'Primun non nocere'

Erabiltzailearen aurpegia Arantzazu Lizartza Saizar 2021ko urt. 31a, 19:58

Gehiengoak ateak itxi eta abandonatu zaituztegula uste arren, lanean jarraitzen du lehen mailako arretak; doi-doi bada ere. Eta, eskerrak! Izan ere, Atentzio Familiar eta Komunitarioak baditu arreta behar duten zientoka gatazka «pandemonioa» (hots, COVID-19ari pertsonalki jarritako izena) soilik artatzen aritzeko. Argitze aldera, anbulatorioen jardunaz ari natzaizue.

Telefono haria bilakatu zaigu oinarrizko komunikazio lanabes, eta lotsati agertu ohi dira kontsulta arrazoi interesgarriak, ikuspegi mediko-sozial bati dagokionean. 2020ko egun arrunt bat izanen zen, beste egun guztietatik asko desberdintzen ez zen horietako bat.

Hitzordu zerrendako enegarren telefono deia izanen zen: zenbakia markatu eta erabiltzailearen izenari erreparatu nion, deia erantzutean, pertsona horretaz galde egiteko asmoz. Gizonezko baten izena zen.

Ahots fin batek erantzun zuen deia. Zerrendako izenaz itaun egin, eta berak zuzendu egin zidan: emakumezko izen batez deitzeko, arren. Bat-batean, moztu zitzaidan hatsa, uzkurtu gorputz ertzak eta lotsagorritu masailak. Segundo batzuk nahikoak zitzaizkidan kontsulta arrazoia susmatzeko: transexualitatea eta hormonak… edo kirurgia inguruko zalantzak, akaso.

Zerrendako  izenaz itaun egin, eta berak zuzendu egin zidan: emakumezko izen batez deitzeko, arren

Aurrez-aurreko kontsultan zitatu genuen, badirelako telefono hariak ase ezin ditzakeen hainbat premia. Lehen aldia zenez horrelako kasu batekin aurkitzen nintzela, etxean, azken tratamendu aukerak, abordai ezberdinak, identitate aldaketa erdiesteko betebeharrak etab. bilatu eta ikastea tokatu zitzaidan (guk ez dakigulako dena…).

Tartean, Nortasun Agirian sexua aldatzeko, eta, beraz, Estatuak sentitzen zaren moduan tratatzeko, hormona-tratamendu bat jaso behar da. Bai edo bai. Eta duela ez askora arte, ebakuntza jasatea derrigorrezkoa zen hori erdiesteko.

Nabarmena da hormona-tratamendu batek organismoan duen eragina, aldartearen nahas-mahasetik sexu apeta galtzeraino. Kontsultan, horren berri ematea dagokigu, alde onak zein ez hain onak; baina, aldi berean, eskapatzen hain erraza den «Ziur al zaude?!» bat mahai gaineratu gabe. Behar duten azkena, zerorrek ere zalantzan jartzea delako.

Honekin guztiarekin adierazi nahi dudana zera da: bada Hipokrates handiaren premisa bat dioena: «Batez ere, ez kalterik egin». Eta ni zalantzati nabil, ezjakin, zer erabakik eragin ditzakeen albo ondorio gehien. Primun non nocere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!