Ikasketaz abokatua da Tarana Karim; ostalaritzan eta itzulpengintzan jardun da besteak beste, eta gaur egun aktibismoan ari da buru-belarri. Bizitzak hala ekarri duelako, orain 15 urte Euskal Herrira etorri zenetik hainbat elkartetan ibili da boluntario, hala nola Caritasen eta Gurutze Gorrian. Orain dela hiru urte Ana Yurd izeneko emakume-elkartea sortu zuen, munduko emakumeak biltzeko, eta Tolosako Emakumeen Etxearen Aldeko Taldean ere badabil. Bi urte egin ditu SOS Arrazakerian lanean, eta, hori baino lehen, lau urtez aritu zen elkarbizitza bultzatzeko Bizilagunak proiektuan dinamizatzaile. Aisialdian, ipuinak kontatzen ditu: hura aditzeko aukera, Hernani Hitzetan jaialdian.
Hasteko, zure burua aurkezteko eskatu nahi nizuke.
Tarana Karim naiz, azerbaijandarra, han jaioa eta hazia. 15 urte egin ditut Euskal Herrian bizitzen, ikasten, nire umeak hazten… Nire bizitzagatik edo jatorri ezberdina dudalako, egunerokoan borroka egitea eta estereotipoak apurtzea tokatu zait, beraz duela hainbat urte borrokalari bihurtu nintzen, kanpotar eta emakume bezala bereziki.
Zuzenbidea ikasi zenuen jaioterrian; horrek ba al du loturarik zure borroka-grinarekin?
Nik esango nuke nire borrokatzeko grina neure egunerokotik datorrela, beharretik. Zuzenbidea ikasi ala ez, horrek eragiten du, noski, badakizu zeintzuk diren zure eskubideak, baina pertsona bezala, momentu batean konturatzen zara gauzak ezin direla horrela izan, aldatu behar direla eta badagoela beste modurik gauzak egiteko.
Nolatan etorri zinen hona bizitzera?
Gazteagoa nintzen eta nire gizartean oztopo batzuk aurkitu nituen lan aldetik. Han nengoela, nire bikotekidea ezagutu nuen, eta hemengoa zen. Donostiara iritsi nintzen, eta hortik jarraitu dut.
Zer oztopo aurkitu zenuen jaioterrian?
Azerbaijan, herri bezala, oso polita da: natura, kultura aberatsa… Turismoa egiteko, ederra da. Bertako jendearentzat, berriz, gero eta traba handiagoak daude; gaur egun diktadura bat da: ez daukazu askatasunik, internet kontrolatuta dago, komunikabideak itxi dituzte, gauzak egin nahi dituen jendea kartzelaratu… Nire garaian, lanera eta unibertsitatera sartzeko orduan, ustelkeria handia zegoen, eta okerrera egin du horrek ere. Dirurik ez badaukazu, ezin zara unibertsitatera joan ezta ametsetan ere; ofizialki publikoa da, doakoa, baina diruaren bidez funtzionatzen du denak. Hango jendearentzat oso zaila da bizitza.
Zer moduzko bidea egin duzu hemen?
Iritsi nintzen hizkuntza jakin gabe eta niretzat oztopo handia izan zen. Lan egiteko garaian zorte ona eduki dut, bazegoen beti norbait ingelesez moldatzen zena, eta berehala hasi nintzen lanean. Iritsi eta lehen lau urteetan, lana eta etxea, horiek ziren nire guneak, baina gero umeak jaio ostean ez nintzen hainbeste aritzen kanpoan lanean, eta denbora eman zidan hainbat gauzari buruz pentsatzeko. Parkera, liburutegira edo dendara joatean, konturatzen zara gizarteak nola hartzen zaituen. Jende askok espero du hemengoak bezalakoak bihurtuko garela, hemengoek bezala jokatuko dugula: hori prozesu bat da, eta prozesu hori egin nahi izanez gero, akaso zure bizitza osoa behar izango duzu horretarako. Edonola ere nik argi daukat ez dudala hori nahi: ez dut inor bihurtu nahi, nik nahi dut nire bizitza bizi tokatzen zaidan bezala.
Jarraitu hemen irakurtzen.