Koronabirusa

Eklipsea

Erabiltzailearen aurpegia Arantzazu Lizartza Saizar 2020ko mar. 21a, 16:58

Eklipsatzea beste ortzeko gorpuzki bat tartekatzearen ondorioz gertatzen den astro baten desagertze oso nahiz ez-osoa omen da. Hala dio, beti ere, egongelako apalean hautsak harturik dagoen Elhuyar hiztegi lodikoteak. Metafora bikaina deritzot azken asteetan hedabideetan jazo dena era poetikoan definitzeko.

Urruti heldu da Koronabirusaren birulentzia; izan ere, kutsatu ditu komunikabideak ere. Telebistak, beharbada, ez zituen eskuak behar bezala garbituko; Txinan izan berri den kide batekin egin zuten topo irrati-uhinek pasa den astean; idatzizko prentsak, ordea, ezezaguna du kutsatze modua. Kontuak kontu, hirurak eman dute positibo artatu dituzten osasun zentroetan egindako proban.

Ordu estrak eskaini zaizkio gaiari, gisa horretan, hedatze-katea moztea lortuko balitz bezala. Sentsazionalismorik batere ez; ezta izua ereiteko helbururik ere. Xede bat guztiaren gainetik: herria informatua edukitzea. 

Paralisi mediatiko-sozial horren barruan, egunak, asteak,… bizitza bera ere aurrera doa. Nahiz eta ez adierazi, bestelako pandemiak egon badaude: lan prekarietatea eta greba-deialdiak, errefuxiatuei Europak ezarritako hesiak, Zaldibarren lurperatutako bi gorpuak, Zaporeak proiektuari Grezian egindako erasoa eta baita bururatzen ez zaizkidan beste zenbait berri gordin ere.

Tarte horretan, indarkeria matxistak eraildako emakumeen inguruko albisteek oraindik inkubazio-aldian jarraitzen dutela dirudi; adierazteko zain. Izurri zaharra dugu indarkeria matxistarena eta bere hedapena eusteko zailtasunei dagokionez, zeresanik ez. Aurten, momentuz, Espainiar estatuan, 24 emakume erail ditu (bi, hemen, etxean).

Finean, maltzurra da generobirusa, eta honen aurka ere ez dugu immunizaziorik. Eta, zin dagizuet 2021erako ez dutela germen hau prebenitzeko txertorik aterako. Ezta aurrerago ere... Baina, tira, izan gaitezen errealistak, garrantzitsuagoa da supermerkatutako apalak hutsik geratzen ari direla ezagutzea.

Koronabirusak mundu mediatikoa eta gizartea aztoratu legez, hemen jarraituko dut feminizidioek herria berrogeialdian sartu arte: tarteko gorpuzki hori desegin eta argitzeko zain, borrokan. Eta, jakin, ez naizela argi printza soilekin konformatuko.

Ah! ATARIA-n hasi berria naizenez… urte askotarako, irakurle! Besarkada aseptiko bat!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!