontatu eta kantatuko dira bailarako bi bertsolari-familietako kide ziren Adriana Otaño eta Mikaela Elizegiri esker gaur arte iritsi diren bertsoak.
Albiste hau Argia.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.