Kresalezko hilkutxak

Erabiltzailearen aurpegia Arantzazu Lizartza Saizar 2020ko aza. 14a, 19:58

Aski ongi ezagutzen nauenak badaki heriotza jakin-min handiz beharbada, pasioz- behatzen dudan gertakaria dela. Ez da kasualitatea, beraz, gaur, azaroaren lehena den honetan, heriotzaz eta, hala, bizitzaren balioaren inguruan pentsaldian jarri eta lerrok erditu izana.

Geroz eta gehiago hitz egiten da birusagatiko heriotza bakartiez eta katramilatutako doluez. Helduleku posiblea litzake, haritik tira, eta hausnar egiteko; baina, barkatuko didazue, guztiz asebetea nauka COVID-19ak. 

Gogora etorri ohi zait maiz, loa trabatzeraino- arrantzale ontzi xumeetan, bizitza gozo baten bila abiatu eta Atlantikoko ur gazitan hondoratzen diren horien heriotza eta, finean, haien bizitzaren balioa. Eta nola, gai honen inguruko berriren bat jasotzean, sorbaldak uzkurtu, erruki aurpegi iragazgaitza jarri eta ausa geografikoari ardura guztia esleituz, gure presazko mundu honi heltzen diogun, enegarrenez. Sinistuz, kresalezko hilkutxetan harrapatutako gorpuen zorigaitza arazo indibidual baten ondorio dela.

[...] Sinistuz, kresalezko  hilkutxetan  harrapatutako gorpuen  zorigaitza  arazo indibidual baten  ondorio dela

Soberanoak bizitza baimendu edo hilarazi egiten zuen; egungo politika markoan, ordea, bizitza optimizatu (realfood eta crossfit-a) eta hiltzen uzten da (egur oholetan datozen banakoak, kasu). Hori omen, Michael Foucault-en hitzetan, biopolitikaren muina. Bizitzaren gaineko boterea izateak, nahitaez, erailtzeko gaitasuna aurreikusi eta izan behar du bere gain: biopolitikak bere baitan hartzen duelako nekropolitika, heriotzaren eta heriotzarekin egiten den politika.

Botere neoliberala, bere aldetik, baztertuen ezabatzea helburu duen nekropolitika aplikatzen ari da; kapitalak bere bidean zehar topatzen dituen oztopoak desagerrarazten dituelako: errentagarriak ez direnak, ekoizpen katean esku hartuko ez dutenak, ekoizle-kontsumitzaile bikoa osatuko ez dutenak, alegia. Egunak pasa ahala, biktima errugabeen zerrenda luzatzen doa, logika kapitalaren estrategia nihilizatzailearen baitako hautespen naturalean.

Konfesatze aldera, erabat izutzen nau sarraski honen aurrean, hots, bizitzen balio ezaren edo deuseztatzeen aurrean, aurkezten dugun normaltasunak: sorbaldak uzkurtu dituzu, erruki iragazgaitz aurpegia jarri. Gaur azaroak bat da, eta lore sortarik ez urpeko hilobietan. Ez… ez da kasualitatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!