Dakizuenez, herri zerrenda aurrera ateratzeko saiakerak, publikoak zein pribatuak, ustelak izan dira eta maiatzaren 26ko Udal Hauteskundeetan aurkeztutako aukera bakarra zazpi ezezagunek, PSE-EEren izenean, osatutako hautagaitza izango da. Aurreko hauteskundeetan PSE-EEk 2-3 boto lortu izan ditu, bi salbuespenekin. 2015eko munizipaletan, Larraulgo Herritarrak taldeak aurkeztutako zerrendaren aurka hamabi larrosadun ukabilzale azaldu zirenez, azken legealdian alderdi sozialistak zinegotzi bat eduki du gure artean, Felix Asensio donostiarra. Bigarren goraldi sozialista, aurtengo apirileko orokorretan izan da, 7 boto eskuratu zituelarik, ohiko emaitzak hirukoiztuz. 184ko erroldatik 7, hala ere. Aukera politiko honen defendatzaileak izan dira Larraul gobernatzeko asmoa azaldu duten bakarrak.
Berria zabaldu zen egunean dei eta mezu ugari jaso nituen. Larrauldik gutxi batzuk, kanpotik gehienak. Harrituta zeuden batzuk, kezkatuta besteak, triste edo haserre gainontzekoak. Udalerri beraren izaera zalantzan jartzen zutenak ere egon ziren, herritarrok gidatu nahi ez dugun udalak zertarako balio duen galdetuz eta mankomunitateko aukera aztertu behar zela aipatuz.
Joaquin Costa, pasa den mendeko politikari eregenerazionista aragoiarra, oso kezkatuta azaldu ohi zen herriaren ezjakintasunak ekartzen zuen pasibitatearekin. Bere ustez, herriak ez erabakitzeak itsumena ekartzen du, eta itsuek lazarilloa behar izaten dute edonora joateko eta beti egoten da zugatik erabaki nahi duena itsumutilarena egiteko prest. Zalantza zera da, bidea aukeratzeko garaian, nondik joango da itsu dagoen herria? Berari komeni zaion bidetik edo gidariari komeni zaionetik?
Ez dut esan nahi gaur egun Larraulek hurrengo lau urtetarako aurrean duen etorkizun bereziaren arrazoia ezjakintasuna denik, baina bai erosotasunak ekarritako pasibitatea. Eta tamalez, Larraul, datorkigun gizartearen adibidea baino ez da. Konpromiso falta ikaragarria izan da, elkartasuna sare sozialetan like emanez adierazten da eta parte-hartzea tabernetan edo elkartean kritikak botatzea izaten da. Hori bai, ezer aportatu gabe, ardurarik hartu gabe eta ahal balitz, bakoitza bere etxeko sofatik, ahalik eta esfortzu txikiena egiten baina kontzientzia garbi edukitzeko. Pasibitateak topea jo duelakoan nago.
Beraz, Larraulek hauteskundeak burutu baino lehen bere iritzia eman du, kanpotik goberna dezaten nahi duela ozenki esanez. Itsumutila behar dugu eta sozialistak zeregin horretarako prest azaldu dira. Orain galderak hasten dira: Zenbat boto behar dituzte? Gehienok zuri bozkatuz gero zer gertatuko da? Boto gutxirekin PSE-EEk alkatetza hartuko al du edo uko egingo dio? Nire ustez, bigarren mailako galderak dira hauek. Berdin dit zeinek zuzenduko duen Larraul hurrengo lau urtetan, alkate sozialista batek edo Foru Aldundiak izendatutako gestora batek. Dakidan gauza bakarra da Donostiako Prim kaleko eraikineko sozialistek, Larraul non dagoen ez dakitenek, gure herriaren etorkizunean bertan erroldatutakook baino interes handiagoa erakutsi dutela. Eta hori oso tristea da.