Koronabirusa

Haiek, ordea, sartu

Erabiltzailearen aurpegia Arantzazu Lizartza Saizar 2020ko mai. 24a, 09:00

Atzera kontuek emozioak adina aurpegi izan ditzakete, beti ere, jomugaren arabera. Baliteke, dagoeneko, sukaldeko pareta zurian, zintzilik, dagoen banketxeak oparitutako 2020ko egutegian, irrikaz itxarondako pintxo-poterako data kolore gorriz markatua izatea. 

Edo, beharbada, egongelako entxufera erantsitako segapoto adimentsuak hondartzara ordutegi zehatz bat jarraitu gabe gerturatzeko falta diren egunak pantaila behatzen duzun aldiro gogoratzea. Nago, ongi ikasiak dituzula konfinamendu arintze fase guztiak; eta etxetik, zure etxetik, aske, aterako zaren unea noiz iritsiko desiratzen zaudela.

Izan ere, ito zaituzte, eta naute, lau paretek. Maiz sentitu zara, eta naiz, preso. Hori, nire antzera, konfinamendua etxean pasatzeko abagunea izan baduzu, noski. Baina bada, etxerik izan ez, eta atzera kontua, irrikaz baino, beldurrez, ezjakintasunez eta inpotentziaz bizi duenik ere: etxegabe edo kale egoeran bizi den jendeaz ari natzaizue. 

Donostian, salbuespen egoera dela eta, aipatutako kolektiboarentzako egokitu diren hainbat baliabidetan osasun-langile bezala lan egiteko aukera suertatu zait. Koronabirusari 'esker', teilatupe batean (Atano III. pilotalekua, tartean), behin-behinean, bizitzeko aukera izan duen kale egoerako norbanakoekin, alegia.

Askotarikoak izan dira artatze arrazoiak: hagineko infekzioak, kontsumo ezak eragindako abstinentzia sindromeak, traumatismoren bat (koronabirus kasurik ez)… baina, gehienak, zio emozional-afektiboak izan dira. Ez zait sekula ahaztuko hemeretzi urteko gaztetxo batekin izandako elkarrizketa: somniferoak eskatzen zizkidan, gutxienez, loaldian amets egiteko, errealitateak ukatu baitio iratzar amets egiteko aukera; duin bizitzeko aukera, estalpe bat, etxe bat izateko aukera.

Soberan zait argitzea, salbuespen egoera amaitu bezain pronto, kolektibo hau berriro ere kale gordinera itzuliko dela, bakoitza bere txokora: pandemia aurreko habitat-era. Horregatik, iritzi-testua ixte asmoz, Berri Txarrak taldearen Ikusi arte abesti puska egokitzeko askatasuna hartu dut: guk etxetik- atera nahi genuen, haiek, ordea, -etxe batean- sartu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!