Analisia

Larraul sozialista II

Erabiltzailearen aurpegia Ander Leon 2023ko mai. 31a, 07:58

Joan den igandeko hauteskundeetan, larrauldar bat herriko hautetsontzietan botoa ematen.

Larraulen, Kanan bezala, mirariak suertatzen dira. Galileako herrian, ezkontza baten ospakizunean ura ardo bihurtu zuen nazaretar batek, Gipuzkoakoan boto abertzaleak sozialista konstituzionalista bihurtu zituen bizkaitar batek. Nola da posible hori? Hau da mirari baten kontakizuna.

Larrauldar gehienak ez dira pisuetan bizi, hau da, jabeen komunitateak eta horiek sortarazten dituzten bilerak, liskarrak eta ezinegonak ez dituzte ezagutzen, eta beraz, gehienek ez dute inoiz finka-administratzaile profesional baten beharra izan. Edo agian bai.

Duela lau urte, 2019an, aurreko udal hauteskundeetan, Larraulen ezin izan zen herri zerrendarik osatu eta hauteskunde egunean PSE-EE izan zen aukeran zegoen zerrenda bakarra. 17 botoekin 7 zinegotziak lortuta, sozialistek herria kudeatzeari ekin zioten. 250 biztanle inguruko herria da Larraul, auzokide komunitate batzuk baino txikiagoa seguru, eta Arana andrea udala gobernatzen hasi zen, kanpotik, herritarrek kontratatutako finka-administratzailea balitz bezala. Arazoak ekiditea izaten da horrelako profesional bat kontratatzeko arrazoi nagusia, ez egotea egiteke, ez izatea beldur ardura noiz tokatuko zaidan edo zer egingo duen denok ezagutzen dugun bizilagun lerdo horrek. Hori guztia ez da gertatzen kanpoko figura batek eginbehar hori hartzen badu. Horrelako kasuetan administratzaileari ordaindu beharreko prezioa ekonomikoa izaten da, hilabeteroko kuota, baina udal bati buruz ari bagara ondorioak beste batzuk izaten dira, desafekzioa adibidez, baina ez nago seguru hori ondorioa ala arrazoia den.

Lau urte pasata, aurten, Tolosaldeko EAJ-k alkatetza (finkaren administrazioa) eskuratzeko aukera izango zuela iritzita, Larraulerako hautagaitza aurkeztea erabaki zuen, herritarrik gabeko zerrendarekin, noski. PSE-EEk orain arteko alkate andreak gidatutako paperetan larrauldar bat sartu zuen. Zein izan da bien arteko borrokaren emaitza? Erroldatutako boto-emaileek, udal hauteskundeen arloan, ondo baloratu dutela Arana andrearen lau urteko administrazio lan profesionala. Txukuna, eraginkorra eta aseptikoa izanik, larrauldar batzuek ideologiak existituko ez balira bezala bozkatu dute eta, ezustean, 55 botorekin garaipen itzela eman diete sozialistei. Pragmatismoa koherentziaren gainetik, ideologien heriotza. Horregatik, Tolosaldeko emaitzen mapa berdean irla gorri bat azaltzen da, Larrauli dagokiona, PSE-EEren finka gobernatzeko modua saritzen duena. Pozik azaldu zen Eneko Andueza Bilboko agerraldian Larraul sozialistek irabazitako herrien zerrendan kokatuz.

Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, berriz, norberaren ideia politikoen arabera bozkatzen dela onartzen badugu, emaitza oso ezberdinak azaldu ziren. Alderdi Sozialista 5 boto eskuratuta laugarren indarra izan zen, EH Bilduren (63), EAJren (27) eta Elkarrekin Podemosen (6) atzetik. Non geratu dira gainerako 50 udal boto emaile sozialisten paperak? Bada, batzuk (asko) EH Bilduren aldeko botoen kontaketan, aldundirako ezker abertzalea eta udalerako sozialista binomio berezia eta bitxia osatuz. Eta hor dago Larraulgo mirariaren azalpena, nola EH Bilduren aldeko botoak PSE-EE bezala kontatzen diren ondoko hautetsontzian, bati baino gehiagori begiak talo utziz.

Eskualde abertzalean bizi garela adierazten dute emaitzek behin eta berriz, Larraulgo anekdota salbu. Batzar Nagusietarako hauteskundeetan EH Bildu aise izan da garaile 28 herrietan, eta hori ez da marka makala. Ikusiko dugu gobernatzeko garaian zer eragina izango duen, eta batez ere, uste guztien arabera, uztailetik aurrera Espainia aldetik etorriko den eskuineko haizearen indarraren norabidea. Baina usteak, askotan erdi ustel suerta daitezke, mirariak ere gertatzen dira eta.

Ander Leon Nanclares
Historialari eta irakaslea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!