Erakutsiz ikasi

Korrika

Erabiltzailearen aurpegia Anoetako Herri Ikastola 2019ko api. 12a, 15:00

Korrika euskara bultzatzeko egiten den egitasmoa da, eta AEK euskaltegi elkarteak antolatzen du. Lehenengo Korrika 1980an egin zuten eta, aurten, 2019. urtean, 21. Korrika ospatzen ari da. Euskal Herriko hainbat herritatik pasatzen da, eta horietako bat Anoeta da, gure herria (2.186. kilometroa).

Zer da Korrika?

1980an Euskal Herria On?atitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik, 20 Korrika eta 39 urte igaro dira. 2019ko apirilaren 4an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du, Garestik Gasteizera. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka parte hartzailerekin, gau eta egun gelditu gabe. Herri bat, hizkuntza bat!

Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da, eskuz esku eta kilometroz kilometro, korrikalarien artean; lekuko horren barruan euskaldun ezagun batek idatzitako mezua doa, helmugara iristean irakurriko dena, eta, ordura arte, sekretupean gordetzen dena. 1988az geroztik, Juan Gorriti eskultoreak eginiko lekukoa da herriz herri dabilena.

Ehunka mila lagun izan dira parte-hartzaile, aurreko Korrika ekitaldietan. Korrikaren inguruan sortzen den mugimenduak erakusten du, Euskal Herriko jendarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egindako lana. Egitasmoan parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe, eta, bere antolaketan ere, milaka lagun aritzen dir,a herriz herri eta auzoz auzo, euskara zabaldu nahian.

Korrika Euskal Herritik kanpo

Euskal Herritik kanpo dauden euskaldunek ere antolatu izan dituzte Korrikak. Lehenengo aldia 1999an izan zen, eta Bartzelonako eta Londresko euskaldunek antolatu zituzten. Urtetik urtera gero eta herrialde gehiagotan egin dute ekintza hau, esate baterako, 2017an, Amerikan, Ozeanian, Europan eta Asiako hainbat lekutan.

Korrika Txikia

Gu ia urtero ateratzen gara Korrikan, baina, aurten, 04:00ak inguruan pasatuko da gure herrietatik eta, horregatik, gure ikastolak, apirilaren 9an, Korrika Txikia antolatu zuen, Korrika ospatzeko asmoarekin. 15:00etatik 17:00etara, 2 urtetik 15 urtera bitarteko ikasleak atera ginen. Anoetako Ikastolakook Irura eta Anoeta banatzen duen zubian hartu genuen lekukoa, eta Anoetako kaleak korrika zeharkatu genituen.

Euskal hiztunok gure ekarpena egin dezakegunez, guk animatzen zaituztegu, Korrikan metro batzuk korri egitera, euskararen alde!

(Itxaso Agoues eta Lucia Caballero, DBH 2)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!