PRIk 1930-2000 bitarteko 70 urteetan Mexiko gobernatu zuen eta agintean egon zen garaiari ziklo deitzea zuzena ez dela iruditzen zait, motz geratzen den hitza da eta. Zikliko terminoak zerbait aldatzen joaten dela esan nahi du, orain modu batez, gero beste batez eta agian hasierara itzuliko dena. EAEko politikara etorrita, Mexikon bezala, EAJren agintaldiari ziklo deitzea egokia ez dela uste dut.
Igandean burutu ziren hauteskundeen aurreko kanpaina luzean ziklo aldaketa zetorrela behin eta berriro entzun genuen, hau da, gurean botere aldaketa edo gobernu alternantzia zerbait ohikoa bailitzan. Atzera begiratuta ordea, bestelakoa da ikusten dugun panorama. 1980ko hauteskundeek gaur egungo legebiltzar sistemari eman zioten hasiera eta geroztik, ezker abertzalearen ilegalizazioak baldintzatutako legealdi batean salbu (Patxi Lopezen gobernua), beti EAJren zerrendaburua izan da lehendakaria. Hurrengo lau urteak bide beretik joango direnez, 48 urteetako zikloa beteko du gure PRIk. Ez dakit honi zikloa deitu dakiokeen edo beharbada aro egokiagoa litzateke. Beraz Revolucionario ez, baina ez dakit Mendebaleko Europan EAJ baino alderdi Instituzionalagorik dagoen. Aztertzeko fenomenoa, dudarik gabe.
Fenomenoak aztertzen hasi bagara, badago beste bat aipatu gabe ezin dena utzi. Bi indar soberanisten batuketak (EAJ + EHB) inoizko aulki kopuru handiena eskuratu dute, 54, legebiltzar osoaren %72 hain zuzen ere, eta hemen beste paradoxa baten aurrean gaudela garbi dago, izan ere azken hamarkadetako kanpainekin alderatuta independentzia, autodeterminazioa edo erabakitzeko eskubidea hitzak inoiz baino gutxiago erabili dituzte bi alderdi horietako hautagaiek. Nahita izango dela pentsatu nahi dut, hau da, alderdi subiranistek burujabetzaz hitz egiten ez dutenean emaitza hoberenak lortzen dituztenaren egiaztapena. Egoera hau paradoxaren adibide bezala azaldu beharko litzateke hiztegietan. Agian beste kontzeptu bat proposatu dezakegu tendentzia arrakastatsu berria izendatzeko Soberanismo light, esate baterako.
Gauzak horrela, igandeko emaitzen balorazioak, pozak, haserreak, etsipenak edo euforiak espektatiben ikuspuntutik baino ezin dira aztertu. EAJk eta PSEk gobernua osatuko zutela garbi zirudien, beraiek bakarrik edo beharrezkoa izanez gero, Gipuzkoako Aldundian egin zuten bezala, PPren babesarekin. Beraz inkestek piztu ziguten interes bakarra Ezker Abertzaleak lehen aldiz hauteskundeak irabazteko gaitasunaren ingurukoa zen eta perspektiba hori da 27na suertatu den berdinketaren balorazioa aldarazten duena. EAJ oso pozik dagoen bitartean, EH Bilduren balorazio positiboan kutsu mingotsa utzi zuen, lortu duzuna espero zenuenarekin alderatzean azalaratzen den sentimendua.
Inongo kontradikziorik ez daukana PSE-EE da. Eneko Andueza bere burua lehendakariorde ziurtzat jotzen duenaren harrotasuna eta harrokeriaren arteko muga labankorrean ibili da kanpaina osoan, lotsagabeki aurreko jaurlaritzaren lana kritikatuz bere alderdia bertako partaidea izan ez balitz bezala. Balorazio positiboa egingo du, izan ere botoetan ez dagokion boterea eskuratuko du. PPren eta VOXen kanpainak, mezuak eta balorazioak Madrilera begira eginda daude, beraz ezer gutxi komentatzeko eta ia gauza bera gertatu da Ahal Dugu eta Sumarren jarduera epaitzeko garaian, euskal errealitatetik oso urrun emaitzetan antzeman den bezala.
Gure Tolosaldean, espero zen ezker abertzalearen garaipen zabala eta ia erabatekoa aipatzeaz gain bitxikeria batzuk ere suertatu ziren. Albiztur EH Bilduko itsasoak inguratzen duen EAJren irla bihurtu da, eskualdeko gotorleku sozialistan, Larraulen, gehiengo absolutoa duen alkatearen alderdiak 5 boto baino ez ditu eskuratu eta azkenik 2020an VOXi botoa eman zion Asteasuko herritarra desagertu egin zaigu oraingo honetan, agian herriz aldatuta, Tolosaldean VOXek ikaragarrizko igoera izan baitu, 115 bozka aurrekoan, 172 orain.
Beraz, laburbilduz, bozketan mugimendu batzuk egon badira ere, ez da gobernu aldaketarik aurreikusten eta orain arte bezala, euskal alderdi instituzionalaren agintaldiaren luzapena ikusiko dugu hurrengo lau urteetan. Ekainean hauteskunde europarrak izango ditugu, beste joko esparru bat, eta ez garrantzi gutxiagokoa.