Erakutsiz ikasi

Iruratik Anoetara

Gu Anoetako Herri Ikastolako ikasleak gara, gure herria Irura bada ere. Irura, hain herri polita da... belardiak, etxeak, plazak, parkeak eta ikastola bat ere badago. Baina hauxe galdetuko duzue segur aski: zergatik gaude Anoetako Ikastolan ikasten?

Anoetako ikastetxea ikusgarria, polita eta handia izan arren Iruran ez dagoelako DBH, beraz, etapa horretara pasa behar dugun ikasleak Tolosara, Anoetara edo Villabonara joaten gara. Iruratik gertuen dagoen herria Anoeta delako joaten gara gehienok hara, adibidez gu.

LH6-tik DBH-ra alde handia egon da eta ez bakarrik ikastolaz aldatu garelako, baizik eta irakasleak, ikaskideak, gelak, ekintzak, patioa eta ohiturak ere aldatu direlako. Orain gure esperientzia kontatuko dugu.

IRAILAK 7

Udara azkar pasa zen eta ikastola berri batera joateko momentua iritsi zitzaigun. Motxilak hartu eta Anoetarako bidean gindoazen goizeko 08:00etan. Lagun eta irakasle berriak, dena zen berria guretzat. Egun hartan geure burua aurkeztu eta besteena ere entzun genuen.

IRAILAK 10

Gure buruarekiko eta baita besteekiko ere konfiantza hartzeko dinamikak egin genituen. Ikasturtea nola joango zen ere esplikatu ziguten, eta gu garen bezala tratatu behar gaituztela esan ziguten, ez gutaz esaten dutenagatik. Hori dena gure tutore zoragarriak esan zigun. Oso atseginak egin zitzaizkigun egun haiek.

IRAILAK 11

Egun hartan Hernialdera joan ginen irteera bat egitera, dinamikez eta jolasez gozatzeko. 08:00etan ikastolara etorri, guztiok elkarrekin gosaldu eta Hernialdera abiatu ginen. Goiza han pasa ondoren ikastolara jaitsi eta bazkaltzera joan ginen bakoitza bere etxera.

IRAILAK 12

Egun horretan jazarpenaren aurkako talde batean lan egiten duen bikote bat etorri zen gurekin hitz egitera. Gero jazarpenari buruzko antzerki bat egin zuten eta guretzat jazarpena zer den hausnartzen ibili ginen. Jazarpen kasuren bat gertatuz gero zer egin behar den ere azaldu ziguten. Ikaskideekin nola sentitzen garen galdetu ziguten eta geletan zein rol dauden aztertu genuen. Saioa amaitzeko, jazarpenaren aurkako espiral bat oparitu ziguten (mila esker etortzeagatik).

IRAILAK 13

Irailaren 13an hasi ginen lanean ikasgaiekin. Gelako ardurak banatu genituen, esate baterako, zakarrontzia nork aterako zuen, argiak zeinek piztu eta itzaliko zituen... Gelako ordezkariak ere aukeratu genituen. Beraien lana gelako ikaskide guztiak partaide sentitzea da, ikastolara gusturago etortzeko, ikastola hobetzeko eta gure ideiak zabaltzeko.

IRAILAK 20

Etxetik atera eta ikastolara joatean zuzenean Besagainera joan ginen. «Gogorra» eta aldapatsua iruditu zitzaigun bidea baina azkenean iritsi ginen mendi haren tontorrera, hori bai, denak izerditsu. Goian arkeologo ugari zeuden lan eta lan eta han zebilen bat etorri zitzaigun gauza batzuk esplikatzera. Arkeologoak Antzinaroari buruz hitz egin zigun zehatz-mehatz eta oso azalpen interesgarriak eman zizkigun.

AZAROAK 29

Ez uste dena horrelakoa denik Anoetako Herri Ikastolan. Goian azaldu ditugunak lehen egunak izan ziren baina bi hilabete pasa ondoren dagoeneko egin ditugu 33 froga, 6 konpetentzia, luzeak, astunak, zailak... Hala ere, ohitu gara honezkero eta ez ikastea arraro eta guzti egiten zaigu batzuoi, baina lan asko egiten dugun arren, oso ondo pasatzen ari gara gu behintzat. Eta ez ahaztu 11 egun hauetan Euskaraldia izan dela eta egunetik egunera euskaraz gozatzeko aukera gehiago ditugula. Ze poza!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!